Ideia “berritzaileagoak eta disidenteagoak” krisitik irteteko eta lehiakortasuna handitzeko

Bizkaia

Berrikuntzan inplikatuta dauden hainbat EAEko eragile elkartu dira gaur Gasteizen The Best of euskadi+innova ekitaldiaren bigarren edizioan. The best of euskadi+innova topaketa berritzaile bat da, 3D aldizkarien formatua duena eta EAEko enpresa-ehunaren ideia onenak, apustu arriskutsuenak eta hausnarketak biltzen dituena. Topaketaren izenburua “Ekintzailetza Disidenteak” da eta Peio Ruiz ekintzailea eta teknologia berrietan oinarritutako proiektuetan aditua izan da editore gonbidatua.

Asier Arranzek, Nebuteken sortzaileak eta Open MovilForum sariaren irabazleak, azaldu du enpresa batek arrakasta lortu nahi badu, garrantzitsua dela krisi egoeretan arriskuak hartzea eta “ideia berritzaileenen eta disidenteenen” aldeko apustua egitea. Arranzek aplikazio bat garatu zuen iaz, zeinaren bidez Nokia mugikorrak ordenagailuetako saguen eta aginteen urrutiko kontrol gisa erabil baitaitezke. Lizentzia aske batean pean argitaratu zuenez, 300.000 deskarga baino gehiago izan ditu mundu osoan.

José Manuel Gómezek, bestalde, profesionalen artean harremanak sortzeko modu berriak aurkeztu ditu eta azpimarratu du oso zaila dela inoren ekintzailetza barneratzea. Gómez ekintzaileen arteko kontaktua errazten duen “Iniciador País Vasco” networking ekimenaren eta “Monday Reading Club Bilbao” ekitaldiaren antolatzaile eta koordinatzailea da. Azken horretan giro fisiko bat sortzen saiatzen da, marketin digitalari buruzko liburu profesionalen irakurketa kolektibo batetik abiaturik, irakurketa horiei buruzko esperientziak eta ikuspuntuak partekatzeko. Joseba Beloki hiru aldiz egon da Frantziako Tour-eko podiumean eta Aguraingo martxa zikloturista arrakastatsuaren antolatzailea da, non 500dik gora lagunek parte hartzen baitute urtero. Belokik ere berrikuntzaz hitz egin du, baina kirolaren ikuspuntutik.

Aitor López de Aberasturi Interneteko euskarazko lehen bilatzailearen sortzailea da. Asier Martínez 23 urteko arabarrak bere enpresa sortu du: Thecodefarm; zerbitzu eta aplikazio berriak ikertu eta garatzen ditu gehienbat web inguruneari begira. Ixiar Garcia Pink Gorillasen sortzailea da; laborategi bat da sormen gaitasuna ume-umetatik bultzatzen erakusten duena. Eta, azkenik, Francisco Bodego ekintzaileak bi urte daramatza jendeari ideia hau buruan sartu nahian: jokoa da modurik onena bai ikasteko eta bai ikasitakoa barneratzeko. Horretarako, Ikasplay sortu du, hezkuntzako jokoak eta simulagailu didaktikoak egiten dituen enpresa.

Peio Ruíz izan da lurralde osoko enpresari bildu dituen ekimen honen editore gonbidatua. Ruízek Interneten munduarekin loturiko hiru enpresa sortu ditu eta 100 pertsona berritzaileenen artean hautatua izan da Cyber Euskadik eginiko ranking batean. Peio Ruízek azpimarratu du oso garrantzitsuak direla enpresako ekintzailetza eredu berriak, merkatuko esparru berrietara irits daitezkeen ideia original eta desberdinak bultzatzen dituztelako. Ruizen hitzetan, “hiru motatako pertsonak daude: egoerak gertarazten dituztenak, egoera horiek nola gertatzen diren behatzen dutenak eta gertatu direnik ere ez dakitenak. Ekintzaileak lehen talde horretan daude, egoerak gertarazten baitituzte, eta ideiak edukitzeaz gain, ideia horiek abian jartzeko moduak eta baliabideak ere aurkitzen dituzte”.

The Best of bi hilean behin argitaratzen da eta EAEko hainbat hiritan aurkezten da, lurraldeko pertsonarik berritzaileenak elkartu nahi dituelako eta jarduera, ekoizpen eta parte-hartze eredu berriak esploratu nahi dituelako, epe ertain eta luzean eragin positiboa izan dezaten esparru ekonomiko, sozial eta teknologikoan. Euskadi+innova Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak zuzendutako eta SPRIk kudeatutako ekimena da eta 2007aren erdialdera jarri zen martxan, berrikuntza EAEko enpresa guztietara eta bereziki txikienetara helarazteko.

Partekatu

Beste berri batzuk