Ikerketa berri batek frogatu duenez, untxiek prioien bidezko infekzioak har ditzakete
CIC bioGUNE biozientzietako euskal ikerkuntza kooperatiboko zentroak koordinatutako ikerketa batek frogatu duenez, untxiek ez dute prioiek eragindako entzefalopatia espongiformeak deritzen gaixotasun neurodegeneratiboei aurre egiteko erresistentziarik.
PLoS Pathogens aldizkari ospetsuan argitaratu berri den ikerketa hau Joaquín Castilla zientzialariak zuzendu du, Bartzelonako Universitat Autònoma-ko Centre de Recerca en Sanitat Animal (CreSA) zentroko ikertzaileen laguntzaz.
Prioiak egoera onberan ugaztun guztien neuronetan dagoen PrP proteinaren bertsio anomalo eta infekziosoa dira. Prioia organismo osasuntsu batean sartzen denean, proteinaren forma normalari eragin, plegamendu txarra sortu eta prioi berria bilakarazten du.
Proteina anomalo eta infekzioso hauen metaketak neuronak hil eta sendabiderik edo tratamendurik ez duten entzefalopatia espongiformeak deritzen gaixotasun neurodegeneratiboak eragiten ditu. Izendapen hau gaixotutako animalien entzefaloak duen zulatutako itxurari dagokio. Behiena dugu gaixotasun honen erarik ezagunena, behin eroen gaixotasuna delakoa alegia.
Ikerketa gauzatu ahal izateko, CIC bioGUNEko lantaldeak sagu transgenikoak diseinatu eta PrP proteina kodifikatzen duen genearen ordez, egiazko untxia ordezkatzen duen leporidoaren genea txertatu zieten.