GURATRANS europar proiektuaren bigarren mintegia hartu du Parkeak
- 80 bat pertsonak, gehienak ibaien kudeaketari lotutako teknikariak, biodibertsitate handiagoa bultzatu eta ibaien ekosistemen funtzionamendua hobetzeko esperientziak bateratzeko egin den mintegi batean hartu dute parte.
Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkea, GURATRANS europar proiektuaren bigarren mintegiaren agertoki izan da; Pirinioen mendebaldeko muturreko ibaien kudeaketa integral eta parte hartzailea lortzeko asmoa duen mintegia hain zuzen ere. Proiektuan parte hartzen duten erakundeetako arduradunek gure ibaien iraunkortasuna areagotzeko praktika onen adibide gisa garatu dituzten hainbat lanen berri eman dute.
Ibaien ubideek eta ibaiertzek funtsezko zeregina dute ibaietako ekosistemen funtzionamenduari dagokionez. Gizakien esku-hartzeek, ordea, habitat horiek kaltetu dituzte eta hainbat arazo ekarri ere bai, esaterako espezie inbaditzaileen hedapena, ibaien kutsadura edo ibaien zatiketa, presen moduko oztopoengatik. Egoera horrengatik kezkatuta, erakunde batzuek kalteak arintzeko eta ibaien kudeaketa hobetzeko ekintzak egin dituzte, bai eta proiektuak planteatu ere. Proiektu horietako bat dugu GURATRANS, esperientziak eta ekintza mota horien emaitzak partekatzeko foroa.
Mintegian, proiektu honetako lantaldea osatzen duten erakundeetako arduradunek hartu dute parte, hau da, erakunde hauetako arduradunek: Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailari atxikita dagoen URA-Uraren Euskal Agentzia , Gipuzkoako Foru Aldundia, HAZI Fundazioa, CRANA Nafarroako Ingurumen Baliabideen Zentroa, Nafarroako Gobernua, Agglomération Sud Pays Basque erakundea eta Adour-Garonne Ur Agentzia. Hitzordua Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoen zuzendari Ainhoa Iraolak eta URA erakundearen Ekialdeko Kantaurialdeko arroen Lurralde Bulegoko buru Jon Ander Arrietak inauguratu dute, eta bertan 80 bat pertsona egon dira, gehienak uraren kudeaketa lanetan diharduten teknikariak.
Gipuzkoako ibaien ubideak hobetzeko jarduketak
Arturo Elosegik, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekologiako katedradunak, Gipuzkoako ibaien ubideetan kutsaduraren arazoa arindu, ubideen konplexutasuna areagotu eta arrain populazioen gainbehera ekiditeko egin diren hainbat jarduketa azaldu die bertaratu direnei; izan ere, horiek dira gure ibaiek dituzten arazo nagusietako batzuk.
URA-Uraren Euskal Agentziaren Ekialdeko Kantaurialdeko Arroetako Obra Hidraulikoen arduradunak, Eduardo Sanchok, URA erakundeak ibaien egoera ekologikoa hobetzeko asmoz garatzen ari den jardute ildoetako bat aurkeztu du, hain zuzen ere, ubideak uraren kalitatearen ikuspegitik zein ibai bazterren egoeraren ikuspegitik lehengoratzea helburu duena. Ubideak lehengoratzeko dauden tekniken gaineko sarrera bat egin ondoren, mota horretako obretan jarraitzen diren irizpideak azaldu eta Gipuzkoan lehengoratze lan garrantzitsuenen berri eman du. Adibide gisa, oso aldatuta dauden ibai ubideetan egindako lanak azaldu ditu nagusiki, kasu bakoitzean erabilitako tekniken xehetasunak emanda eta ur masak lehengoratzeko lanekin lortzen ari diren emaitza itxaropentsuak jakinarazita.
Patxi Tames Gipuzkoako Foru Aldundiko Baliabide Hidraulikoen eta Geotekniaren buruak, berriz, oztopoen iragazkortzearen arazoaz hitz egin du batez ere; izan ere, Gipuzkoako lurralde historikoan 700 hesi baino gehiago daude ibaietan, eta horietako asko arrai espezientzat iraganezinak dira. Urtegi eta presa txiki horiek Gipuzkoako ibaiek beraien morfologian izan dituzten aldaketa nagusietakoak dira; hori dela-eta Foru Aldundiak hainbat ekintza gauzatu behar izan du, arazo mota bakoitzaren arabera: batzuetan oztopoak kendu egin dira (Inturiako presaren kasuan, non lanak GURATRANS proiektu honen baitan egin baitira), eta, beste batzuetan, arrapalak, zeharkako dikeak, alboko ubideak edo azpilak mailaka).
Beste zonalde batzuetako esperientziak
Eva Garcia Balaguerrek, Nafarrroako Gobernuaren menpe dagoen CRANA fundaziokoak, Bidasoako uraren kudeaketa integralaz hitz egin du eta, ondoren, GANASAko Fernando Mendozari eman zaio hitza. Azken honek Europako Ibai Lurraldeen gaineko Proiektuko ekintzak laburbildu ditu. Proiektu horri esker egin da Bidasoa lehengoratzeko plana. EKOLUR enpresako Carolina Boixek, plan hori idatzi duenak, planaren laburpena egin du gaurko mintegian.
Agglomération Sud Pays Basque erakundea ere GURATRANS proiektuko kidea da eta bere izenean Caroline Hueveteauk hitz egin du, Ingurune Naturalen alorrean erakundeak duen arduradunak, alegia. Carolinek prebentzio gisako esku-hartzeen bitartez ibaien funtzionamendu optimoa eta iraunkorra aurkitzeko helburuarekin ibai ertzen 600 kilometrotan zehar garatzen ari diren lana kontatu du. Lan horiekin posible da ibai bazterrek eskaintzen dituzten zerbitzu guztiak mailak berreskuratzea: egonkortasuna, kanpo ubideen erregulazioa, eta ur ingurunearen eta igarobide biologikoaren babesa.
Hitzaldi hauen bitartez, posible izan da ezagutzea eta bateratzea hainbat lurraldek gure ibaiek dituzten arazoak arintzeko egiten ari direna; izan ere, hori da POCTEFA programan jasota dagoen eta FEDER Eskualde Garapenerako Europako Fondoaren baliabideekin finantzatuta dagoen GURATRANS proiektuaren helburu nagusia.