Innobasque: Erakundeetan adina kudeatzeak eragina izaten du enpresa lehiakortasunean
- “Adinaren kudeaketa erakundeetan” jardunaldia “Innobasqueren astearteen” barruan egin da.
- Erakundeetan adinaren kudeaketak eragin zuzena du pentsio-sistemen presioan, erretiro-adinean edo biztanleria aktiboaren batez besteko adinean.
- Hala ere, sakon jorratu gabeko gaia da Europan. Senior langileen gaitasuna aprobetxatzea aukera ona da erakundeek lehiakortasunean irabazteko, baina enpresa gehienek ez dute asmatzen nola baliatu horretaz.
- Erakundeetan adina kudeatzea estu loturik dago Euskadik aurrean dituen hiru erronka nagusiekin: enplegua, zahartzea eta prestakuntza.
Erakundeetan adina era egokian kudeatzea aukera ona da beren lehiakortasuna hobetu dezaten, pentsio-sistemaren gaineko presioa gutxitzeko, belaunaldien arteko jakintza edo ezagutzaren transferentzia emateko, eta pertsona adintsuenek beren enplegagarritasuna hobetzeko. Hori agerian geratu da “Adinaren kudeaketa erakundeetan” jardunaldian, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak Eudel-en Bilboko egoitzan antolaturikoan. Bertan izan dira parte hartzen Sarah Copsey, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europar Agentzian proiektu-gerentea; Jon Bilbao, Confebaskeko Lan Harremanetarako zuzendaria; Emilia Málaga, UGT Euskadi-ko Batzorde Betearazlean Berdintasuneko eta Nazioarteko idazkaria; Tomas Arrieta, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle elkartua; Juan José de Andrés eta Isabel Arrillaga, Cideceko presidentea eta zuzendaria; Esther Ibarluzea, Eudel-eko Berrikuntza eta Formakuntzako ardurandun teknikaria, eta Txema Villate eta Gotzon Bernaola, Innobasqueko zuzendari nagusia eta programa-zuzendaria, hurrenez hurren.
“Euskadiko erakundeetan adinaren kudeaketarako gidaliburua. Erakundeetan aplikatzeko hamabi proposamen eta administrazioentzako hiru gomendio” aurkeztu da jardunaldian; gidaliburua Cidec-Berrikuntza eta Gizarte Garapena erakundeak egina da, Innobasqueko Enplegu eta Zahartze i-taldeen eztabaida, ekarpen eta hausnarketen emaitza gisa. Eremu honetako jardunbide egokien kasuak deskribatzen dira argitalpenean.
Berrikuntzaren Euskal Agentziak uste du erakundeetan adina kudeatzea gai estrategikoa dela, oraindik ere Europan sakon jorratu gabea, baina eragin zuzena duena enpleguaren sorkuntzan eta mantenuan, bizi-kalitatean eta Euskadiko Barne Produktu Gordinean (BPG), Euskadi baita munduan eskualderik zahartuenetako bat, bizi-itxaropena gehituz eta jaiotza-indizeak gutxituz joan direlako. Aldaketa hauek eragin zuzena dute zenbait gaitan: biztanleria aktiboak geroz eta handiagoa duen batez besteko adinean, erretiro-adinean, pentsio-sistemen gaineko presioan eta abarretan.
Gai honen kudeaketa zuzenak hobetu egingo luke zaharrenen enplegagarritasuna, estigmatizatuak izaten baitira 45 urte baino gehiago dituztelako, eta horren ondorioz adin-tarte horretako langileen kontratazioa oso urria izaten da, lan-gaitasunaren galerarekin erlazionaturiko estereotipo faltsuak jasan behar izaten dituzte eta. Egia esateko, Eustat-en arabera, Euskadin 45 urte baino gehiagoko langabeak, guztira, egoera berean dauden 25 urtez beherakoak baino bi aldiz baino gehiago dira (37.900 haiek eta 15.000 hauek, 2012ko azken hiruhilekoan), nahiz eta gazteen langabezia askoz handiagoa izan beste adin-talde batzuena baino (%39,3 gazteentzat eta %9 adin handieneko pertsonentzat).
Hala ere, senior langileek belaunaldien arteko jakintza edo ezagutzaren transferentzia errazten dute, enpresa txiki eta ertainen (ETE) kasuan gerentzian ondorengotza bermatzen dute, eta egonkortasuna ematen diete txandakatze handiko plantillei. Bestalde, lanpostuak adin handienekoengana egokitzeak, batez ere industria-sektorean, lan-bizitza luzatzea dakar eta, hedaduraz, pentsio-sistemei buruzko presioa gutxitzea. Honela, adinaren kudeaketa estu lotua dago gizarte aurreratuen –horien artean, Euskadiren– erronka nagusiei: enplegua, zahartzea eta prestakuntza.
Jardunaldi hau “Innobasqueren Astearteak” topaketen barruan kokatzen da; ekimen horrekin Berrikuntzaren Euskal Agentziak berrikuntzaren protagonistei dei egiten die, hilero, dibulgazio-foro ireki batera, euskal berrikuntza jendearen, erakundeen eta hedabideen begiradapean jartzeko.