Ikus-entzunezkoen euskal industria bultzatzeko akordioa

Gipuzkoa

  • Audiovisual SGR eta ELKARGI SGR enpresek akordio bat egin dute, Euskadiko 130 produkzio-etxek baino gehiagok beren ikus-entzunezko proiektuak baldintza hobeetan finantzatzeko aukera izan dezaten.

Audiovisual SGRko zuzendari nagusi Susana Serranok eta ELKARGI SGRko kontseilari delegatu Pedro Oyarzabalek gaur goizean sinatu dute akordioa, Donostian. Ikus-entzunezkoen sektorean espezializatutako entitate abal-emaileak eta enpresa txiki eta ertainak finantzatzen dituen entitate abal-emaile nagusiak sinatutako hitzarmen horren bitartez, ikus-entzunezkoen industriako euskal enpresek abal handiagoak edukiko dituzte eskura beren proiektuak finantzatzeko.

IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidente eta Espainian zine- eta telebista-produkzioan diharduten enpresa ia guztiak biltzen dituen FAPAE Federazioko presidente Joxe Portelak babesa eman dio akordio horri, eta honako hau adierazi du horren harira: “Audiovisual SGR eta ELKARGI SGR enpresen arteko elkarlana laguntza handikoa izango da sektorearentzat, kreditua lortzea eta eskaerak izapidetzea erraztuko duen neurrian”.

Donostiako Zinemaldiaren 61. edizio amaitu berriaren esparruan FAPAEko presidente Joxe Portelak gogora ekarri zuenez: “2012an, ikus-entzunezkoen produkzioaren fakturazioa % 15etik gora jaitsi da, eta finantziazio-neurri berriak behar dira nahitaez ikus-entzunezkoen produkzioak Espainian bizi duen koiuntura zailari aurre egiteko, kontuan hartuta, gainera, ikus-entzunezkoen sektoreko enpresen berankortasun-ratioa % 3 dela gutxi gorabehera, bankaren % 12aren aldean”.

Akordio horrek bultzada eman nahi dio euskarazko ikus-entzunezkoen euskal industriari, ELKARGI SGR, enpresekin zuzeneko harremana duen finantza-entitatea izanik, euskara eremu sozioekonomikoan erabili eta normalizatzeko orain hamar urte baino lehenagotik garatzen ari den lan-ildoarekin bat etorriz.

Nabarmentzekoa da, gainera, 2006. urteaz geroztik Audiovisual SGR dela Espainian sektore horretarako propio sortutako lehen finantza-entitatea, eta 150 milioi eurotik gorako 700 abal baino gehiagori esker, hainbat film produzitu direla euskal enpresen parte-hartzearekin, hala nola Zipi y Zape, Tres bodas de más, Bypass, La sombra de nadie eta Pagafantas, besteak beste, baita garrantzizko beste zenbait film (Celda 211, Atraco, Chico&Rita) eta telesail (Gran Hotel edo Hispania) ere. Hemendik aurrera, enpresa txiki eta ertainetarako abaletan finantza-entitate nagusia den ELKARGI SGR enpresari esker, aukerak are handiagoak izango dira. Izan ere, urtean gutxi gorabehera 70 milioi euro kudeatzen dituen eta ia 1.000 langile dituen Euskadiko ikus-entzunezkoen industria, Audiovisual SGR eta ELKARGI SGR enpresen arteko lankidetzaren onuradun izango da hemendik aurrera.

Partekatu

Beste berri batzuk