Izaik Gabonetako errepertorio barrokoarekin ospatuko du larunbat honetako Miramongo Matinéea
Izai ganbera-taldeak, gehienbat Euskadiko Orkestrako interpreteek osatutakoak, Eguberri giroa jarriko du Corrette eta Vivaldiren obrekin, larunbat honetan, abenduak 17, 11:00etan, Miramonen izango den kontzertuan. Sarrerak salgai daude 11 eurotan
Larunbat honetan, abenduak 17, 11:00etan, Euskadiko Orkestraren ganbera-musika ziklo Miramongo Matinéeen Denboraldiko seigarren hitzordua izango da. Bertan, Izai ganbera-taldeak ‘Eguberri barrokoa’ izeneko kontzertua eskainiko du, Michel Corrette eta Antonio Vivaldiren obra bikoitzarekin. Taldeko kide gehienak orkestrako musikariak dira: Xabier de Felipe (biolina), Larraitz Oiartzabal (biolina), Bruno Claverie (flauta) eta Marco Caratto (fagota). Loreto Aramendi klabezinjole eta organojoleak osatuko du taldea.
Kontzertua XVIII. mendeko Michel Corrette organista, pedagogo eta konpositorearen obrekin ireki eta itxiko da. Oso ekoizpen zabala du frantziarrak ganbera-talde, organo, ahots-musika eta orkestrarako, eta bere obretako asko jatorri herrikoikoak dira. Aipagarria da, halaber, Parisko Opéra-Comique Antzoki Nazionalarentzat konposizio ugari egin zituela. Bere Sei Gabonetako Kontzertu sailetik, Izaik laugarrena joko du, Suitzako Eguberria, eta bosgarrena, Alemaniako Eguberria.
Matinéeko bigarren eta hirugarren obrak Antonio Vivaldi italiarrarenak izango dira: bere RV94 eta RV99 ganbera-kontzertuak. Ia ziurtasun osoz, kinteto hauek veneziar jeinuak idatzi zituen bere jaioterriko Ospedalle della Pietá umezurztegiarentzat, non biolin- eta kantu-eskolak eman zituen 1703tik 1715era eta 1723tik 1740ra. Garai hartan, Veneziak lau ospitale-umezurztegi zituen, euren artean lehiatzen zirenak instrumentisten formakuntzan eta horietan programatzen ziren kontzertu ugarietan. Hospizio bakoitzak 30 eta 40 instrumentista bitarteko orkestra bat zuen, guztiak emakumezkoak, baina Pietatean 60 izatera iritsi ziren. Instrumentista horiek askotan hainbat kontzertutarako ere kontratatzen ziren Veneziako nobleziako udako egoitza zoragarrietan, horietako asko benetako maisulan arkitektonikoak, Brentako Erriberan zeudenak kasu.
Sarrera solteak (11€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.
Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio kontzertua ikustera doazen abonatuei. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.
Miramongo Matinéeek Kutxa Fundazioaren babesa dute sortu zirenetik.