H.E.C. laukotea izango da protagonista larunbat honetako Miramongo Matinéean

Euskadiko Orkestraren hari-sekzioko hiru musikariz eta pianojole batez osatutako taldeak Saint-Saëns eta Bonisen obra bana interpretatuko du larunbat honetan, otsailak 22, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan
Larunbat honetan, otsailak 22, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen 24/25 Denboraldiko hurrengo hitzordua izango da. Bertan, H.E.C. laukoteak ‘Erromantizismo frantsesa’ izeneko kontzertua eskainiko du. Taldeko lau interpreteetatik hiru Euskadiko Orkestraren kideak dira: Maialen Rezabal (biolina), Monika Mazur (biola) eta Beatriz Linares (biolontxeloa). Amaia Zipitriak osatuko du taldea pianoan.
Camille Saint-Saëns XIX. mendearen bigarren erdiko eta XX. mendearen hasierako musikagile eta pianista frantziar ospetsua izan zen. Orkestrazioko maisua izanik, kontserbadore xamarra bazen ere, berrikuntza ugari ekarri zituen, bereziki piano-musikarako. H.E.C. taldeak Matinée honetan interpretatuko duen Pianodun 1. Kuartetoa konpositorearen piano, biolin, biola eta biolontxelorako lehen lanetako bat izan zen. Lan goiztiarra da bere ibilbidean, 1853an idatzia 18 urte zituela. Hala ere, argitaratu beharrean, partitura Parisko Kontserbatorioko liburutegiari eman zion, eta 1992ra arte ez zen publikatu.
Bestalde, Mel Bonis emakume musikagile frantses talentuduna izan zen, denbora luzez gutxietsia, beste emakume egile garaikide asko bezala. Bere musikak Frantziako mugimendu erromantikoaren eta inpresionistaren arteko lotura adierazten du. Musikarekiko erakutsi zuen interes goiztiarra alde batera uztera bultzatu nahi izan zuten gurasoek baina berak pianoa bere kabuz jotzen ikasi zuen. Azkenean klase pribatuak jaso zituenean, lagun batek Cesar Francki aurkeztu zion, eta Franck hain txundituta geratu zen bere trebetasunekin, ezen Parisko Kontserbatorioan sartzen lagundu baitzion, orduan gizonentzako bakarrik zena. Han sari ugari irabazi zituen eta konposizioan promesa handia zela erakutsi zuen. 1905ean konposatu zuen Pianodun 1. Kuartetoa, eta arrakasta handiz estreinatu zuen, bera pianoan zela, hari-interprete garrantzitsuek lagunduta. Hala ere, obra ahaztu egin zen Lehen Mundu Gerraren ondoren.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, orkestraren egoitzako leihatilan bertan ere eros ahal izango dira kontzertuaren egunean, leku libreak geratzen badira.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko du. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.