Hegazti lumek nekazaritzaren zirkularitatea sustatuko dute
UNLOCK proiektua, CIDETEC Surface Engineering-ek koordinatua, lanean da hegazti-industriako hondakinak oinarri biologikodun produktu bilakatzeko, eta, ondoren, nekazaritza-aplikazioetara bideratzeko
Europako hegazti-sektoreak urtean 3,6 milioi tona luma-hondakin sortzen ditu, eta horietatik % 25 inguru jasotzen dira bereizita, elikagai- eta ongarri-xedeetarako balioa gehitzeko. Maiatzaren 1ean Europako funtsekin finantzaturiko lankidetza-proiektu batek (UNLOCK) bestelako balio bat emango dio industria horretatik eratorritako hondakin-fluxuari. Hain justu, lumen % 90 inguru keratina da, eta proteina baliotsu hori material biodegradagarriak sortzeko iturri gisa baliatu daiteke.
«Europar Batasunaren Bioekonomia Estrategiaren ildotik, UNLOCK proiektuak balioa emango die oilasko-lumei, eta balio erantsi handiko produktuak fabrikatu ahal izango dira nekazaritza-aplikazioetarako. Gure soluzioari esker, murriztu egingo dira hegazti-sektoreak sorturiko hondakin horiek eta, aldi berean, jatorri berriztagarria duten produktuak baliatu ahal izango dira nekazaritzan, egun baliatzen diren jatorri fosileko produktuen tokian», nabarmendu du Sarah Montes CIDETEC Surface Engineeringo kideak eta UNLOCK proiektuaren koordinatzaileak.
Bioindustriarako Enpresa Erkideak (BBI JU, Bio-based Industries Joint Undertaking) finantzatuko du lau urterako egitasmo hau. Hala, UNLOCK proiektuko bazkideek balio-kate berritzaileak diseinatuko dituzte, jasangarriak ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik, lumetan oinarritutako bioekonomia sortzeko. Lumei balioa emateko, lau prozesu aurreikusten dira, lortu nahi den amaierako produktuaren arabera: tratamendu mekanikoa, lurrun-eztanda, mikrobio-hartzidura eta hidrolisi kimikoa.
Oinarri biologikodun proiektu horiek nekazaritza-sektorearen premietara egokituak izango dira, eta hazi-azpilak, geotestil ehundu gabeak, lur-estalkietarako filmak eta apar hidroponikoak sortuko dira. Horretaz gainera, material berritzaile horietako keratinak ingurumen-balio osagarriak ekarriko ditu produktu-bizitzaren amaieran: keratina oinarri duten proiektuek ez dute sortuko batere hondakinik eta biodegradagarritasun kontrolatua ahalbidetuko dute. Horretaz gainera, lurzoruak aberastuko dituzte nitrogeno organikoarekin.
Ekimen desafiatzaile eta esperantzagarri honi heltzeko, hamabost bazkide europarrek hasierako bilera ofiziala egin zuten online apirilaren 28an. Horren bidez, agerian geratu ziren UNLOCK proiektuan diharduen partzuergoaren oreka eta indarra, zeinak balio-kate osoa biltzen baitu, hala nola lehengaiak eta hornidura-katea aztertzea, baina baita ekipamenduak, prozesuak, amaierako produktua eta jasangarritasuna ebaluatzea ere.
Hegazti-produkzio tradizionalak sistema zirkular eta jasangarri izateko bidea hasi berria izanik ere, proiektuaren amaieran bi biofindegi komertzial egongo dira martxan, lehenbizikoak beren alorrean.
KaRMA2020 egitasmoak izaniko arrakasta oinarri harturik, UNLOCK proiektuak hainbat urrats egin nahi ditu aurrera, Europan nekazaritza-sistema jasangarriagoa lortzeko.
UNLOCK proiektuak Europar Batasunaren Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza programaren dirulaguntza jaso du (5 milioi eurokoa), 101023306 akordioaren bidez. 2021eko maiatzaren 1ean hasi zen ofizialki, eta 2025eko apirilera arte egongo da martxan.