José Pérez Berdud aukeratu dute AFM clusterreko presidente

Albisteak, Gipuzkoa

Makina-erreminta, osagarri, osagai eta erreminta fabrikatzaileen Batzar Nagusia gaur egin da Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeko auditoriumean

José Pérez Berdud, FAGOR AUTOMATION enpresako CEO/zuzendari nagusia aukeratu dute elkarteko presidente eta César Garbalenaren lekua hartu du

Gaur goizean, elkarteak urtero antolatzen duen batzarrean, José Pérez Berdud aukeratu dute makina-erreminta, osagarri, osagai eta erreminta fabrikatzaileen, AFM Advanced Manufacturing Technologies, elkarteko presidente bi urterako.

José Pérez Berdudek 55 urte ditu eta Zumarragakoa (Gipuzkoa) da. Ingeniari tekniko elektronikoa da eta Mondragon Unibertsitatearen MBA Masterra du. Bere lan jarduera osoa Fagor         Automation enpresan gauzatu du, 1993an Ikerketa eta Garapen Sailean teknikari gisa lanean hasi zenetik. Enpresan fabrikazioarekin, logistikarekin eta erosketekin lotutako lanpostuetan aritu da, 2005etik 2016ra zuzendaritza industrialean aritu zen, eta ondoren CEO/zuzendari nagusiaren kargua hartu zuen bere gain.

Fagor Automation makineria automatizatzeko eta kontrolatzeko produktuak garatzen eta fabrikatzen dituen enpresa da, eta ia 700 langile inguru ditu. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea, 14 filial eta 30 bulego propio baino gehiago ditu mundu osoan zehar. Fagor Aotek izeneko zentro teknologiko propioa du eta I+G+b arlora salmenten % 10 baino gehiago bideratzen du. Gainera, 90 ikerlari baino gehiago ditu (horietatik 12 doktoreak dira) eta 36 patente aktibo ditu.

Elkartearen presidente berriak esperientzia handia du AFM arloan; izan ere, arlo horretako kontseilari izan da 2016az geroztik. Gainera, Europako fabrikatzaileen elkartearen (CECIMO) ordezkaria da, eta AFM bertako kide da 1962az geroztik.

AFMren batzar nagusiarekin batera, non Pérez Berdud presidente berria hautatu eta César Garbalenak agintaldia amaitu duen, AFM Cluster osatzen duten beste lau elkarteren batzarrak antolatu dira: ADDIMAT, ESKUIN, AFMEC eta UPTEK. ADDIMAT-eko batzarrean, TRIDITIVE enpresako Mariel Díaz ADDIMATeko presidente izendatu dute, HPko Jaume Homseren ordez.

Batzar orokorren ostean, “Fabrikazio Aurreratuaren eta Digitalaren Eguna 2022” ospatu dute bertaratutako guztiek. Xabier Ortuetak, AFM Clusterreko zuzendari nagusia, ekonomia arloko aurkezpena egin eta gero, hizlari gonbidatuek, Tirso Maldonadok eta Isabel Morenok, hartu dute hitza. Ekitaldian zehar, elkarteak omenaldia egin die sektorean oso maite eta errespetatuak diren bi pertsonari: batetik, GRIP-ON enpresako José Antonio Iriondori eta, bestetik, NICOLÁS CORREA taldeko José Ignacio Nicolás Correari. Biei AFMren urrezko domina eman diete. José Ignacio Nicolás Correak, halaber, erakundearen eratze-aktaren faksimilea jaso du, bere aita Baldomero Nicolás Correak 1946an sinatua.

Amaiera ekitaldira honako agintari hauek ere bertaratu dira: Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua; Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; eta Galo Gutiérrez, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioko Industriako eta ETEko zuzendari nagusia. Haiekin batera egon dira Ane Beitia, Elgoibarko alkatea; Mikel Amundarain, Industriako sailburuordea; Estíbaliz Hernáez, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea; Cristina Uriarte, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatua; Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Inguruneko foru diputatua; eta Aitor Urzelai, SPRIko zuzendari nagusia.

Enpresa mundutik, berriz, AFM Cluster elkarteetako presidenteak; Miguel González (ESKUIN); Aitor Alkorta (AFMEC); Nerea Aranguren (UPTEK); Mariel Diaz (ADDIMAT) José Ignacio Ortiz de Urbina (AIMHE); Elena Zárraga, Gaiako presidentea; Javier Zubía, Gipuzkoako Ganberako zuzendaria; Íñigo Ucín, Mondragon Korporazioko presidentea; Eduardo Junkera, ADEGIko presidentea, eta José Miguel Ayerza ADEGIko zuzendaria, AFMko kide diren enpresa askotako ordezkariez gain.

Partekatu

Beste berri batzuk