Klima aldaketak atunak birbanatuko ditu

Albisteak, Bizkaia

AZTI azterketa bat gidatzen ari da ozeanoaren etorkizuneko baldintzek sei atun espezieren banaketa eta ugaritasunean izango duten inpaktuari buruz

Ikerketak iragartzen duenez, itsasoaren beroketa globalean oinarrituta, espezie tropikalak ugaritu egingo dira, tartean marraduna eta hegal horia, horiek izanik giza kontsumoaren gehiengoa, eta gainerako espezieak, berriz, poloetarantz lekualdatuko dira.

Haritz Arrizabalaga eta Maite Erauskin ikertzaileek gidatu duten azterketaren emaitzak Global Change Biology zientzi aldizkari ospetsuan argitaratu dira

Inguru tropikalean atun marraduna eta hegal horia ugaritzea, eta gainerako espezieak ur hotzagoetara lekualdatzea (hegaluzea, atungorri atlantikoa, atun moja eta hegoaldeko atungorria), horiek dira AZTIk gidatutako ikerketa baten emaitzak, klima aldaketak espezierik garrantzitsuenetan duen eragina aztertuta.

Azterketa AZTIko Haritz Arrizabalagak eta Maite Erauskin-Extramianak gidatu dute, eta kontuan hartu du ingurumen baldintzek,1958tik 2004ra bitartean, tunidoen munduko banaketan duten eragina, horien artean egonik hegaluzea, atungorri atlantikoa, hegoaldeko atungorria, atun moja tropikala, marraduna eta hegal horiak; ondorioz, klima aldaketak etorkizunean izango duen eragina ikertu ahal izan da, eta iragarpen zehatzak egin.

“Aztertutako aldi historikoan, atunen habitataren banaketaren mugak poloetarantz desplazatu dira, 6,5 km hamarkadako abiaduran ipar hemisferioan, eta 5,5 km hamarkadako abiaduran hego hemisferioan. Klima aldaketaren eraginean oinarrituta, etorkizunean are aldaketa nabariagoak espero dira atunen banaketan eta ugaritasunean, batez ere mendearen amaierarako (2080-2099)”, adierazi du Arrizabalagak.

Zehazki, azterketak aurreikusten du tunido epelak, hala nola hegaluzea, atungorri atlantikoa edo hegoaldeko atungorria, poloetarantz lekualdatzea. Atun mojari dagokionez, murriztu egingo da tropikoetan, ingurune epelagoetara joateko. Aitzitik, ikerketak iragartzen du marraduna eta hegal horia, hau da, gehien ontziratzen diren atunak, ugariago izango dira zona tropikaletan, baita ere kostaldeko herrialdeen ustiapen gune gehienetan ere, hau da, itsasertzetik 200 itsas miliara dauden itsas guneetan.

“Kontuan hartuta atun proteinaren giza kontsumo gehiena tarte tropikaleko marradunetik eta hegal horitik datorrela, lortutako datuak nola edo halako albiste onak dira, atunaren arrantzak elikadura iturri garrantzitsua izaten jarrai dezan”, zehaztu du adituak.

Azterketari esker, analizatu ahal izan da klima aldaketaren ondorioz nola aldatuko den atun espezie nagusien munduko banaketa eta ugaritasuna, eta, horrenbestez, populazioen etorkizuneko joerak kuantifikatu ahal izan dira (zenbat mugituko diren).

“Tunidoak garrantzi ekonomiko handiko baliabidea dira, eta proteina iturri funtsezkoa biztanleriaren zati handi batentzat. Klima aldaketarekin, banaketa espaziala aldatzen ari da, eta, horrekin batera, herrialdeek aberastasun iturri horretara heltzeko duten aukera ere. Azterketaren asmoa da iraganean zer gertatu den azaltzea eta etorkizunean zer gertatuko den iragartzea, arrantzan diharduten herrialdeek eta ontzidiek egoera berrietara egokitzeko estrategiak pentsatu ahal izan ditzaten”, gehitu du Erauskin-Extramianak.

Ikerketa IMBER-CLIOTOP programaren parte da (Climate Impacts on Oceanic Top Predators), zeina nazioarteko lankidetza zientifikorako ekimena baita, bere helburuen artean egonik klima aldaketak atuna bezalako predatzaile handietan izango duen inpaktua iragartzea.

Azterketa Global Change Biology zientzi aldizkari ospetsuan argitaratu da, eta AZTIk sustatu du, Bartzelonako ICM-CSICekin eta Australiako CSIROrekin batera, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Biodiversidad Fundazioaren babesa dauka.

“Etorkizunean zer gertatuko den aurrez jakiteak aukera ematen dizu aldaketetara egokitzeko estrategiak lantzeko. Kostaldeko herrialde bateko arrantz flotak aurrez ezagutzen baditu helburuko espezieen ugaritasunean eta banaketan egongo diren aldaketak, bere arrantza mota egokitu edo helburuko espeziea aldatu ahal izango du. Daitekeena da espezie bera harrapatzen jarraitu ahal izatea, baina ontzi handiagoetan inbertituz, ale horien bila urrunago joan ahal izateko”, amaitu du ikertzaileak.

 

Partekatu

Beste berri batzuk