K·Business Connecting European TechParks, nazioartekotzean beste urrats bat
Málaga TechPark, Linköping Science Park, Adlershof Science and Technology Park eta NOI Techpark-ekin batera garatutako K·Business Connecting European TechParks ekimenak 64 erakundetako 69 profesional bildu ditu, balio erantsi handiko enpresa-lankidetzak sustatzeko
Euskadiko Parke Teknologikoak beste urrats bat eman du nazioartekotze- eta enpresa-lankidetzako estrategian, K·Business Connecting European TechParks (CET) ekimenaren sustatzaile gisa parte hartuz. Ekimen honen helburua Europako zientzia- eta teknologia-parke nagusietako batzuetako enpresen artean negozio-aukera berriak sortzea da.
Málaga TechPark, Linköping Science Park (Suedia), Adlershof Science and Technology Park (Alemania) eta NOI Techpark (Italia) erakundeekin batera garatutako proiektuak Europako berrikuntza-ekosistemen arteko lankidetza estutzea ahalbidetu du, eta nazioarteko proiekzioa duten enpresa-aliantzen sorrera sustatu du.
Ekimenak parte hartu duten bost parkeetako enpresak Europako bost enpresa traktore nagusirekin konektatu ditu —Sener, Actia, Swobbee, Lynka eta HBI—, industriaren eta teknologiaren arlo estrategikoetan lankidetza-aukera errealak identifikatzeko. Ekimen honek Europako zientzia- eta teknologia-parkeen arteko lankidetza indartzen du, erreferentziazko enpresa batzuen bidez, negozio-erronkak eta -aukerak aprobetxatuz.

Euskadiko Parke Teknologikoaren ordezkaritza 13 enpresak osatu dute. Vitoria-Gasteiz Campusetik CIC energiGUNE, Grupo Tecman, Zizare eta OMRON enpresek hartu dute parte; Zamudio/Derio Campusa World Mapping Solutions eta ZeniaLabs Automatización de Inteligencia enpresek ordezkatu dute; eta Donostia Campusean, berriz, Alerion Tecnologías, AVL Iberica Euskadi, Biotz, Neety, Lortek, Titanium Industrial Security eta Soluciones Integradas ULMA enpresek parte hartu dute.
Programa bi fasetan garatu da. Lehenengo fasean enpresa traktoreen aurkezpenerako online saio bat egin zen, eta bertan Europako bost parkeetako 64 erakundetako 69 profesionalek parte hartu zuten. Bigarren fasea enpresa parte-hartzaileek aurrez eskatutako aldebiko bilerak egiteari eskaini zitzaion.
Guztira, 26 erakundek bilerak egiteko eskaera egin zuten, eta horietatik 16k gutxienez bilera bat egitea lortu zuten, guztira 22 B2B bilera eginez. Euskadiko Parke Teknologikoko enpresek parte-hartze nabarmena izan zuten, bai izena eman zuten erakundeen kopuruari dagokionez, bai enpresa traktoreekin egindako bileren bolumenari dagokionez.