Industria Sailak beren lehiakortasuna hobetzen lagundu die 4.200dik gora langile enplegatzen dituzten 28 euskal enpresari
SPRI Taldeak kudeaturiko Compite programak 21 proiekturentzako laguntzak eman ditu, eta proiektu horiek ia hiru milioi euro mobilizatuko dituzte. Krisia luzatzen ari denez, enpresek gero eta laguntza gehiago eskatzen dituzte fabrikazioko produkzio prozesuak hobetzeko eta industri dibertsifikaziorako. Bigarren mailan geratu dira merkatu eta antolakuntza hobekuntzarako proiektuak.
Eusko Jaurlaritza, 2012/06/20
Edizio honetan 59 enpresa aurkeztu dira, beraz, argi geratu da euskal enpresariek gero eta gehiago babesten dituztela Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasunerako eta berrikuntzarako ekimenak.
Kasu honetan, enpresa onuradun gehienak sektore hauetakoak dira: metalen eraldaketako industria eta doitasun-mekanika (%53) eta industriari lotutako zerbitzuak (%28). Compite programaren eboluzioa aztertuz gero, argi ikusten da, krisiak aurrera egin ahala, enpresek fabrikazioko produkzio prozesua hobetzeko eta industri dibertsifikaziorako proiektuentzako laguntzak eskatzen dituztela batik bat.
Bigarren mailan geratu dira enpresaren marketineko eta antolakuntzako lehiakortasuna hobetzeko proiektuak.
Horrek esan nahi du euskal enpresek berehala hobetu nahi dituztela beren produktuak, kostuak aurreztu nahi dituztela eta beren eskaintza zabaldu. Hobekuntza horiekin lehiakortasun handiagoa lortuko dute nazioarteko merkatuetan.
Compite Enpresak Programa
Compite Enpresak Programaren helburua da Euskal Autonomi Erkidegoko enpresen lehiakortasuna hobetzeko ekintzak bultzatzea, laguntza pertsonalizatua eta finantzaketa eskainiz. Programa honen bidez laguntzak emango zaizkie merkatu globaletan lehia posizioa hobetu nahi duten proiektuei, eta hobekuntza hori berrikuntzaren eta hobekuntza prozesuen bidez, eskaintza dibertsifikatuz edota merkatu nahiz teknologia berriak bilatuz gauzatuko da.
SPRIk baita ere babesten ditu lehiakortasuna hobetzeko hainbat enpresen arteko lankidetza proiektuak. Nolanahi ere, proiektuek aldez aurretik eginiko hausnarketa estrategiko baten emaitza izan behar dute. Lankidetzan eginiko proiektuen kasuan, enpresa guztientzat interesgarri diren proiektuak identifikatu behar dira eta definituta eduki behar da proiektu horien ezarpenerako ibilbidea.
Helburua da enpresek hobekuntzak sar ditzatela beren produktu eta zerbitzuetan, produktibitatea hobetu dezatela produkzio prozesuak hobetuz edo produkzioko sistema aurreratuak ezar ditzatela, beste enpresa batzuekin lankidetzan arituz balio kate desberdinetan, sareko produkzio ereduak aplikatuz edo lankidetzazko jarduera sektorialak garatuz. Gainera, programa honen bidez enpresa askok dibertsifikazio prozesuak hasiko dituzte, beren eskaintzan produktu edota zerbitzu berriak sartzeko edo merkatu berrietara orientatzeko.