Jesus Jimenez Barbero Ikerbasqueko ikertzailea, CIC bioGUNEko zuzendari zientifiko berria

Bizkaia

  • CSICeko Ikerkuntza Irakaslea eta Espainiako Kimikako Errege Elkarteko (RSEQ) egungo Presidentea Ikerbasqueko ikertzaile gisa sartu da zentroan.
  • CSICeko Ikerkuntza Biologikoetako Zentroko Biologia Kimikoa Saileko zuzendaria izan da 2009tik 2014ra bitartean.
  • Zentroaren zuzendaritza zientifikoaz arduratuko da, sorreraz geroztik kargu horretan izan den Jose Maria Matoren ordez, eta honek CIC bioGUNEko eta CIC biomaGUNEko zuzendari nagusia izaten jarraituko du.

Nuevo Investigador Ikerbasque CiCbioguneJesus Jimenez Barbero, kimika espainiarreko egungo izenik ezagunenetakoa, Bizkaiko Teknologia Parkean kokatuta dagoen CIC bioGUNE Biozientzietako Ikerkuntza Zentroko zuzendari zientifiko berri izendatu dute. Ikerbasqueko ikertzaile gisa sartuko den Jimenez Barberok erreleboa hartuko dio Jose Maria Matori, zentroaren hamargarren urteurrenarekin bat eginez.

Honela, Jose Maria Matok Jimenez Barberoren esku utziko du zentroko estrategia zientifikoaren zuzendaritza, baina Euskadin biozientzien eta biomaterialen esparruetan aitzindariak izan diren CIC bioGUNE eta CIC biomaGUNE ikerkuntza kooperatiboko zentroetako zuzendaritza nagusian jarraituko du.

Jesus Jimenez Barberoren izendapenaz, amaiera emango zaio duela zenbait urte Jose Maria Matok bi zentro ‘anaien’ estrategia zientifikoak finkatzeko abiarazi zuen prozesuari, 2012ko urtarrilean Luis Liz Marzanek Miramongo (Gipuzkoa) Teknologia Parkean kokatutako CIC biomaGUNEko zuzendaritza zientifikoaz arduratu ondoren.

CIC bioGUNEko zuzendari nagusi Jose Maria Matoren iritziz, “ikerkuntza zentro on batek lider zientifiko ona behar du. CIC bioGUNE zentro ona da dagoeneko, eta Jesus, zientzialari handia. Honen zuzendaritzapean, bioGUNEren lidergo zientifikoa segurtatuta dago”. Era berean, Fernando Cossiok, Ikerbasqueko zuzendariak adierazi duenez, “Ikerbasque eta CIC bioGUNEren arteko aliantzari esker, Euskadi biozientzien arloko nazioarteko erreferentzia bilakatu da”.

Jimenez Barbero, bestalde, pozik dago ikerkuntza sistemarekin Ikerbasqueko ikertzaile eta CIC bioGUNEko zuzendari zientifiko gisa bat egiteagatik: “Ilusioz beteta nator, lan egiteko gogo handiz. Niretzat, pertsonalki, aukera hau nire karrerako une egokian sortu da, gogoan darabiltzadan proiektu zientifiko ugari garatzeko baldintza aproposak behar nituen unean, alegia. Hau ingurune bikaina da horretarako”.

“Ziur nago, Ikerbasquek, CIC bioGUNEk eta hemengo testuinguru zientifiko eta sozialak pentsa nezakeen markorik egokiena eskaintzen dutela nire lana garatzeko. Nire ustez, Euskadin, zientzia aintzakotzat hartu eta gizartearen garapenean duen funtsezko betekizuna ezagutzen da”, adierazi du Jimenez Barberok.

  • Abangoardiako ikerkuntza

CIC bioGUNEn, Biologia Estrukturala, Molekularra eta Zelularraren arteko interfazeari dagokion abangoardiako ikerkuntza egiten da, gaixotasunaren oinarri molekularren ikerketari arreta berezia eginez, metodo diagnostiko eta terapia aurreratu berrien garapenean erabili ahal izateko. Horren haritik, zentroaren ikerketa-jarduerak lau esparru hauek ditu ardatz: Minbizia eta Zahartzea, Gaixotasun Infekziosoak, Metabolismoa eta Gaixotasuna, eta Proteinen Homeostasia.

Jesus Jimenez Barberoren espezializazio-arloa Biologia Kimikoa da, bereziki bizitzarako funtsezkoak diren interes biomedikoko prozesuetan proteina-proteina edo ligandoa-proteina elkarreraginekin zerikusia duten ezagutza molekularreko mekanismoen aurkikuntzari dagokionez. Hauxe izango da CIC bioGUNEn garatuko duen ikerketa-ildo nagusia, zentroko zuzendari zientifiko gisa egin beharreko lanaz gainera.

  • Jesus Jimenez Barberoren ibilbide zientifikoa

Jesus Jimenez Barbero Madrilen jaio zen (1960). Kimika ikasi zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan (1982) eta Kimika Organikoan doktoratu zen 1987an. Ikerketa Zientifikorako Goi Kontseiluko Kimika Organikoko Institutuan lan egin du, eta 1988tik 1992ra bitartean, ikerketa-egonaldiak egin zituen Zurich-eko Unibertsitatean (Suitza), Mill Hill-eko Ikerketa Medikoko Institutu Nazionalean  (Erresuma Batua) eta Pittsburgh-eko Carnegie Mellon Unibertsitatean (AEB).

Madrilera itzuli ondoren, CSICeko zientzialari titularraren plaza eskuan zuela, ezagutza molekularraren arloan lan egiten hasi zen, bereziki proteina eta ligandoen arteko elkarreraginei buruzko eta balizko sendagai edo zundei buruzko ikerketan. Zehazkiago esanda, karbono-hidratoen eta hauen proteina hartzaileen arteko elkarreragin-prozesuen gainean, erresonantzia magnetikoko metodoen laguntzaz.

1996an, CSICeko Ikertzaile Zientifikoa bihurtu zen, eta 2002an, CSICeko Ikerkuntza Biologikoetako Zentroko Ikerkuntza-Irakasle plaza lortu zuen. Zentro horrexetan egin du orain arteko jarduera zientifikoa, eta 2009tik 2014ra bitartean, Biologia Kimiko-Fisikoa Saileko zuzendaria izan da.

Bere ikerketaren emaitza garrantzitsuenak nazioarteko aldizkarietan plazaratutako 400 argitalpen baino gehiagotan eta 7 patentetan bilduta daude. Era berean, 200 hitzaldi baino gehiago eman ditu mundu osokon erakunde eta sinposioetan, eta 19 doktorego-tesi zuzendu ditu.

Jimenez Barberok nazioarteko aintzatespen garrantzitsuak ere lortu ditu, hala nola, Espainiako Kimikako Errege Elkartearen (RSEQ) 2003ko Kimika Organikoko Janssen-Cilag Saria, RSEQeko Erresonantzia Magnetikoko taldearen 2008ko Bruker Saria eta Karbohidratoen Kimikako 2010eko International Whistler Award delakoa.

RSEQeko egungo presidentea eta Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren Estatuko Ikerkuntza-Planeko Kimika Programaren Oinarrizko Kimika Programaren kudeatzailea da. Kimikarekin zerikusia duten nazioarteko hainbat aldizkaritako batzorde editorial edo aholku-emaileetako partaidea da, eta IRBB, ICIQ, CIQUS eta CIPF bezalako erakunde zientifikoen kanpoko aholkularitza-batzordeetako kidea da.

Partekatu

Beste berri batzuk