Hamaika euskal erakundek bat egin dute hirietako komunikazioak eta zerbitzuak kudeatzeko sistema berritzailea garatu eta merkaturatzeko

Araba

  • E-Menhir izendapenarekin, proiektuak 2014-2016 epealdian smart cities hirietarako teknologia berriak garatuko ditu, argiztapen publikora, hiri-espazioen erabilera ikuskatzera, espazio publikoen mantentze-lanetara, kutsadura akustikoaren eta atmosferikoaren mapak egitera, herritarrekin elkarreragiteko gailu mugikorretara eta hiri-hondakinen eta birziklapenaren kudeaketara zuzenduta.
  • Partzuergoko kideek azpimarratu dute proiektu garrantzitsua dela, enpresa-elkarteak “negozio-ildo berriak garatuko dituelako, erakunde parte-hartzaileen teknologiak konbinatuz eta nazioarteko merkatuetan ere lehiatzea ahalbidetuko duen elkarlanaren bitartez”.

Hamaika euskal erakundek osatzen dute partzuergoa, zenbait udalekin eta tokiko erakunderekin batera, eta e-Menhir proiektuan lanean hasi dira jada. Ekimenak hirietara bideratutako sistema berria garatu eta merkaturatu nahi du.

Emaitza smart cities hirien barnean sartzen da, eta sentsorizazio-teknologiak, komunikazioak eta datu-ustiapena barne hartzen ditu. Helburua da udal-zerbitzuen eraginkortasuna hobetzea eta zerbitzu eta aplikazio berriak sortzea. Zerbitzu horietako batzuk mugikortasunarekin lotuta daude, hala nola pertsonen, ibilgailuen eta aparkalekuen zenbaketa.  Sistemaren instalazioa erraza, modularra eta hedagarria izango da, eta behin garatuta, asmoa da Udalek edo udal-zerbitzuak ematen dituzten enpresek IaaS (azpiegiturak zerbitzu gisa) salmenta-ereduaren pean erabili ahal izatea.

Hispavistak koordinatzen du proiektua, eta Euskaltelek, Masermic enpresak, Dinycon ingeniaritzak, STT Ingenieria y Sistemas ingeniaritzak, Consultoria Luminica aholkularitzak, IK4-Tekniker zentroak, GAIA-TEIC Klusterrak, Ibermatica Berrikuntza Institutuak eta Hispavista Laborategiak ere parte hartzen dute.Halaber, Bilboko eta Zamudioko Udalek, CIMUBISAk (Bilboko Zentro Informatikoa) eta iPARKSA entitateak ere elkarlanean dihardute.

Partzuegoko kideek adierazi duten bezala, proiektuaren jatorria da udalen, sektoreko enpresen eta GAIA Klusterraren nahia negozio-ildo berriak aztertzeko, “hibridazioa” deritzon kontzeptua garatuz, hau da, dauden teknologiak konbinatzea. Zentzu horretan, azpimarratu dute garrantzitsua dela gaitasun teknologiko osagarriak bateratzea “Smart City kontzeptuak hirietan eragindako eraldaketari esker sortu diren aukerak aprobetxatuz”.

Horrela, partzuergoak nabarmendu du e-Menhir proiektuak “euskal enpresei abagunea eskainiko diela hazkunde-gaitasun handia duen merkatu berri batean sartzeko eta enpresa parte-hartzaileentzako negozio-ildo berriak garatzeko”. Halaber, adierazi dute “enpresen arteko lankidetza funtsezkoa izango dela horretarako”.

Aurreikusitako emaitzak

Hala, e-Menhir proiektuaren markoan, smart cities hirietarako teknologia berriak lantzen ari dira, hainbat helbururekin: argiztapen publikoa, hiri-espazioen erabilera ikuskatzea, espazio publikoen mantentze-lanak, kutsadura akustikoaren eta atmosferikoaren mapak egitea, herritarrekin elkarreragiteko gailu mugikorrak eta hiri-hondakinak eta birziklapena kudeatzea.

Lortu nahi diren onuren artean, azpimarratzekoak dira:  energia eta dirua aurreztea argiztapen publikoaren kudeaketan eta argiztapenaren mantentze-lanak optimizatzea, herritarren hiri-bizitzaren kalitatea hobetzea, zaborren bilketaren eta birziklapenaren logistika optimizatzea, kutsadura akustikoko mapak egitea denbora errealean, eta herritarrekin elkarreraginez, espazio publikoei buruzko informazioa edukitzea denbora errealean, hala nola autoentzat eskuragarri dauden aparkalekuak.

Horrez gain, garatutako produktuak berehalako eragina izango du energiaren eta CO2 igorpenen murrizketan, argiztapenaren kudeaketa eta kontrola eta ibilgailuen trafikoa hobetuko duelako.

Partekatu

Beste berri batzuk