Jaurlaritza eta 10 euskal enpresa elkarlanean aritu dira Vito elektrikoan, 13,5 milioi euroko proiektuan

Gipuzkoa

I+Gari laguntzeko Etorgai programaren zati den lanaren balantzea aurkeztu du lehendakariak, aurten 42 milioi eurorekin hornituta dagoena eta inbertsio pribatuko beste 80 milioi ere mobilizatuko dituena. E-Vito proiektu horretan inbertituriko euro publiko bakoitzak 2,26 euro pribatu mobilizatzea lortu du. Hamar euskal enpresak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako bost agentek, Mercedes buru dela, parte hartu dute garapenean. Partzuergoa osatu duten enpresen 8 patente izan dira proiektu horren emaitza.

Etorgai E-Vito proiektuaren balantzea aurkeztu du gaur Patxi López lehendakariak Arabako Teknologi Parkean. 13,5 milioi euro (9,5 milioi jatorri pribatukoak eta 4,1 milioi Eusko Jaurlaritzarenak) mobilizatu dituen proiektu horrek euskal automozio-sektorearen garapena eta auto elektrikoaren nazioarteko merkatuaren eskakizun berrietarako egokitzapena bultzatzea lortu du.

Bertan, 10 euskal enpresak parte hartu dute guztira, Mercedesen lidertzarekin, baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko bost agentek ere. Vito E-Cell furgoneta elektrikoa izan da horren azken emaitza, seriean fabrikatzen den mota horretako lehenengoa, eta 2011ko otsailetik aurrera merkatuan izango dena. Mila furgonetatik gora fabrikatu dira jada.

Mercedes buru duen eta enpresa horrek berak koordinatu eta inplementaturiko proiektu estrategiko hori bultzatzeko Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak bideraturiko aurrekontua 4,1 milioi eurora iritsi da. Horrela, inbertituriko euro publiko bakoitzeko 2,26 euro pribatu mobilizatu dira.

Lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmendu du lehendakariak, baita I+Garen aldeko apustu garbia ere, berrikuntza gehien aplikatzen duten eta nazioartekotzen diren enpresak baitira gehien hazten direnak, lehendakariak berak adierazi duenez.

Ildo horretan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berria nabarmendu du, 2011-2015 aldian 8.946 milioi euro mobilizatzea aurreikusten duena. Abenduan onarturiko plan horrek Euskadin I+Gari eskainitako gastuko BPGaren % 3ko maila gainditzea du erronkatzat. Aurten lehen aldiz gainditu du % 2ko maila Euskadin eta EB-15aren batez bestekoa berdindu du.

Gainera, zehaztu du erronka hori euskal enpresen inplikazioarekin soilik gainditu ahalko dela, eta ondorio biderkatzailea gertatzen bada betiere, I+Gan inbertituriko euro publiko bakoitzeko inbertsio pribatuko beste 2 euro mobilizatzea eragiten duen ondorio biderkatzailea, proiektu honetan gertatu den bezala.

Era berean, euskal enpresei laguntzeko bere apustua ere atxiki du, enpresek sortzen baitute jarduera eta enplegua, eta horixe da berriki aurkezturiko 2.180 milioi euroko ezohiko finantzaketa-programaren arrazoia, Kutxabanken laguntzarekin egindako programarena.

Ekitaldian nabarmendu denez, proiektu horien aldeko apustua eginez jarraituko du Eusko Jaurlaritzak, baita aurrekontu-murrizketek horrenbeste mugatzen duten garai honetan ere. Nazioartean abangoardian dagoen industria berritzailea dauka Euskadik. Ibilgailu elektrikoa da horren adibiderik onenetakoa.

Elkarraldira bertaratu dira, halaber, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda, Arabako diputatu nagusi Javier de Andrés, eta Gobernuaren Euskadiko ordezkari Carlos Urquijo, baita proiektuan parte harturiko enpresa bakoitzeko hainbat ordezkari ere.

Inplikaturiko enpresak bideo baten protagonista izan dira, eta bertan E-Vito proiektuaren osagaien elaborazioan parte hartu izanaren esperientziaren berri ematen dute, baita ikerketa-prozesuetatik ateratako produktuen bikaintasunen berri ere. Ekitaldian bertan proiektatu den bideo hori Euskal Telebistaren Teknopolis programan bilduko dute etorkizunean, Etorgairen emaitzei buruzko atal espezifiko bat gaineratuko baitu programak.

e-VITO proiektua (Etorgai)

Etorgai ekimena Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren enpresen I+Gari laguntzeko eta izaera estrategikoa duten industria-ikerketako proiektu integratuetan lankidetza sustatzera bideratutako programetako bat da. 2011ko ekitaldian onartutako proiektuek 34 milioiko inbertsioa eragin dute, eta 175 enpresa izan dira onuradun. 2012an deialdia martxoaren 30ean itxiko da, eta aurreikusi den inbertsioa 42 milioi eurotik gorakoa izango da. Inbertsio publiko horrek I+Gan guztira 120 milioi euroko inbertsioa mobilizatuko du.

Proiektu zehatz hori bereziki interesgarria da automozioaren osagaien sektorearekin erlazionatuta dauden Euskadiko agente guztientzat.

  • Enpresentzat, negozioaren ikuspuntutik, Ibilgailu Elektrikoaren bilakaerari lotutako erabakiak hartzea erraztuko duelako.
  • Horien I+G+Bko unitateentzat, beren proiektu-zorroen teknologia-arriskuak mugatu ahal izango dituztelako, hobeto ezagutuz zer teknologia-ezagutza mota garatu behar den eta zer erritmotan.
  • Zientzia- eta teknologia-agenteen komunitatearentzat, tokiko industriaren interesa zehatz-mehatz ezagutuko dutelako eta bere premien arabera ezagutza berria sortuko dutelako.

Etorgai E-Vito proiektuak, zeinaren trakzio-enpresa Mercedes izan den, automozioaren sektoreko hamar euskal enpresek garatutako ezagutza eta gaitasun teknologikoak integratu ditu: CIE Automotive, CIE Inyectametal, Cikautxo, GKN Driveline, Maser, Estampaciones Vizcaya, Inauxa, P4Q Electronics, GAT Staf, eta, noski, Mercedes. Eta Zientzia eta Teknologiako Euskal Sareko lau agente: Robotiker Fundazioa, Autotech Engineering AIE, CIE I+D+i Fundazioa, Edai Technical Unit AIE eta AIC Automotive Intelligence Center Fundazioa.

  • CIE Automotive eta CIE Inyectametal enpresek makina elektrikoaren eta eragintzaren diseinu modularretan oinarritutako osagaien eta soluzio integralen ikerketari lotutako jardueretan hartu dute parte, ibilgailu elektrikoaren propultsio-premiei egokitutako kontzeptu berritzaileak izaki.
  • GKN Driveline enpresak ibilgailuaren elektrifikazioa garatu du, etorkizuneko transmisioetan garrantzi handiko alderdia delako.
  • Maser enpresak ibilgailuen ateentzako elektronikako espezialitatean jardun du.
  • Bestalde, Estampaciones Vizcaya enpresaren ekarpena, ibilgailuen elektrifikazioaren ondoriozko aldaketei lotutako egitura-kontzeptu berrien ikerketa izan da.
  • Cikautxo enpresak ibilgailuen esekidurarako kautxuzko osagaiak garatu eta fabrikatu ditu.
  • Inauxa enpresaren ekarpena hiri-ingurunera egokitutako maneiagarritasuna bermatzea izan da, eta ibilgailuaren esekiduran sentsoreen eta eragingailuen integrazioa garatu du.
  • P4Q ELECTRONICS (P4Q) enpresak elektronikoki kontrolatutako elementu aktiboen lan-ildoen kontsolidazioan parte hartu du.
  • GAT STAFF enpresak mangeta konplexuen eta betekizun dimentsional eta funtzional zorrotzen mekanizazio-prozesuak ezarri ditu sistementzat, askatasun-maila desberdinekin.

Automozioaren sektoreko enpresa horien parte-hartzearen emaitza gisa, partzuergoko enpresek 8 patente berri erregistratu izana azpimarra daiteke.

Partekatu

Beste berri batzuk