ITP Aero-k planta berri izango du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean

Bizkaia

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Bizkaiko diputatu nagusi Unai Rementeria buru, IPT Aero-ren instalazioen “lehen harria” ipini da Bizkaiko Parkean. Externals delakoak diseinatu eta fabrikatuko dira instalazio horietan; hau da, aeronautikako motorren estalduran erabiltzen diren osagaiak (fluido-sistemak, egiturak eta bestelako elementuak).

ExternalsPlantDerion kokatuko da planta berria, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen barruan, IPT Aero-k Zamudion duen egoitza nagusitik oso gertu. Datozen bizpahiru urteetan, 160 langile arituko dira instalazio berrietan (gutxi gorabehera 100 birkokapen eta 60 lanpostu berri). Behargin berrien erdia inguruk goi-mailako ikasketak edukiko dituzte (ingeniaritzak), eta gainerakoek erdi-mailako edo goi-mailako lanbide-heziketa.

Externals osagaien eskaria geroz eta handiagoa denez, egungo produktu sorta handituko du enpresak, balio erantsi handiagoko elementu konplexuagoak barne hartzeko. Izan ere, planta horretan ekoiztuko diren osagai gehienak special fabrications gisakoak izango dira. Horretarako, teknologia berriak txertatuko dira, hala nola superaleazioak elkartzeko eta konformatzeko prozesu aurreratuak.

14,2 milioi euroko inbertsioa bideratu da 2019ko udaberrian martxan jarriko diren instalazioetara. Hainbat osagaien ingeniaritza, garapen eta ekoizpenerako bulegoak ez ezik, IPT Aero-ren Externals negozio-arloaren egoitza globala ere kokatuko da bertan.

Espainian, Mexikon eta Indian fabrikazio-zentroak dituzten aeronautikako motor-enpresa nagusienentzako (Rolls-Royce, Pratt & Whitney, Honeywell) External osagaiak diseinatu eta fabrikatzen ditu IPT Aero-k. Externals produktu-zorroaren baitan, munduko lehen hiru konpainien artean kokatzen da ITP Aero, aeronautikako hoditeriaren segmentuan (Externals filialak merkaturatzen duen produktuetako bat).

Aurreikuspenen arabera, Externals-en eskariak gora egingo du datozen urteotan, aeronautikako motor berriek baldintza zorrotzagoak bete behar izango dituztelako teknologiari eta ingurumenari dagokienez. Horrenbestez, balioa eta erantzukizuna erantsiko zaie bigarren mailako sistemei, Externals delakoei ere bai.

IPT Aero-ko zuzendari nagusi Carlos Alzolaren hitzetan: “ITP 2020 Plan Estrategikoan trazatutako hazkunde-planei jarraitzen die planta berriak. Hala, indar gehiago metatuko dira I+Gn, eta munduko industria aeronautikoaren hazkunde-aurreikuspenei erantzungo zaie. Planta abiaraztearekin batera, bi urteotan bi izan dira martxan jarri ditugun instalazioak; eta IPT Aero-ren hazkunde-nahiaren isla da hori”.

Ondokoek ere parte hartu dute ekitaldian: Javier Zarraonandia (Eusko Jaurlaritzako Industriako sailburuordea), Imanol Pradales (Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko foru-diputatua), Gorka Estebez (Sustapen eta Garapen Ekonomikoko zuzendari nagusia), Txema Bilbao (Enpresak eta Berrikuntza Sustatzeko zuzendariorde nagusia), Igotz López (Zamudioko alkatea), Esther Apraiz (Derioko alkatea), Joseba Urbieta (Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko kudeatzailea) eta Ángel Acha (Parkeko ezarpen-zuzendaria).

Partekatu

Beste berri batzuk