INNOBASQUEren “BERRIKUNTZA-PROFILAK” Europako Batzordearen Aintzatespena jaso du ete-en berrikuntza-kudeaketa hobetzeko tresna gisa

Europako Batzordeak Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren berrikuntza-profila aintzatetsi du ETE-en berrikuntza kudeatzeko gaitasuna hobetzen duen tresna gisa. Berrikuntza-prozesuak modu aktibo eta kontzientean kudeatzeari esker, enpresek beren negozioak eraldatu ahal izaten dituzte, baita produktu hobeak eskaini, prozesu hobeak egin eta balioa eta onurak eraginkortasun handiagoz sortu ere

2018an abian jarri zenetik, guztira 336 enpresak (% 90 ETEak) ezagutu ahal izan dute beren berrikuntza-maila, eta txosten xehatu bat jaso dute. Txosten horrek beren hobekuntza-arloa identifikatu eta gomendio eta konponbide zehatz eta indibidualak proposatzen ditu.

Europako Batzordearen Enpresa Txiki eta Ertainen Agentzia Exekutiboak (EASME) 2020an balioztatu zuenetik, zerbitzu hori Enterprise Europe Network nazioarteko sarearen ETE-en berrikuntza eta nazioartekotzea babesteko jardueren barruan sartzen da, eta Euskadiko nodoa Spri Taldea, Innobasque, Beaz eta Arabako, Bilboko eta Gipuzkoako merkataritza-ganberek osatzen dute.

Profila eta gomendioak

Berrikuntza-profilak egiteko, elkarrizketa pertsonalizatuak egiten zaizkie enpresei, metodologia propio bati jarraituz. Aztertutako ETE-ek egoera-txosten bat jasotzen dute, beren berrikuntza-maila eta lehiakortasuna jaso, hobetzeko arloak identifikatu eta gomendio eta konponbide zehatz eta indibidualak proposatzen dituena.

Innobasqueren ekimena ez da amaitzen berrikuntza-profila egin duten enpresei beren txosten xehatua aurkeztearekin. Hobekuntza-ekintzak identifikatu eta enpresaren erronka eta interesekin lerrokatuta egongo diren konponbideak proposatu ondoren, bigarren fasean akonpainamendu-lanak egiten dira, eta enpresak zuzenean jartzen dira harremanetan berritzeko eta/edo parte-hartzeko proiektuak eta konponbideak eskain diezazkieketen eragileekin.

Azken fasean, Innobasquek jarraipena egiten die jaso dituzten gomendioak oinarritzat hartuta enpresek martxan jarritako ekintzen emaitzei, proposatutako konponbideen eraginkortasuna zein den jakiteko.

Innobasquek erakunde bazkideei profila egin zienean abiarazi zerbitzu hori, eta esperientzia beste enpresa txiki eta ertain batzuetara zabaldu du, 26 bitarteko eragileren lankidetzaren bitartez, hala nola, elkarteak, klusterrak edo garapen-agentziak; berrikuntza-profilen inguruko prestakuntza eman die horiei guztiei Innobasquek. Honako hauek dira kolaboratzaileak: Aclima, Amurrio Bidean, Durangaldeko Enpresa Elkartea, Ermuako Udala, Galdakaoko Udala, Leioako Udala, Azti, BIC Bizkaia Ezkerraldea, Bidasoa Activa, Somorrostro Prestakuntza Zentroa, Elikadura Klusterra, Debagoieneko Mankomunitatea, Debegesa, Egaz Txorierri, Enkartur, Errota Fundazioa, Goieki, Gorbeialde, Hazi, Inguralde, Konfekoop, Lanbide Ekimenak, Leartiker, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoa Behargintza, Meatzaldeako Behargintza eta Mungia Behargintza.

Horrela, Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzada handia eman dio Euskadiko ETE-en berrikuntza-jarduerari nola eta non berritu azaltzen dien tresna horrekin, modu xehatu eta sistematikoan testatuz beren berrikuntza-gaitasunak.

Pandemiak berritzeko beharra handitu du

Egindako profilen analisitik ondorioztatutakoaren arabera, pandemiak areagotu egin ditu aztertutako enpresen berrikuntza-erronkak, eta agerian jarri du bezeroekiko kontaktua arindu eta sendotzeko prozesua berritzeko beharra, handitu egin baititu oztopoetako batzuk, besteak beste, finantzaketa lortzeaeta pertsonak kudeatzea. Marketinarekin, barneko antolakuntzarekin eta pertsonen kudeaketarekin lotutako berrikuntza-jarduerak, non Euskadiko ETE-ek hobekuntza-marjina handiagoa duten, lehentasunezkoak bihurtu dira.

Berrikuntza-profila egin zuten konpainia gehienentzat, kalitate-balioaren proposamena hobetzea da berritzeko motibazio handiena, eta, ondoren, produktuen kalitatea eta gama hobetzea eta merkatu eta bezero-segmentu berrietara iristea. Berritzerako orduan interesgarrienak diren arloak negozio-eredu berriak, berrikuntza-prozesuen sistematizazioa eta marketinaren nahiz salmenten digitalizazioa izan dira.

“Berritzen lagunduko dizugu”, ETE-en zerbitzura dagoen estrategia

“Berrikuntza Profila” Innobasquek abian jarritako beste ekimen batzuek osatzen dute, eta helburu berbera dute: Euskadiko ETE-ek I+G+b-ren alde egitea oraingo eta etorkizuneko lehiakortasuna ziurtatzeko. Berrikuntzaren Euskal Agentziaren “Kasu Praktikoen Bankua“: bertan, enpresek kontsultak egin ahal izango dituzte, bertatik bertara jakiteko nola erantzun dieten beste erakunde batzuek beren antzeko beharrei eta erronkei. Bankuak hainbat sektoretako esperientziak ditu, ibilbide historikoa duten eta birmoldaketa industrialaren prozesua egin behar izan duten enpresetatik hasi eta ekintzailetza eta startup ekimenetatik sortutako ETE-etara.

Innobasquek ETE-en esku jarriko duen hirugarren tresna digitala abian egongo da laster, eta aukera emango die “Berrikuntzaren Mapa” bat izateko, Berrikuntzaren Euskal Sistemako eragileek haien eskura jartzen dituzten irtenbideak bilatzeko eta aurkitzeko, baita horiek lortzeko kontaktu zehatza eskuratzeko ere.