Inauguratu da Spriren Alemaniako bulegoa

Bizkaia

–      Arantza Tapiak esan du Industria 4.0-ren aldeko apustuak lankidetzarako aukera handiagoak eskaintzen dituela Euskadiren eta Bavariaren artean.

–      Gure esportazioen %14,2 Alemaniara bideratzen da.

–      Bulego berri hau irekitzea urrats estrategiko bezala definitu da Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze politikaren barruan.

IMG_8565SPRIk Alemaniako Munich hirian daukan bulegoa gaur goizean inauguratu dute ofizialki Arantza Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak eta Alexander Arriola, SPRI Taldeko zuzendari nagusiak.

Eusko Jaurlaritzako kideez gain, ekitaldian parte hartu dute baita ere  Bavariako Ekonomia, Baliabide, Energia eta Teknologia Ministerioko ordezkari Schwab doktoreak, Invest in Baviera erakundeko kideek eta Alemanian kokatutako euskal enpresen ordezkariek.

Eusko Jaurlaritzak iragarria zuen bazegoela asmoa bulego komertzial berri bat irekitzeko Alemanian, Alemaniako merkatuak lan-zama eta enplegu gehiago ekar dezakeelako Euskadiko enpresentzat.

Bulego hori iragarpena egin eta hilabete gutxira jarri zen martxan, 2014ko urtarrilean zehazki, eta Municheko bere kokalekutik Alemaniako merkatu osoa estaltzen du, hots, Alemaniaren 16 “Bundesländer” edo estatu federatuak.

Azken hamar urte hauetan Alemania Euskadiren bazkide nagusietako bat izan da inportazio eta esportazio arloan. Bera da, Frantziarekin batera, euskal esportazioen jomuga nagusia. Gure esportazioen %14,2 Alemaniara bideratzen da. Gainera, hornitzaile gisa ere gorengo postuan dago. Bigarrenean, Errusiaren atzetik. Euskal enpresen ezarpen komertzial gehien duen herrialdeetako bat da. Alemanian ordezkaritza komertziala duten enpresak oso gustura daude erabakiarekin eta funtsezkoa irizten diote zuzeneko presentzia izateari.

Jarduera Alemanian

SPRIren Alemaniako bulegoak gauzatuko dituen proiektuen artean aipatzekoak dira banatzaileak eta merkataritza agenteak bilatzea, merkatu azterketak egitea eta bilera-agendak prestatzea bezero potentzialekin. SPRI Alemaniak jarduera sektore guztiekin egingo du lan, baina batez ere ondasun eta zerbitzu industrialen arloko proiektuak izango ditu ardatz,  eta baita ere teknologiarenak eta softwarearenak.

Bulego berri horrekin SPRIk sendotu egin nahi ditu Alemaniarekin dituen harreman ekonomikoak, tradizionalki Alemania Euskadiren bazkide komertzial garrantzitsuenetako bat izan baita hala esportazioetan nola inportazioetan. Municheko azpiegitura berriak lagundu egingo die euskal enpresei lotura komertzialak egiten Europako motorrarekin, hala Alemanian duten posizioa optimizatuko dute, euskal ekonomiari hazten eta Euskadin enplegua sortzen lagunduz.

Bulego berri hau irekitzea urrats estrategiko bezala definitu da Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze politikaren barruan, 2014-2016 Nazioartekotze Planak “lehentasunezko”tzat jotzen baitu Alemaniako merkatua.

Arantza Tapia sailburuak eskerrak eman dizkie Bavariako erakundeei bulego honen abaiatze fasean eskainitako laguntasunagatik eta esan du aurrerantzean are gehiago indartuko dela Euskadiren eta Bavariaren arteko lankidetza, biek egin baitute Industria 4.0-ren eta Manufaktura aurreratuaren aldeko apustua.

Zentzu horretan, Tapiak esan du Euskadik lankidetza indartu nahi duela Alemaniako ikerketa institutu ezagunekin (Franhofer) I+G+b arloan.

Era berean, nabarmentzekoa da Alemania dela euskal enpresa gehien hartzen dituen atzerriko herrialdeetako bat, horrek frogatzen duelarik Alemaniako merkatua funtsezkotzat jotzen dela eta emaitza positiboak ematen ari dela. Une honetan 14 euskal enpresak produkzio ezarpenak dituzte Alemanian eta 80 inguruk ezarpen komertzial garrantzitsuak.

SPRIren kanpo sarea

SPRI Taldeak mundu osoan duen kanpo sareak 15 bulego ditu eta euretatik kudeatzen da euskal enpresek 70etik gora herrialdetan duten jarduerarentzako laguntza. Zehazki esanda, SPRIk bulegoak ditu Alemanian (gaur inauguratu dena), Argentinan, Estatu Batuetan, Brasilen, Txilen, Txinan, Kolonbian, Indian, Mexikon, Polonian, Txekiar Errepublikan-Eslovakian, Errusian, Singapurren eta Turkian.

Enpresa baten nazioarteko dimentsioa funtsezkoa da bere hazkundea eta gaitasun berritzaile eta ekintzailea indartzeko. Gure lana da babesa ematea nazioarteko profila duten pertsonen eta Euskadiko proiektu guztien garapenari eta euskal enpresen nazioarteko kudeaketa gaitasunak indartzea.

Desberdintasun handiak daude enpresa bakoitzaren nazioartekotze graduen eta faseen artean. SPRIko nazioartekotze sailak, Kanpo Sare osoaren laguntzarekin, enpresa bakoitzaren neurrira eginiko zerbitzuak eskaintzen ditu atzerrira irteteko prozesu osoan.

 

Partekatu

Beste berri batzuk