Kazakhstanek bere inbertsio Funts subiranoa aurkeztuko du, munduko hamar handienetako bat

Bizkaia

Kazakhstaneko enbaxadore Bakyt Dyussenbayev eta Inbertsio Funts Subiranoko arduradun SAMRUK KAZYNA Bilbon izango dira datorren apirilaren 10ean eta azalduko digute zein abantaila eskaintzen dizkien Kazakhstanek han ezarpen industrialak egin nahi dituzten euskal enpresei.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak SPRIren bitartez (Enpresen Garpenerako Agentzia) antolatu duen jardunaldi horretan ezagutzera emango da Kazakhstanek bultzatu duen inbertsio funts subiranoa, munduko 10 handienetako bat, eta baita ere Oil&Gas enpresa nazionala, itsas garraio, ingeniaritza eta petrolioaren nahiz haren deribatuen merkaturatze sektoreetan lan egiten duena.

Funtsak bere baitan hartzen ditu industri garapeneko bederatzi eremu berezi, Kazakhstan osoan barreiatuak daudenak. Bederatzi kokapen horietan industria-parkeak eraikitzen ari dira, azpiegitura onak dituztenak eta sektore industrial desberdinak bultzatzera zuzenduta daudenak. Hala, arlo hauetako proiektuak bultzatzera bideratutako eremuak garatu dituzte: eraikuntza eta zerbitzuak Astana-n (Kazakhstango hiriburua), garraioa eta logistika Aktau-n (Kaspio itsasertzean), informazio eta komunikazio teknologiak Almaty-n (herrialdeko hiririk jendetsuena), metalurgia Karaganda-n, oihalgintza Ontustik-en, gasa eta petrolioa Oral-en, turismoa Burabay-n, merkataritza eta logistika Khorgos-en eta kimika eta petrokimika Pavlodar-en.

Kazakhstango gobernuaren inbertsioak erakartzeko planak hainbat onura eskaintzen ditu, hala nola zuzeneko abantaila fiskalak, lurzorua libreki lagatzea -10 urtez- erosteko aukerarekin, sozietateen gaineko zerga ezabatzea, gizarte segurantzako kuotak edo BEZa kentzea eta inportatzeko arantzelak murriztea. Parke horietan ezartzen diren enpresek abantaila horiez gozatuko dute, zeintzuk kasu batzuetan 2027. urtera arte luzatuko baitira.

Bestalde, bada ICIK izeneko proiektu bat (Kazakhstanen Ezartzeko Ekimen Bateratua), RBT Consulting euskal enpresaren ekimenez abiarazi zena eta helburutzat duena Kazakhstanen aukerak aprobetxatu nahi dituzten Espainiako enpresa taldea bat batzea, gastuak partekatzeko eta sinergiak aprobetxatzeko. RBT enpresak jardunaldian parte hartuko du bere ekimenaren ezaugarriak eta baldintzak azaltzeko eta 2013an martxan jarri zenetik izan duen bilakaeraren berri emateko.

Jardunaldia osatzeko, Kazakhstanen presentzia duten bi enpresaren esperientziak entzungo ditugu: Talgoren kasua, Espainiako burdinbideen sektoreko liderra, zeinak presentzia baitu Kazakhstanen duela 15 urte baino gehiagotik, eta Maxamen kasua, erabilpen zibilerako lehergaiak fabrikatzen dituen munduko bigarren enpresa handiena. Bi konpainia horiez gain, Kazakhstanen operazioak ireki dituzten Espainiako enpresa gehiago ere egongo dira topaketan, esaterako Repsol, Inditex Taldea, Gallina Blanca, Mango edota Ulma euskal enpresa.

Izen-ematea: http://www.spri.es/actualidad/agenda/kazajstan-foro-economico-oportunidades-para-la-internacionalizacion

Partekatu

Beste berri batzuk