Gramophonek ‘Hileko orkestra’ bezala nabarmendu du Euskadiko Orkestra
Musika klasikoko aldizkari ospetsuak Euskadiko Orkestra nabarmendu du urtarrileko alean orain arte Estatuko beste ezein orkestrak jaso ez duen aintzatespena emanez
Euskadiko Orkestrak Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean du egoitza
Ravel eta Americascapes albumek jasotako kritika bikainen ondoren, Euskadiko Orkestra ‘Hileko orkestra’ bezala nabarmendu dute Gramophone musika klasikoko aldizkari ospetsuaren 2022ko urtarrileko edizioan. Andrew Mellorrek honako hau dio aipamen horretan: “Euskadiko Orkestra kalitatezko kontzertuak eskaintzeko baino zerbait gehiagorako existitzen da”, herrialde-orkestra gisa euskal kulturaren hedapen eta sustapenean jokatzen duen rolari erreferentzia eginez, eta gaineratu du: “Edozein dela ere bere DNA musikala, talde moderno eta moldakorra da“. Horrela, Euskadiko Orkestra aintzatespen hau lortu duen Espainiako lehen taldea da.
Argitalpenak Euskadiko Orkestrak bere lurralde zabalean kontzertu ugari eskaintzeko egiten duen ahalegina nabarmentzen du, baita bertan duen publiko leiala eta euskal musikaren erregistro eta hedapenean egiten duen lana ere. Horrez gain, azpimarratzen du Euskadiko Orkestra izan zela “Europako lehenengo orkestretako bat pandemian eszenatokietara itzultzeko irtenbideak bilatzen”.
‘Hileko orkestra’-ren errekonozimendu hau, gainera, Robert Treviñoren zuzendaritzapean eta Ondine diskoetxearekin grabatutako bi disko arrakastatsuren argitalpenaren testuinguruan ulertu behar da. Lehenengoa Ravel izan zen, sona handiko argitalpenetan aipamen ugari lortu zituena: ‘Eguneko diskoa’ Radio France Musique-n; ‘Kritikaren hautaketa’ Record Geijutsu aldizkari japoniarrean; ‘Hileko grabazioa’ Australiako arte-aldizkari nagusi Limelight-en; ‘Asteko grabazioa’ Australiako ABC Classic irratian; eta ‘Musika klasikoko disko berri onenen’ artean jarri zuen Apple Music-ek. Azken asteotan Americascapes-ekin antzeko aintzatespen-uholdea iritsi da. Bereziki ezagunak ez diren konpositore estatubatuarren obrekin Robert Treviñok osatutako errepertorioa biltzen duen disko honek izendapen ugari izan ditu: ‘Editorearen hautaketa’ eta ‘Bereziki gomendatutako diskoa’ Gramophone-n; ‘Urteko grabazioa’ Presto Music-en; ‘Editorearen hautaketa’ Limelight-en; eta bost izar eman dizkio Classics-ek. The New Yorker-ek ‘bikain’-tzat jo du; eta MusicWeb International-ek aitortu du ‘2021eko musika klasikoko CD onenetako eta berezienetako bat’ dela.
Euskadiko Orkestraren zuzendari titular Robert Treviñoren hitzetan: “Gramophone-n editorearen hautaketa gisa izendatua izatea ohore handia da, eta orkestrak talde gisa errekonozimendua jasotzea zoragarria da benetan. Ordezkatzen duen nazioarentzat garrantzi handia duen orkestra da hau eta nik, gertutik ezagutzen dudanez, baieztatu dezaket nire musika-familian bihurtu dela pertsona-talde zoragarri hau. Azken bi album horiek gure arteko harreman bikain hori bere adierazpen gorenean erakutsi dute. Americascapes-ekin, estatubatuar gisa, orkestrari nire lurraldeko musika garrantzitsua eskaini nahi izan diot, zoritxarrez oso ezaguna ez dena. Eta orkestrak aukera eman dit Ravel, talde honen odolean dagoen konpositorea, hurbilagotik ezagutzeko. Poztasun osoz iragarri nahi dizuet, gainera, lehen disko arrakastatsu baten ondoren, Ravelen orkestra-lanen bigarren bilduma bat osatzeko grabazio-saioak egin ditugula eta orkestra eta ni lan hau publikoarekin partekatzeko irrikan gaudela”.
Bestalde, Oriol Roch Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusiak honako hau adierazi du: “Espainiako orkestrei ez zaie erraza egiten nazioarteko arreta lortzea eta, beraz, ez dugu arinki hartzen Gramophone eta beste hedabide batzuen aintzatespen zoragarri hauen ohorea. Inspirazio eta erabakitasun handiagoa izatera bultzatzen gaitu, baita horrelako garai zailetan ere, eta Euskal Herria munduaren aurrean ordezkatzera bultzatzen gaitu, ahal dugun ondoen musika ona interpretatuz”.