Hizkuntzaren psikologian sakontzeko aukera

Albisteak, Gipuzkoa

  • BCBL ikerketa-zentroak lehen aldiz ekarri du Donostiara AMLaP nazioarteko kongresua, mundu osoko adituekin hizkuntza-prozesamenduari lotutako mekanismo kognitiboetan
  • 29. edizioan, abuztuaren 31tik irailaren 2ra bitartean, 430 pertsona espero dira Kursaal Auditorioan, 350 aurkezpen eta hitzaldi baino gehiagorekin
  • Esti Blanco-Elorrieta, New Yorkeko Unibertsitateko hizkuntzaren neurozientzia laborategiko zuzendaria, gonbidatu nagusietako bat da

Hizkuntzak eta komunikatzeko prozesuek eta moduek eboluzionatu egiten dute, bai gizarte-aldaketengatik, bai ChatGPT bezalako teknologia eta tresna berrien agerpenagatik. Hori dela eta, psikolinguistika ere etengabe ari da aurrera egiten, komunikazio-bide berrietara egokitzeko. Psikolinguistikaren ardura da hizkuntzaren eskurapena eta haren prozesamenduan lotutako mekanismo kognitiboak aztertzea.

Hizkuntzaren psikologiaren arloan egiten ari diren aurrerapen nagusiak aurkezteko eta horietan sakontzeko, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) ikerketa-zentroak AMLaP (Architectures And Mechanisms For Language Processing) nazioarteko kongresua ekarri du lehen aldiz Donostiara.

Zehazki, urteroko ekitaldiaren 29. edizioa lurralde nazionalean egingo da hirugarrenez, eta bigarrenez Euskadin. Abuztuaren 31tik irailaren 2ra bitartean, mundu osoko adituak bilduko dira Kursaal Auditorioan hizkuntzaren prozesamenduarekin lotutako arkitektura eta mekanismo kognitiboetan.

«Mundu osoko 430 parte-hartzaile inguru espero ditugu, 350 aurkezpen eta hitzaldi baino gehiagoko programa batean, hizkuntzaren psikologiarekin lotutako ikuspegi psikologiko, konputazional eta teoriko berriak eskaintzeko, bere forma guztietan: idatzizkoa, ahozkoa edo keinuzkoa», azaldu du Manuel Carreiras BCBLko zuzendari zientifiko eta AMLaP 2023ko batzorde zientifikoko buru eta antolatzaileak.

Esti Blanco-Elorrieta

Forora joango diren aditu guztien artean, euskal psikolinguista eta New Yorkeko Unibertsitateko hizkuntzaren neurozientzia laborategiko zuzendaria den Esti Blanco-Elorrieta nabarmendu behar da. Irailaren 1ean, ostirala, “Burmuin elebiduna” izenburuko sinposioa egingo da.

Deustuko Unibertsitatetik eta BCBLtik igaro ondoren, non Cognitive Neuroscience of Language masterra egin zuen, Blanco-Elorrietak Psikologiako doktoregoa lortu zuen 2022an New Yorkeko Unibertsitatean, eta azken hiru urteetan hainbat meritu eta aintzatespen metatzen joan da.

Adibidez, 2020an, Forbes aldizkariak zientzia-arloan eragin handiena duten 30 urtetik beherako 30 pertsonen artean hautatu zuen; eta bere doktore-tesiak, «Ekologikoki baliozkoa den elebitasunaren neurozientziarantz» izenekoak, ospe handiko sariak jaso ditu Zientzia Kognitiboko Elkartearen edo New Yorkeko Unibertsitatearen eskutik.

Bere ikerketan, pertsona elebakarren eta eleanitzen ezagutzak konbinatzen ditu, mintzamenaren edo zeinu-hizkuntzaren bidez hizkuntza prozesatzen dutenak, hizkuntza inklusibo eta osoaren neurobiologiari heltzeko. Horretarako, neuroirudiko datuak, metodo konputazionalak eta konduktualak hizkuntzalaritzako, psikologiako eta neurozientziako ezagutza teorikoekin konbinatzen ditu.

Blanco-Elorrietaz gain, Victor Ferreira San Diegoko Unibertsitateko irakasleak, Vitória Piai Nimegako (Herbehereak) Radbound Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak eta James Magnuson Ikerbasque ikertzaile eta BCBLko “Neurozientzia Konputazionaleko” taldeko buruak ere parte hartuko dute AMLaP-ren Donostiako edizioan.

AMLaPri buruz

AMLaP nazioarteko konferentzia diziplina arteko ikerketa psikolinguistikorako Europako foro nagusia da. Bere helburua giza hizkuntzaren prozesamenduaren edozein alderdiren azpian dauden arkitektura eta mekanismo kognitiboen ikuspegi esperimentalak, konputazionalak eta teorikoak biltzea da, prozesamendu lexikotik, analisi sintaktikotik eta interpretaziotik hasi eta diskurtso mailako mekanismoetaraino.

BCBLri buruz

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplinarteko ikerketa-zentroa da, eta Donostian du egoitza, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko. Eusko Jaurlaritzak bultzatzen du, Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzeko. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ditu bazkideen artean.

Partekatu

Beste berri batzuk