Hizkuntzak ulertzeko garaian ortografiak duen eragina

Albisteak, Gipuzkoa

BCBLk gidaturiko ikerlan baten arabera, ortografiaren ezagutzak eragina du euskara eta gaztelaniadun elebidunek hizkuntzak hautemateko garaian

Ikerketa honek lehen aldiz erakutsi du egundoko garrantzia duela ortografiak haurtzaroan (irakurtzen eta idazten ikasi aurretik) bi hizkuntza hauek ikasi zituzten hiztunek hizkuntza bat hautematean

Zer da ortografia? HIzkuntza baten idazkera erregulatzen duen arau-sorta? Idazteko modu zuzena? Ahozko hitzaren irudikapen grafikoa? Bada, horrez gain, ortografiak elebidunek hizkuntza bat hautemateko modua birmoldatzeko gaitasuna du, baita haurtzaroan zehar kode linguistikoa eskuratu duten hiztunen kasuan ere, irakurtzen eta idazten ikasi baino lehenago hitz egiten ikasi zutenak.

Aipatutakoa da Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL)-k gidatutako ikerlan baten ondorio nagusia, Cambridgeko Unibertsitateko argitalpen zerbitzuak (Cambridge University Press) argitaratu berri duena.

Gainera, ikerlanaren beste ondorioetako bat zera da: ortografiak jaiotzatik elebidun direnen zein elebidun goiztiarren hizkuntzen hautematean egundoko garrantzia badu ere, hizkuntzaren ekoizpenean, hots, hizkeran, arau ortografikoen ezagutzak ez du eraginik.

“Ikerketa honekin euskara eta gaztelaniazko elebidun goiztiarretan ortografiaren ezagutzak hizketaren pertzepzio eta ekoizpenean eragina duenetz  aztertu dugu. Euskara eta gaztelaniazko zenbait letra berdinak izan arren ahoskera ezberdina dutela kontuan hartuz, `z´ kasu, frogatu nahi izan genuen ea `z´ gaztelaniaz ahoskatuta zegoen hitzetan euskarazko hitzak identifikatzeko gai ziren ala ez. Ariketa berdina errepikatu genuen baina kasu honetan ahoskera akatsek ez zuten gaztelaniazko ortografiarekin loturarik. Horrez gain, ikerlanean aurkeztutako hitzak gaizki ahoskatzen zituzten ere jakin nahi genuen”, ziurtatu du Antje Stoehrrek, ikerketa honen arduraduna den BCBLko ikerlariak.

Ikerlanak ondorioztatu duenaren arabera, euskara eta gaztelaniazko elebidun goiztiarrek gaztelaniarekin loturiko ahoskera akatsak onartzen dituzte, bestela esanda, hitza euskal berba bezala identifikatzen dute hau euskaraz ahoskatu beharrean gaztelaniazko ahoskerarekin entzunagatik ere. Aitzitik, ahoskera akatsak gaztelanarekin zerikusirik ez zuen kasuetan, korrelazio hori ez zen hain erraz gertatzen. Gainera, garbi geratu zen gaztelaniatik datozen ahoskera akatsak ez dituztela errepikatzen euskaraz hiz egiterako orduan.

Ikerlan honen emaitzek elebidunek hizkuntzak hautematean ortografiaren ezagutzak duen eragina agerian utzi dute eta, lehen aldiz erakutsi dute ortografiak irakurtzen eta idazten ikasi baino askoz lehenago eskuratutako hizkuntzen hizketaren hautematean eragiten duela.

“Jakina zen heldutan atzerriko hizkuntza bat ikastean ohikoa dela jatorri ortografikoa duten ulermen eta ahoskera akatsak egitea. Ingelesa heldutan ikasten duten gaztelaniazko hiztunek, esaterako, mutuak diren letrak ahoskatzen dituzte, `talk´ hitzean `l´ adibidez. Elebidun goiztiarretan, ordea, ez genekien ortografiak ere eragina zuen hizketaren hautemate eta ekoizpenean. Gure ikerlanak lehenbiziko aldiz erakutsi du ezagutza ortografikoak eragina duela irakurtzen eta idazten ikasi aurretik eskuratutako hizkuntzen hizketaren hautematean, baina ez da berdina gertatzen hizkuntzaren ekoizpenean”, gehitu du Clara Martinek, BCBLko  Ikerbasque ikertzaileak.

BCBLko ikerlari-taldeak 30 euskara-gaztelania elebidunen parte-hartze bolutarioari esker burutu zuen ikerketa. Partaideek euskarazko entzutezko ulermenezko ariketak burutu zituzten. Bertan zuzen ahoskatutako euskarazko hitzak zein `z´ letra gaztelaniazko ahoskerarekin esandako hitzak entzun zituzten. Gainera, ozenki irakurri behar zituzten `z´ letra zuten euskara eta gaztelaniazko hitzak.

Ikerlana Eusko Jaurlaritzak, Estatuko Ikerketa Agentziak, EB-eko Horizonte 2020 izeneko I+G-ren babeserako programak eta Ekonomia eta Leihakortasun Ministerioak babestu dute.

Partekatu

Beste berri batzuk