Histocell-ek bere kapitala zabaldu du entzute oneko bazkideak sartzearekin batera
Histocell terapia zelularreko euskal enpresa bioteknologikoak aurtengo azkeneko seihilekoan hiru milioi euroko kapital-zabalkuntza burutu du eta horri esker bere I+G sustatu ahal izango du hurrengo lau urteotan.
Histocell-en bazkide berriek kapital ekarpen nabarmenaz gain, balio erantsi handia ematen diote konpainiari, dela osasun eta biofarmaziaren sektoreko konpainia aitortuak izateagatik dela Espainiako enpresa- eta finantza-munduan duten eskarmentu zabalarengatik. Gainera, “gure eskaintzak izan duen harrera onak Histocell-ek Espainiako biofarmaziaren sektoreko enpresaburu eta enpresen artean sortzen duen konfiantza eta jasotako laguntzaren isla dira” nabarmendu du Julio Font-ek, Histocell barne hartzen duen Noray Biosciences Group (Noray BG) taldeko presidenteak.
Akziodun berrien artean ondokoak nabarmentzen dira: Igualatorio Médico Quirúrgico-a (IMQ), Histocell-en akzionista bilakatzearekin batera osasunarekin eta mendekotasunarekin loturiko sektoreen eragile aktiboa izateko hartutako erabakia erakutsi duena; SPRIko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa eta enpresa- eta finantza-sektoreko inbertsiogile pribatuak, hala nola, Erictel taldea edo Panda Software-ko sortzaile Mikel Urizarbarrena. Akziodun berrien artean banatzen da enpresaren kapital sozialaren %23,8; beraz, konpainia Noray BG taldearen esku dago batik bat.
Histocell-eko kudeatzaileek zabalkuntza-prozesua kanpoko kudeatzaileen laguntzarik gabe gauzatu dute eta akziodun hauek eta beste batzuk sartu nahi izan dituzte kapitala ez ezik, konpainiari balio erantsia eman ahal izateko xedearekin. Julio Font Noray BG taldeko presidentearen arabera, “bazkide berriak konpainian sartu dira gurekin batera epe luze eta ertainera I+G gara dadin. Gure helburua fase klinikoetan garatzen ari garen hezurren eta artikulazioen birsorkuntzarako produktuetako bi jartzea da”.