Industria Sailak I+G arloko 400 aditu elkartu ditu, Europak berrikuntzarako emango dituen 10.000 milioi euroko laguntzei buruz informatzeko

Bizkaia

  • Eusko Jaurlaritzak, SPRIren bitartez eta Innobasque-ren laguntzaz, jardunaldi bat antolatuko du asteartean BECen, euskal enpresei azaltzeko nola bideratuko dituen Europako Batzordeak VII. Programa Markoko azken 10.000 milioi euroak.
  • Alde biko 210 topaketa egingo dira enpresen artean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko erakundeekin, finantzaketa horren bidez beren I+G jarduera nazioartekotzeko balioko dien interes komuneko proiektuak identifikatzeko.
  • Jardunaldian zehar Jomuga 2020 programa berriari buruzko informazioa emango da, 2014an hasiko dena 80.000 milioi euroko zuzkidurarekin.

Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldearen bidez (enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoa) eta Innobasque-ren laguntzarekin, jardunaldi bat antolatuko du datorren asteartean euskal enpresei jakinarazteko nola eskuratu ditzaketen Europar Batasunak I+G proiektuetarako emango dituen 10.000 milioi euroko laguntzak. Finantzaketa hori 2014an amaituko da.

“Europako I+G VII. Programa Markoa eta Jomuga 2020. I+G arloko lankidetzarako aukera berriak” izeneko jardunaldia Bilbao Exhibition Center-en (BEC) izango da, eta antolatzaileen artean daude baita ere Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa (CDTI) eta Europako Batzordea. Topaketa horretan I+G arloko 400 bat adituk parte hartuko dute, beren enpresak ordezkatuko dituztenak VII. Programa Markoan.
Jardunaldia oso garrantzitsua da, ez baita laguntza deialdi gehiagorik egingo 2014ra arte. Hain zuzen ere, urte horretan hasiko da Jomuga 2020 programa, Europako ikerketari eta berrikuntzari laguntzeko tresna berria, zeinak 80.000 milioi euroko zuzkidura izango baitu eta gaur egungo VII. Programa Markoa ordezkatuko baitu.

Jardunaldian parte hartuko dute, besteak beste, Edorta Larrauri, Eusko Jaurlaritzako Teknologi zuzendariak, Octavi Quintana, Europako Batzordeko Ikerketarako Espazio Europarreko zuzendariak eta Serafín de la Concha, CDTIko Nazioarteko Programen Saileko kideak.

Jardunaldiko ekitaldi garrantzitsuenetako bat alde biko topaketena izango da; lan espazio bat da, non enpresek lehen eskutik ezagutuko baitute zein proiektu eta ikerketa ildotan dabiltzan lanean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak, korporazio teknologikoak, unibertsitateak, CICak eta enpresetako I+G unitateak.

Aurreikuspenen arabera, alde biko 210 topaketa baino gehiago egingo dira enpresen artean. Horrek aukera emango die beren proiektuetarako bazkideak bilatzeko eta ideiak trukatuz VII. Programa Markoko azken deialdietara proposamen bateratuak aurkezteko, Europako Batzordeak uztailaren amaieran itxiko baitu programa eta 10.000 milioi euro bideratuko baititu deialdi horietara. Sartutako profilak nazioartean bazkideak bilatzeko katalogo batera bilduko dira.

VII. Programa Markoak arlo desberdinetako I+G proiektuak finantzatzen ditu: osasuna, informazio eta komunikazio teknologiak, energia, fabrikazioa, mikro eta nanoteknologiak, materialak, ingurumena edo garraioa.

Ekimen honen bitartez nazioarteko lankidetza indartu nahi da. Funtsean, prozesu bat da negozio aukera bilakatuko diren ikerketa ildoen bidez ezagutza sortu eta partekatzeko. Jomuga 2020 programa berriak hainbat nobedade ekarriko ditu, besteak beste, ekimen bakarrean bateratuko ditu ikerketara eta berrikuntzara bideratutako funts guztiak, arau berberak ezarriz bientzat.

Tresna berri honi esker, Europar Batasuneko BPGaren %3 I+Gn inbertitu nahi da 2020. urtean, eta hala, Europako Batzordeak eginiko azterlan baten arabera, 2025erako 3,7 milioi lanpostu sortuko lirateke. Jomuga 2020 ekimenak ekonomia eta enplegua bultzatuko ditu, oinarri zientifiko eta teknologiko sendoa ziurtatuz eta Europaren lehiakortasun industriala hobetuz.

Partekatu

Beste berri batzuk