IKERLANek eta IDNEOK distantzia luzeko 360°-ko ikusmen-hardware bat garatu dute, gidatze autonomoko ibilgailuen segurtasuna bermatzeko

Sistema, autoko kamerek jasotzen duten informazioaz eta ibilgailuei, oinezkoei, txirrindulariei eta errepidearen baldintzei buruzko informazioa ematen duten sentsoreen datuez elikatzen da

Teknologia horri esker, hurbilago daude gidaririk gabeko taxiak edo banatzailerik gabeko etxera eramate zerbitzuak

Plataforma berria Xilinx-en azken prozesadorean oinarrituta dago. Teknologia hori IKERLANek oso ondo menderatzen du, Silicon Valley-eko enpresak ziurtatutako ingeniariak dituen Espainiako hiru zentroetako bat baita

Etorkizuneko mugikortasuna iraunkorra, segurua eta konektatua izango da. Eta automobilgintzaren sektoreak eredu berri horri lotutako erronka teknologikoak lehenbailehen konpondu behar ditu. Testuinguru horretan, IKERLAN zentro teknologikoak eta Espainiako IDNEO sektore anitzeko konpainia teknologikoak aurrerapauso handia eman dute mugikortasun-eredu berrirantz, ibilgailuei gidatze autonomoko funtzioak segurtasunez egiteko aukera emango dien hardware baten bidez. Garatutako soluzioa XILINXen (MPSoC) azken prozesadorean oinarrituta dago. Teknologia hori xehetasunez ezagutzen du IKERLANek, eta bere plantillan esperientziadun eta AEBetako multinazionalak aintzatetsitako ingeniari-talde bat du.

Autoan banatutako kamerek hartutako irudiez eta gainerako ibilgailuei, oinezkoei, txirrindulariei eta errepidearen baldintzei buruzko informazioa ematen duten sentsoreen datuez elikatzen da plataforma berria. Softwareak denbora errealean bidaltzen du informazio hori, ibilgailuaren barnesarearen bidez, eta erabakiak berehala eta modu seguruan hartzea errazten du. Informaziobolumen handi horri esker, sistemak 360°-ko ikuspegia du distantzia handira, eta, horri esker, ibilgailuak gidatze autonomoko funtzioak egin ditzake. Gidaririk gabeko taxien kasua da, edo paketeak edo janaria etxean banatzea banatzailerik izan gabe.

Ane Irazustak, IKERLANen produktu horren diseinuan parte hartu duenak, azaldu duenez, “gure zentro teknologikoak XILINXen gailuekin duen esperientziari esker, arrakastaz garatu ahal izan dugu automobilgintzarako azken prozesatze-teknologia duen produktu bat, hain industria lehiakorraren baldintza teknikoak eta epe-baldintzak betetzen dituena”. Silicon Valley enpresak bere teknologiarekin lan egiteko akreditatutako Estatuko hiru erakundeetako bat da IKERLAN.

IKERLANek eta IDNEOk garatutako hardware berria automozioaren sektoreko estandar eta baldintza zorrotzak betez diseinatu da, “sistemaren funtzionamendu txarrak pertsonen segurtasunean izan ditzakeen ondorioengatik oso zorrotza den sektorea”. IKERLANek ezagutza eta ekipamendu espezializatua ditu automozioaren sektoreko araudi-eskakizunak betetzeko prestazio handiko hardwarearen diseinuari dagokionez, eta sorrera fasetik kontuan hartzen ditu bateragarritasun elektromagnetikoa (EMC), segurtasun elektrikoa edo funtzionala.

Hamabost urte baino gehiago dira IKERLANek XILINX plataformetan lan egiten duela, eta teknologikoki eboluzionatu du, Estatu Batuetako konpainiak merkaturatzen dituen azken gailuekin sinkronizatuz. IKERLANek bere gama guztietarako produktuak diseinatu ditu: “hainbat sektoretan proiektuz proiektu metatutako esperientzia horri esker, merkatuko azken gailuekin egindako lanari arrakastaz ekin diezaiokegu”, erantsi du Leire Rubiok, XILINXek Espainian ziurtatutako emakumezko injeniari bakarretako batek.

Gaitasun multiteknologiko horiei eta IKERLANek sektore oso zorrotzetan duen esperientziari esker, zentroak erronka teknologiko handia eta askotarikoa duten enpresekin lankidetzan jardun dezake, hala nola IDNEO enpresarekin. “Segurtasun funtzionala beti izan da bere indarrez dabilen industriaren bereizgarri, eta ezinbestekoa da premisa hori ibilgailu autonomoen mundu iraultzailera egokitu ahal izatea”, dio Alberto Robles IDNEOko Mugikortasuneko Negozio Unitateko zuzendariak. IDNEO nabarmentzen da ADAS eta gidatze autonomoko irtenbide onenak dituelako, garatzeko dituen gaitasunengatik eta ikuspegiaren arloan dituen tresnengatik.