Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu du 4.0 industria dela “lehiakortasuna hobetzeko eta kalitatezko enplegua sendotzeko gure etorkizuneko apustua”

Gipuzkoa

  • “Gure helburua da berrikuntzaren abangoardian kokatzea” nabarmendu du gaur Lehendakariak “Basque Industry 4.0” Kongresuaren inaugurazio-ekitaldian, euskal enpresak laugarren iraultza industrialarekin duen urteroko hitzorduan, zeinak 2.400 laguneko parte-hartzaile errekorra erdietsi baitu aurten.
  • Arantxa Tapia sailburuak iragarri du I+G-ko inbertsioa %6 handitu dela proposatutako aurrekontuetan, 2018an 192 milioi euro bideratzeko euskal enpresen digitalizaziora.
  • MITeko (Massachusetts Institute of Technology) aditu Krystyn Van Vliet-ek kongresuko hitzaldi nagusian segurtatu du 4.0 Industria inbertsio estrategikoa dela Euskadi bezalako eskualdeentzat.
  • Javier Diéguezek (Basque Cybersecurity Centre – BCSC zentroko zuzendariak) eta Manuel Salaverríak (Basque Digital Innovation HUB sareko Basque Industry 4.0 pilotatze-taldeko zuzendariak) hainbat ekimen aurkeztu dituzte, beren bitartez segurtasun informatikoa bermatzeko eta fabrikazio aurreratuko sareko komunitate bat sortzeko ETEentzat.
  • Sektorekako aldi bereko saioez gain, kongresuak elkarrekin bildu ditu puntako teknologia duten enpresa handien 44 stand eta BIND 4.0 azeleragailu publiko-pribatuaren 50 proiektu finalistak.
  • 4.0 Industriak beste hitzordu bat izango du bihar Gipuzkoako Teknologia eta Zientzia Parkean, teknologia disruptiboei buruzko jardunaldi bat alegia.

Informazio gehiago hemen: https://goo.gl/SDBqSP

 

foto-argazkia Basque Industry(17-11-22) - copiaDonostiako Kursaal aretoan 2.400 lagun bildu dira gaur industria aurreratuaren arloko erreferentziazko ekitaldiaren laugarren edizioan, “Basque Industry 4.0” kongresuan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak antolatu du ekitaldi hori SPRIren bitartez. Iñigo Urkullu Lehendakariak inauguratu du laugarren iraultza industrialari buruzko hitzordu handi hau, zeinak aurten parte-hartzaile errekorra erdietsi baitu, 2014ko lehen edizioko kopuruaren hirukoitza gaindituz.

“Kapitulu berri bati ekin diogu euskal enpresen eta industriaren historian, momentu desberdin batean gaude, eta asko dugu ikasteko eta partekatzeko” azpimarratu du Urkulluk kongresuaren irekiera ekitaldian. Lehendakariak nabarmendu du oso garrantzitsua dela erakunde, enpresa eta berrikuntza arloko agenteen arteko lankidetza, herrialde mailako erronka honi arrakastaz aurre egingo badiogu.

4.0 Industria da Fabrikazio Aurreratuko estrategiaren zubi-burua, eta RIS3 Euskadi 2020 espezializazio adimendunaren motorretako bat, zeinaren helburua baita lehiakortasuna hobetzea eta kalitatezko enplegua sendotzea. Gure etorkizuneko apustua da” adierazi du Lehendakariak.  Urkulluk esan duenez, Euskadik 3 erronka gainditu beharko ditu helburu horiek lortzeko: “lehen erronka: enpresa guztiak prozesu honetan integratzea, arreta berezia eskainiz enpresa txiki eta ertainei; bigarren erronka: prestakuntza bultzatzea, hau da, Euskadik ezagutzak eta gaitasun digitalak eskuratu behar ditu, eta hirugarren erronka: teknologia berriak garatzea eta Euskadi 4.0 Industriaren abangoardian kokatzea mundu mailan”.

Arantxa Tapia, Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburua, bat etorri da Lehendakariak esandakoarekin eta azpimarratu du “ezein enpresak ezin duela galdu 4.0 Industriaren trena” eta oso garrantzitsua dela “bi abiadurako industriarik ez izatea”. Zentzu horretan jakinarazi du abian jarriko dela Basque Digital Innovation Hub I+G-ko azpiegitura-sarea, zeinak 4.0 industriaren erronkei aurre egiteko gaitasun teknologikoak emango baitizkie enpresa industrialei, bereziki ETEei. Manuel Salaverriak, Basque Industry 4.0 Pilotatze-taldearen zuzendari exekutiboak, xehetasun gehiago emango ditu gaur arratsaldean, besteak beste, nolako zerbitzuak eta aukerak eskaintzen dituen euskal ETEen zerbitzura dagoen plataforma horrek. Digitalki lotutako sare bat da eta bere baitara biltzen dira I+G-ko azpiegiturak, lantegi pilotuak eta fabrikazio aurreratuaren hainbat arlotako ezagutza tekniko espezializatuak.

Tapiak orobat iragarri du 2018rako proposatutako aurrekontuan “%6ko hazkundea dagoela (192 milioi euro) euskal industriaren digitalizaziorako eta Ikerketa eta Garapenerako”. Inbertsio horren indargarri, gaitasun digitalei buruzko prestakuntza eskainiko da SPRI Taldeak antolatzen dituen 300dik gora prestakuntza-ikastaroen bidez eta 2018an abiatuko diren Doktoretza Industrialekin, zeintzuek 5,8 milioi euro jasoko baitituzte euskal enpresen premia teknologikoak eta berrikuntza arlokoak estaltzeko. “Besteen gainetik nabarmentzeko, zerbait berria eskaini behar dugu, desberdina eta balio erantsiduna” amaitu du esanez sailburuak 2.400 parte-hartzaile baino gehiagoren aurrean.

Jardunaldian osoko bilkura bat eta hitzaldi nagusi bat eskaini dira. Massachusetts Institute of Technology (MIT) zentroko berrikuntzako arduradun Krystyn Van Vliet-ek eman du hitzaldia “Nola aldatu ditu fabrikazio digitalak lan egiteko, kontsumitzeko eta bizitzeko moduak?” izenburupean.  Van Vliet-ek esan du “4.0 industria inbertsio estrategikoa dela eskualde askorentzat, baita ere Euskadirentzat”, gaineratu du “sostengarritasuna eta ekonomia zirkularra direla 4.0 Industriaren erronka handienetako batzuk, eta prestakuntzak paper garrantzitsua duela erronka horiek gainditu nahi badira”.

Gaur Kursaalen egin den IV. “Basque Industry 4.0” Kongresuak eragile publiko eta pribatu guztien topagune nagusi gisa finkatu du hitzordu hau. Eragile publiko eta pribatu horiek, iraultza industrial berri honetako protagonista direnak, helburu bera partekatzen dute: Euskadi erreferentziazko eskualde bihurtzea mundu mailan, teknologia berriek fabrikazio prozesuetarako dituzten potentzialtasunak aprobetxatzeari dagokionean.

Zibersegurtasunari buruzko maisu eskola bat

2.400 parte-hartzaileek lehen eskutik ezagutu dituzte joan den irailetik martxan dagoen Basque Cybersecurity Centre (BCSC) inauguratu berriak eskaintzen dituen zerbitzuak. Javier Diéguezek, BCSCko zuzendariak esan duenez, “Europako oso eskualde gutxik daukate Euskadirena bezalako zibersegurtasun-ekosistema bat”. Diéguezen hitzetan, “Euskadiko zibersegurtasun enpresek maila bikaina dute hainbat profiletan eta, gainera, badaukagu zientzia, teknologia eta berrikuntza sare bat, erreferentziazkoa dena Europan eta zibersegurtasuna aplikatzeko proiektuetan lan egiten duena”.  Zirkulua biribiltzeko, badira gure artean fabrikazio aurreratuko industria puntakoak, zibersegurtasun-teknologiak aplikatzeko eskaera-eremuak identifikatzeko ahalmena dutenak”.

Diéguezek azpimarratu du segurtasun informatikoa ez dela “teknologia kontu huts bat, baizik eta praktika bat, norbanakako ohitura sorta bat”. Orain, Zibersegurtasunerako Euskal Zentroaren lehentasun nagusia da euskal gizartearen konfiantza irabaztea, eta epe ertainera, berriz, “gai izatea egokitzeko eta gizarteak unean-unean behar duena eskaintzeko, egoerari aurrea hartuta”.

Egitarau zabala

Kongresuko mahai-inguruan hizpide hartu da nola egokitu profil profesionalak industriako erronka berrietara, eta bertan parte hartu dute hainbat adituk, hala nola, Jorge Arévalok, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordeak, Álvaro Frailek, ITS Security enpresako kontseilari delegatuak, Pablo Garcíak, Deustuko Unibertsitateko Industria Digitaleko katedraren zuzendariak eta Beatriz Ruizek, S21sec enpresako giza baliabideen zuzendariak.

Aurten lehenengoz kongresuko egitaraua “hirukoiztu” egin da, jardunaldi bakar batean sartzeko arlo eta teknologia estrategikoen espezializazio-maila handiagoa. Batetik, energia, automozio, makina-erreminta eta aeronautika sektoreetan interesatutako publikoa kubo txikiko aretoetan bildu da lehen eskutik ezagutzeko puntako enpresen kasu arrakastatsuak (Soraluce – Danobat Taldea, Ekin, Ona Electroerosión, Ingeteam, Microdeco, Lazpiur, ITP, Aernnova, Siemens-Gamesa, Nem Solutions eta Ormazabal).

Moderatzaile aritu dira José Ignacio Hormaeche (Energia Klusterreko zuzendari nagusia), Mikel Lorente (Acicae – Euskadiko Automozio Klusterreko eta AIC – Autimotive Intelligence Center-ko zuzendari teknikoa), Patricia Tames (AFMko zuzendari laguntzailea) eta Ana Villate (Hegan—Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkarteko zuzendaria).

Kongresuko egitarau zabalak, gaur egun osoan zehar garatuko denak, hainbat saio eskainiko ditu 4.0 industriarako teknologia bideratzaileei buruz. Saio horietan puntako enpresetako ordezkariek azken nobedadeak aurkeztuko dituzte cloud computing arloan, robotika kolaboratiboan, sistema ziberfisikoetan, errealitate birtual eta handituan, zibersegurtasun industrialean, sentsorikan, gizon-makina interfaze aurreratuetan, big data-n eta fabrikazio gehigarrian. Irontec Internet y Sistemas, Tecnalia, Nextel, Ulma Handling, Nuavis, Sariki, Sarenet, Gaiker-IK4, Dimensión Data, Ikusi, Cartonajes Igamo eta Zylk enpresetako ordezkariek azalduko dituzte kasuak.

II Bind 4.0: elkarrekin uztartuz startupak eta enpresa trakziogileak

Brokerage BIND 4.0 izan da egitarauaren bigarren adarra. Jardunaldi horretan elkarrekin batu dira BIND 4.0 ekimenaren 2017ko 50 startup finalistak eta programan parte hartzen duten industriak.

Azeleragailu publiko-pribatu horrek badu bere txokoa kongresuan, eta bertan aurkeztuko ditu programan parte hartzen duten industria tradizional trakziogileen eta proiektu teknologikoki aurreratuak dituzten enpresa gorakorren arteko aliantza arrakastatsu batzuk. TRENASA (CAF taldea), Euskatel, ABB eta Nabla Wind Power (Alcor taldea) enpresek aurkeztuko dituzte Bihartech, Decidata, Innovae eta Algo Engines startupek eurentzat garatutako proiektuak.

Behin aztertu ondoren Bind 4.0 azeleragailuaren nazioarteko bigarren deialdira aurkeztu diren 385etik gora startupak (2016an baino %50 gehiago eta 292 nazioartetik iritsiak), momentu honetan 50 startup finalistekin ari dira lanean. Egunotan 50 startup horiek  elkarrizketak izango dituzte, gehienek aurrez aurre, ekimenean parte hartzen duten Euskadiko enpresa industrial handiekin, behin betiko ixteko enpresa handi eta txikien arteko 4.0 proiektuen inguruko aliantzak.

Erakustaldiak eta erakusketa-gunea

Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusirik, GAIA Telekomunikazio Klusterra eta Basquegame Lab laborategia gamifikazio teknologiei buruzko tailer praktikoak antolatzen ari dira Kursaalen (Errealitate Birtuala, Errealitate Handitua, Simulazioa…), enpresa hauen laguntzarekin: Fagor Arrasate, Ibérmática, Gestionet, Virtualware, Ideable, Binary, Innovae, Solid Virtual eta, besteak beste, Tak Learning.

Hitzaldi, tailer eta mahai-inguruen osagarri, erakusketa-gune bat ere egongo da. Guztira 44 euskal enpresak stand propioa dute bertan, hurbiltzen diren guztiei azaltzeko zein den beren zerbitzu- eta teknologia-eskaintza, hau da, zein konponbide dituzten 4.0 industriarako.

Kursaaletik Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkera

Gaurko kongresuaren ostean, 4.0 euskal industriak titularretan jarraituko du bihar ere. Azaroaren 23an, ostegunean, “2020tik harago: teknologia disruptiboak” hitzaldia eskainiko da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologi Parkean. Topaketa hori Zientzia eta Teknologi Parkeen Elkarteko (APTE) Nazioarteko Konferentziaren XV. edizioaren barruan kokatzen da eta hizpide hartuko ditu hainbat teknologia berritan egin diren azken aurrerapenak: 3D inprimaketan, nano-egituretan, zibersegurtasunean, adimen artifizialean, big data-n, Gauzen Interneten, terapia genikoetan edota energia berriztagarrietan.

Baina teknologia horietako bakoitzari buruzko aurkezpenez gain, aipatzekoa da lehen mailako bi hizlarik hizpide hartuko dituztela eguneroko bizitzan gero eta presentzia handiagoa duten berrikuntzen oinarrizko alderdiak. Barack Berkowitz-ek, MIT Media Lab zentroko Operazio eta Estrategia zuzendariak eta MarketCentrix enpresaren sortzaileak (kontsumo estrategien arloko aholkularitza, besteak beste, Apple, Sony edo Fujifilm enpresentzat lan egin duena), aztergai izango du berrikuntzek enpresetan duten inpaktua eta Silvia Lealek, ekintzailetza digitala bezalako gaien Europako Batzordeko aholkulariak eta IEko Teknologia Programen zuzendariak, berrikuntza horiek pertsonengan duten eraginaz hitz egingo du.

Partekatu

Beste berri batzuk