Inspira STEAMen aurkezpen ekitaldiak berrogeita hamar lagun inguru bildu ditu Arabako Parke Teknologikoan

Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak, Deustuko Unibertsitateak eta Arabako Foru Aldundiak antolatuta aurkeztu da neska ikasleen bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko ekimena

Egungo egoera dela eta, eta osasun-neurriak betez, aurkezpena aurrez aurrekoa nahiz streaming bidezkoa izan da

Inspira STEAMek, ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren munduko emakume eta gizon profesionalak eredu izango dituen eta horiek emango dituzten sentsibilizazio-ekintzak bultzatzen ditu

Arabako Parke Teknologikoak Inspira STEAM Araba jardunaldiaren aurkezpena jaso du gaur, Deustuko Unibertsitateak, Euskadiko Parke Teknologikoen Sareak eta Arabako Foru Aldundiak antolatuta, hiru erakundeek 2021ean sinatu zuten hitzarmenaren barruan. Arabako enpresa eta ikastetxeetatik etorritako berrogeita hamar pertsona ingururen aurrean aurkeztu da 2021-2022 edizioa, gazteen, batez ere nesken, artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko.

Inspira STEAMek, ikerketaren, zientziaren eta teknologiaren munduko emakume eta gizon profesionalak eredu izango dituen eta horiek emango dituzten sentsibilizazio-ekintzak bultzatzen ditu. Azken edizioan gizonak ere sartu ziren mentore gisa.

Jardunaldian hauek hartu dute parte: Amaia Acha-Orbe Iriarte, Bigda Solutions SL enpresaren sortzaileetako bat; Paloma Gonzalo, Vidrala, S.A.-ko CIO; Carmen del Río López, Dair Ingenieros SL enpresako proiektu zuzendaria; eta Nagore Ortiz Vitoriano, CIC energiGUNEko metal-aire baterien ikerketa-lerroko arduraduna.

Beren esku-hartzeetan nabarmendu dutenez, neskatoek STEAM lanbideak (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika) deskubritu ditzaten, garrantzitsua da enpresetan eta ikerketa-zentroetan lan egiten duten emakume profesionalek egiten duten lana ikusaraztea eta balioestea, horiek ispilu izan daitezen, ikasleek isla izan dezaten eta, horrela, ikasketa eta gradu zientifiko-teknikoen aldeko erabakia har dezaten.