INNOBASQUEK EUSKAL BERRIKUNTZAREN MAPA AURKEZTU DU ETA BERE 15. BATZAR NAGUSIA OSPATU DU MAKINA ERREMINTAREN BIENALEAN
Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak 2021eko jardueraren balantzea egin du eta kontuak onartu ditu Iñigo Urkulluk itxi duen ekitaldi batean
Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente Manuel Salaverriak Berrikuntzaren Ekosistemen arteko elkarlana azpimarratu du, hori baita “Euskadiko I+G+b arloko inbertsioen bilakaera positiboaren motorra”
Euskal Berrikuntzaren Mapari esker, enpresek beren lehiakortasuna handitzeko aukera dute, berrikuntzaren bidez. Plataforma honetan ia 650 soluzio jasotzen dira lehenengo aldiz, bai eta Berrikuntzaren Ekosistemako 250 eragileren kontaktuak eta 125 kasu praktiko
Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea Euskadiko Berrikuntzaren Maparen parte da
Maparako sarbidea: https://mapa.innobasque.eus/
Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente Manuel Salaverriak Euskal Berrikuntzaren Ekosistemako eragileen elkarlana azpimarratu du, hura baita “Euskadik bizi duen I+G+b arloko inbertsioen bilakaera positiboaren motorra”. Salaverriak adierazi duenez, inbertsio horrek “handitzen jarraituko du 2022an, eta 1.630 milioi eurotik gertu ibiliko gara”; horrek gehiengo historikoa markatuko du. Horrela itxi du Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren ohorezko presidenteak, Iñigo Urkullu lehendakariak, bazkideen 15. Batzar Nagusia. Ekitaldia Makina Erremintaren Bienalean antolatu da, hau da, Bilbao Exhibition Centre, BEC! esparruan ospatzen ari den nazioarteko industria arloko azokan.
Bertan izan dira, besteak beste, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteordeak: Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua; Iñigo Ucin, Mondragon Korporazioko presidentea; Nuria Gisbert, CIC energiGUNEko zuzendari nagusia; eta Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea. Bileran izan dira, halaber, Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko diputatua; Lourdes Moreno, Bolueta Engineering-eko zuzendari nagusia; Fernando Irigoyen, Kutxabank-eko zuzendari nagusia; Aitor Urcelai, Spri Taldeko zuzendari nagusia; Olatz Fernández, Fernández & Elejalde Abokatuen bazkidea; Dolores García, CCOO Euskadiko Sindikatuen Konfederazioko idazkari nagusia.
Jarraian, lehenbizikoz erakutsi da Euskal Berrikuntzaren Mapa. Plataforma paregabe honek enpresei berritzen laguntzeko soluzioak eskaintzen dizkie, eta horretarako bilatzaile bat du 125 kasu praktikorekin eta Berrikuntzaren Ekosistemako 250 eragileek eskaintzen dituzten 650 soluziorekin. Horrez gain, eragile horiengana zuzenean jotzeko kontaktua ere eskuragarri dago. Mapa hori Innobasque Euskal Berrikuntzaren Agentziak gainerako 250 eragilerekin izandako elkarlanaren ondorio da. Eragile horien artean enpresak, jakintza‑eragileak, eragile publikoak, tokiko garapenerako bulegoak, finantza‑erakundeak eta gizarte-eragileak daude. Horrez gain, Mapak profil azkarra du, eta, horren bitartez, bilaketa findu daiteke eta 10 minututan kasu bakoitzerako soluzio egokienera bideratzen zaitu.
“Elkarlana beharrezkoa da ETE‑ei berritzeko aukera emateko eta beren lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko. Euskal Berrikuntzaren Mapa horren adibide garbia da. Guztion artean indartsuagoak gara” adierazi du aurkezpenean zehar Leire Bilbaok, Euskal Berrikuntzaren Agentziako zuzendari nagusiak. Horrez gain, parte hartu dute Mireia Elkoroiribek, Durangaldeko Behargintzako presidenteak, garapen agentzien eta Garapen bere elkartearen izenean; Patricia Tamések, Makina-erreminta Fabrikatzaileen (AFM) elkarteko zuzendari laguntzaile nagusiak, Klusterren Antolakunde Dinamizatzaileen (KAD) izenean; Miren Artarazek, 4gune, Ingeniaritza, Zientzia eta Teknologiako Klusterreko zuzendariak eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Politika eta Koordinaziorako zuzendariak; Amaia Jugok, Elkargiko Bizkaia eta Gipuzkoako lurraldeko-zuzendariak, eta Luis Manerok, Innobasque Euskal Berrikuntzaren Agentziako ETE‑en Berrikuntzako zuzendariak. Aurkezpena streaming bidez eman da BIEMH TBn, eta Dani Álvarez kazetaria izan da zeremonia-maisua.
2021, urte garrantzitsua
Berrikuntzaren Mapa Innobasqueko Batzar Nagusian aurkeztu da, eta, bertan ere, urteko kontuak, 2021eko Kudeaketa Txostena eta 2022ko aurrekontua onetsi dira.
2021 jarduera handiko urtea izan da Euskal Berrikuntzaren Agentziarako. Horren bazkideak euskal I+G arloaren % 62 dira. Bazkide diren 905 entitatetik, erdia enpresak dira, eta horietako % 86 enpresa txikiak eta ertainak. Administrazio publikoek, ikasketa zentroek, Euskal Berrikuntzaren Ekosistemako eragileek eta sozietate zibileko ordezkariek tipologia osatzen dute.
2021ean zehar, Berrikuntzaren Euskal Agentziak 68 enpresari eman die aholku, 526 erakunde sartu ditu barne, 39 txosten sortu ditu, 712 pertsonari informazioa helarazi die, 7 saretan parte hartu du eta 480 euskal erakundek Europako programen etekina lortu dute hari esker.
Innobasquen helburua da Euskadi berrikuntza-maila altuen duten Europako eskualdeen artean egotea 2030ean, eta, horretarako, bere jarduera berrikuntzaren monitorizazioari, ebaluazioari, jarduerari eta sozializazioari lotuta dago.
2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean jaso diren berrikuntzako joerak monitorizatu ditu 2021ean, eta euskal erakundeek zaintza-estrategikoa egiteko ekimenak aurrera eraman ditu. Agentziak Euskadiko berrikuntzaren egoera ebaluatzen du, eta administrazio publikoei laguntza ematen die berrikuntza-politikak diseina ditzaten, hala nola Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako Internazionalizazio Estrategia (2021-2030). Horrez gain, esperimentazio-laborategi gisa ere jarduten du gerora gainerako erakundeetara eraman daitezkeen ekintzak garatzeko. Zentzu horretan, hirugarren sektoreko 61 enpresatako eta 30 erakundetako berrikuntza-profila garatu du. ETE‑entzako berrikuntza-programetan parte hartu du, hala nola Basque District of Culture and Creativityrekin, Onekin elikagaien industriarako edo Hazinnova programarekin, enpresa txiki eta ertainen berrikuntzako lehen urratsak bultzatzeko. 2021ean “Formakuntza berrikuntzan” izeneko ekimen arrakastatsua abiarazi zuen, eta, horren bidez, ETE‑ei neurrian eta mailan egokitzen zitzaizkien ikastaroak eskaini zituen.
Innobarque Enterprise Europe Networkeko kide da, hau da, ETE‑en berrikuntzarako laguntza ematen duen sarerik handiena. Horri esker, 480 erakundek Europako programen etekina lortzeko aukera izan dute. Horrez gain, STEAM Euskadiko Estrategia hedatzen lagundu du, besteak beste FIRST LEGO League Euskadi eta STEAM Sare proiektuekin, gazteak lanbide zientifiko‑teknologikoetara hurbiltzeko.
Horrez gain, sozializazio-lan garrantzisua egiten du, Euskadiko berrikuntzako jarduera ikustarazten baitu (bereziki ETE‑ena), eta gizartearen esku jartzen ditu gaiari buruzko datuak, hala nola Europan, estatuan zein eskualdean eskuragarri dauden laguntzen berri emanez, edo X Global Innovation Day ekimena diseinatuz, besteak beste. Azken horrek hasiera eman zion Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen azkeneko edizioari.