Klasean bi hizkuntza konbinatzeak ez du ikasketa zailtzen

BCBLren ikerketa batek ondorioztatu du kontzeptu berriak hizkuntza bakar batean ikasteak, bi hizkuntza nahasi gabe, ez dakarrela inongo abantailarik.

100 pertsonari ikasketa test bat egin ondoren, froga hizkuntza batean eta bitan egiten zuten subjektuen erantzuteko abiadura eta errore-tasa antzekoak direla ikusi da.

Ikerketa hau orain dela gutxi Plos One aldizkari zientifikoan argitaratu da.

Jon-Andoni-Duñabeitia-BCBLNormalean, hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen diren ikastetxeetan ikasgai bakoitza hizkuntza bakarrean irakasten da eta hizkuntzak nahastea ekiditen da, baina arau horrek zentzurik al du? Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak Bangorreko Unibertsitatearekin (Erresuma Batua) batera egin duen ikerketa batek arau hori aztertu du eta erakutsi du kontzeptu berriak hizkuntza bakar batean ikasteak ez dakarrela inongo abantailarik egiazko testuinguru elebidun batean ikastearekin alderatuta, kontzeptuak bi hizkuntzatan ikasten dituztenek berdin jasotzen dituzte-eta.

Oro har, ikastetxe elebidun eta hirueledunetan ikasgai bakoitza beti hizkuntza bakarrean irakasten da. Polika horren oinarria ingelesez ‘one subject, one language‘ (‘ikasgai bat, hizkuntza bat’) deritzon araua da, zeinaren arabera ikasketa prozesua laguntze aldera ikasgai bakoitzean beti hizkuntza berdina erabili behar den, irakaskuntzan hizkuntzak txandakatzea saihestuta. Ikastetxe eleaniztunetan hizkuntzek zama ezberdina duten arren, ikasgai bat hizkuntza bat araua mundu osoko ikastetxe gehienetan aplikatzen da.

BCBLko Jon Andoni Duñabeitia ikertzailea buru izan duen ikerketa batek arau hori aztertu du eta bi hizkuntza nahasteak ikasketa zailtzen duen edo ez egiaztatu du.

Esperimentuak

Duñabeitia doktoreak Eneko Anton (BCBL) ikertzailearekin eta Guillaume Thierry (Bangorreko Unibertsitatea) doktorearekin elkarlanean egin duen epe luzeko ikerketa proiektu honen lehenengo urratsean bi esperimentu egin ziren. Lehenengoa elebidun orekatuak ziren 50 heldurekin egin zen, hau da, bi hizkuntzatan (kasu honetan euskaraz eta gaztelaniaz) antzeko gaitasuna dutenekin.

Kontzeptuak ikasteko test bat egin zitzaien. Lehenengo ezagutzen ez zituzten hainbat objektu erakutsi zitzaizkien, bakoitza bi definiziorekin batera, eta gero definizioak zegozkien irudiekin lotu behar zituzten. Horrez gain, parte-hartzaile guztiek hainbat memoria ariketa egin zituzten kontzeptuak nola ikasi zituzten ikusteko.

Parte-hartzaileak bi taldetan banatu ziren. Talde bati definizioko esaldiak bi hizkuntzatan eman zitzaizkion, eta besteari definizioak hizkuntza bakar batean eman zitzaizkion.

Bigarren esperimentuan lehenengo esperimentuko parametro berdinak erabili ziren, baina oraingoan eskola-adinean zeuden 50 haur elebidun aztertu ziren. Era horretan, aztertu ziren subjektuen adina zein testuingurua zela-eta parte-hartzaile helduekin alderatuta ezberdintasunik zegoen ala ez frogatu nahi zen, hartara emaitzak eskolako testuingurura orokortu ahal izateko.

Bi esperimentuetan ikasketa hizkuntza bakarrean eta bi hizkuntzatan egin zuten taldeetan antzeko emaitzak lortu ziren. Erreakzio-denborak eta errore-tasak antzekoak zirela ikusi zen, kontzeptuen azalpena hizkuntza bakarrean zein bi hizkuntzatan egon.

Mixing Languages during Learning? Testing the One Subject—One Language Rule‘ izena duen artikulu hau irispide librea duen Plos One aldizkari zientifikoan argitaratu da orain dela gutxi.

“Oinarri zientifikorik ez duen ohitura”

Gizarte elebidunetan hizkuntzak eguneroakoan era natural eta espontaneoan nahastu eta komunikazio egoeraren arabera batetik bestera aldatzen diren arren, orain arte ikastetxe elebidunetan hizkuntzen arteko alternantzia natural hori saihestu egin da ikasketa prozesuak okertuko zituelakoan.

“Ikerketa honek ikastetxeko errealitate linguistikoa gizartean nagusitzen denera hurbiltzeak hezkuntza prozesuetako emaitzetan eragin kaltegarririk ez duela eta benetako elebitasuna egon dadin laguntzen duela erakutsi du”, dio Duñabeitiak. Haren ustez, “emaitzek agertzen dutenez, ‘ikasgai bat hizkuntza bat’ arauak ez du inongo oinarri zientifikorik, eta ikerketa honek neurozientzia kognitiboak hezkuntzako prozesuak hobetzen lagun dezakeela erakusten du”.

Dagoeneko ikertzaileak proiektuaren hurrengo urratsa diseinatzen ari dira. Ikasketa eleaniztunean subjektuen burmuinak nola erreakzionatzen duen eta kasu bakoitzean ikasitakoa nola kontsolidatzen den ikertuko dute. Kontzeptuak bi hizkuntzatan ikasteari dagokionez dauden aurreiritziak baztertu ondoren, ikasteko modu horrek epe ertainera eta luzera abantailarik ekartzen ote duen aztertuko dute.

Horrez gain, ikertzaileak emaitza horiek elebitasuna orekatua ez den gizarteetara zein gizartean hitz egin ohi ez den atzerriko hizkuntza bat hizkuntza behikular gisa erabiltzen den ikastetxeetako testuinguruetara orokortzen saiatuko dira (esaterako, eskolak ingelesez ere ematen diren ikastetxeak).