ISO 9000ko adituek Euskadi aukeratu dute munduko kalitate arau nagusiaren berrikuspena egiteko

Gipuzkoa

Berrikuspenaz arduratuko diren berrogeita hamar profesionalak astebetez elkartuko dira Bilbon ekainaren erdi aldera. Berrikuspen prozesua bi urtez luzatuko da. ISOri buruzko erabakiek eragina dute herrialdeen arteko balantza komertzialean, 150etik gora herrialdetako milioi bat enpresa eta erakunde baino gehiagok baitute ziurtagiri hori. SPRIk, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publiko nagusiak, antolatu du topaketa.

Normalizaziorako Nazioarteko Erakundearen Batzorde Teknikoak (ISO), munduko kalitate ziurtagiri garrantzitsuena ematen duenak, Euskadin egingo du ISO 9001 Araua berrikusteko mundu mailako lehen topaketa. Bilera ekainaren 18tik 22ra izango da SPRIk (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren enpresa agentziak) Bilbon duen egoitzan. Topaketaren helburua izango da ISO 9000 arau multzoa, dokumentu garrantzitsuenak eta hedapen estrategia garatu eta berrikustea.

60 profesionalek osatuko dute datorren ekainean Bilbon elkartuko den taldea. Profesional horiek normalizaziorako institutu nazionalen sarea osatzen duten 100dik gora herrialdetatik hautatuak izan dira, aukeraketa bat egin baita talde hauta horretan sartzeko aurkeztu diren eskaera guztien artean. Talde horrek hartuko dituen erabakiek eragin ekonomiko handia dute: sareko kide diren herrialdeen gaitasun komertzialak alda ditzakete, zeren erabakitzen bada produktu batek derrigorrezko zehaztapenak bete behar dituela, gerta liteke produktu horiek onargarriak izatea edo ez izatea edo baita ere produkzio kostu merkeagoak dituen herrialde bati gehiago ezin erostea, araua betetzen ez duelako. Horregatik, zenbait herrialderentzat erabakigarria izan daiteke lantaldean zuzenean parte hartzea. Batzuetan, herrialde boteretsuenek profesionalak kontratatzen dituzte berrikuspen taldean parte har dezaten.

Kanadako ordezkaritza da ISO Taldeko Idazkaritzaren buru Arau Estandarren Kanadako Elkartearen bidez eta BSI (Brtitish Standars Institute) da Bilbon bilduko den taldearen buru. Bilera horretan aktiboki parte hartuko du Normalizaziorako Espainiako Elkarteak (AENOR). Bileran parte hartzen dutenek ez dute dedikazio esklusiborik, enpresa eta erakundeetako goi-mailako arduradunak baitira.

Bilboko bilera izango da berrikuspen prozesuaren abiapuntua, zeina bi urtez luzatuko baita eta munduko herrialde desberdinetan egingo diren bileren bidez garatuko baita.

ISOk nazioarteko 19.000 arau baino gehiago garatu ditu 1947. urtean sortu zenetik eta 1.000 homologazio-araudi baino gehiago argitaratzen ditu urtean. Denetan ezagunenak, ISO 9000 arauak, 25 urte beteko ditu eta denbora horretan mundu osoko milioi bat enpresa baino gehiagok lortu dute homologazio ziurtagiri hori. Espainiako organismoak 1500 arau baino gehiago argitaratzen ditu urtean eta 30.000 UNE arau baino gehiago ditu katalogoan.

ISO

Nazioarteko arau eta estandar gehien argitaratzen eta garatzen dituen Normalizaziorako Nazioarteko Erakundea da ISO. 163 herrialdetako normalizazio institutu nazionalek osatutako sare bat da, kide bat duena herrialde bakoitzeko eta Genevan (Suitza) kokaturik duena sistema osoa koordinatzen duen Idazkaritza Zentrala. ISO gobernuz kanpoko erakunde bat da eta zubi-lanak egiten ditu sektore publiko eta pribatuaren artean. Institutu horietako zenbait beren herrialdeetako gobernu egituraren barruan daude eta beste batzuk, berriz, kide pribatuak dira, partzuergo nazionalen eta elkarte industrialen bitartez sartu direnak.

Partekatu

Beste berri batzuk