Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egingo da Interneteko postontzi seguruei buruzko nazioarteko lehenengo bilera, eta bertara etorriko dira puntako 10 herrialde
– Kongresua irekitzeko Danimarkako e-Boks esperientzia aukeratu da, hiritar guzti-guztiak administrazioarekin konektatzen dituen proiektua.
– Euskadiko esperientzia Metaposta deitzen da; dagoeneko 50.000 erabiltzaile ditu eta e-Boks daniarra du oinarritzat.
– Proiektuen jabeek berek aurkeztuko dituzte postontzi horietatik eratorritako zerbitzuak eta Alemanian, Txekiar Errepublikan, Frantzian, Suitzan, Suedian, Belgikan, Portugalen eta Holandan dituzten aplikazioak.
– SPRIk antolatutako topaketa hau ekainaren 17an egingo da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean.
– Programatutako hitzaldiak bereziki interesgarriak izango dira enpresetako administrazio, antolakuntza, I+G eta berrikuntza sailentzat.
Ekainaren 17an Interneteko postontzi seguru eta kutxa gotorrei buruzko nazioarteko lehenengo kogresua egingo da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak antolatutako topaketa honen helburua da postontzi horiek martxan jartzeko prozesuetan berritzaileenak diren herrialdeen esperientziak ezagutaraztea eta horrelako zerbitzuak eskainiz lortzen diren aplikazio eta onurak aurkeztea. Arantxa Tapia sailburuaren inaugurazio hitzaldiaren ostean, Batzorde Europarreko ordezkariak irekiko du kongresua Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 910 araudiari buruzko hitzaldi batekin. Identifikazio elektronikoari eta salerosketa elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzko (eIDAS) araudi horren bidez Europar Batasun osoan harmonizatzen dira sinadura elektronikoko zerbitzuak, denbora-zigilatzea eta jakinarazpen elektronikoak.
“Interneteko Postontzi Seguru eta Kutxa Gotorrei buruzko Nazioarteko I. Kongresuan” bertatik bertara aurkeztuko dira Europan martxan jarritako esperientzia arrakastatsuenak, batez ere proiektua gizartean inplementatzeko modua erakusten dutenak. Kasu gehienak administrazioek bultzatutakoak izan dira. Eta, horrezaz gain, saio bat egingo da elkarrekin bateratzeko Interneteko kutxa gotor eta postontziek ematen dituzten zerbitzuak eta aplikazio sektorialak.
Programatutako hitzaldien artean aipatzekoa da Danimarkako e-Boks kasua, Interneteko postontzi seguruen nazioarteko erreferentzia esanguratsuena. Danimarkako Legebiltzarrak aho-batez erabaki zuen 2014. urtearen amaieratik aurrera Danimarkako administrazio publikoaren eta hiritar guztien arteko harremanak prozedura digitalen bitartez baino ez zirela garatuko. Eta e-Boks sistema da horretarako hautatu duten euskarria. Esan bezala, e-Boks da Donostiako kongresuan programatutako kasu garrantzitsuenetako bat, berau delako Euskadik Metaposta ekimenaren funtzionaltasunak definitzeko eta garatzeko erabili duen eredua.
Metaposta, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Interneteko postontzi segurua, Estatuan martxan dagoen sistema bakarra da. Metapostak topaketa honen bidez lortu nahi duen helburuetako bat da sistema horrek sektore anitzetan izan ditzakeen aplikazioak erakustea: esaterako, justizian, hezkuntzan, osasunean, industrian, kulturan edota kirolean, betiere Europan errotutako esperientzien ezagutzatik abiatuta.
e-Boks eta Metaposta kasuez gain, kongresuan zortzi sistema desberdin aztertuko dira. Inplementazio estrategien arloan honako hauek aurkeztuko dira: Data Box (Txekiar Errepublika), Viactt (Portugal), Mina Meddelanden (Suedia), MijnOverheid (Holanda) eta De-mail (Alemania). Interneteko Postontzi Seguru eta Kutxa Gotorren Aplikazio Sektorialei dagokienez, aztergai izango dira: Frantziako Ma Preuve: kutxa gotorren erabilpena jabetza intelektuala babesteko; Suitzako Incamail: erabilpen sektorialetako esperientzia anitzak; Belgikako Certipost: enpresako dokumentuen trukea; eta Euskadiko Metaposta: enpresetako dokumentuen zaintza legala eta faktura elektronikoa.
Kongresuan aztergai izango dute baita ere Internetek, posta elektronikoak eta komunikazioko aplikazio mugikorrek mundu osoan izan dituzten eraginak, esaterako, posta klasikoaren jaitsiera, bidalitako gutunen bolumena etengabe ari baita murrizten (urtean %5) Europa osoan, gainera, ziurrenik Interneteko postontzi seguruek eta kutxa gotorrek ordezkatuko dute pixkanaka.
Aurkezpen gehienetan erakutsiko da nolako aplikazio praktikoak dituzten sistemek hainbat arlotan, hala nola I+Gren emaitzen babesean, faktura elektronikoan edota dokumentuen zaintza legal ziurtatuan. Hala, hitzaldiak bereziki interesgarriak izango dira enpresetako administrazio, antolakuntza, I+G eta berrikuntza sailentzat.
Etorkizunari begira, seguru esan dezakegu gure bizitzak digitalizatu egingo direla. Horregatik, horrelako sistemak gero eta garrantzitsuagoak dira, interes orokorrekoak eta inpaktu handikoak (High Impact Services) baitira, bai Informazio Gizartea eta eGoverment bultzatzeko trakzio elementuak direlako, eta bai aplikazio sektorialen euskarri eta baliabide teknologikoen (nortasun digitala, sinadura elektronikoko zerbitzuak eta aplikazioen arteko operagarritasuna) bultzatzaile direlako. Administrazio publikoen, hiritarren eta enpresen arteko harreman digitalaren aurrerapenei dagokioenez, Europa Iparraldeko esperientziek zertzelada batzuk eman diezazkigukete gero eta hurbilago dagoen etorkizunaz, eta Kongresu honetan etorkizun horretara hurbilduko gara modu praktikoan.
Kongresua Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatu eta antolatu du SPRIren bitartez eta Metaposta ekimenaren laguntzarekin. Ekainaren 17an egingo da Donostiako Zientzia eta Teknologia Parkeko Auditorioan. Goizeko 9:00etan hasiko da eta eguerdiko 14:00etan amaitu.