Konposite termoplastikoetarako fabrikazio-prozesu berriak
ZE-KONP proiektuak, GAIKER buru duela, fabrikazio-prozesu iraunkorrak eta adimendunak garatzea du helburu, konposite termoplastiko berrientzat
GAIKER Zentro Teknologikoa, Basque Research & Technology Alliance, BRTAko kidea, ZE-KONP proiektuaren buru da. Proiektu horren helburu nagusia da konposite termoplastiko funtzionalen fabrikazio- eta konformazio-teknologien garapenean aurrera egitea, zuntz jarraituarekin eta etenarekin indartuta, balio erantsi handiko produktu berriak sortzeko.
Deskarbonizaziorako lehentasunetako bat ibilgailuen masa murriztea da. Murrizketa hori lortzeko, konpositeak eta diseinua optimizatzeko metodo aurreratuak funtsezkoak dira. Hala ere, industria-mailan material konposatu horiek inplementatzeko orduan, beharrezkoa da kostuak murriztea eta bi arlotan aurrera egitea, batez ere, alde batetik, fabrikazio-prozesu berrien garapenean, produktiboagoak, fidagarriagoak, jasangarriagoak eta malguagoak izan daitezen, eta, bestetik, materialen aprobetxamendua hobetzea, modelatzeko/simulatzeko teknika aurreratuak eta material birziklagarriak erabiliko dituzten diseinu optimizatuak eginez.
Konposite termoplastikoak konposite termoegonkorren eta txapa metalikoaren alternatiba bikaina dira. Hala ere, horiek merkatuan ezartzeko, prozesatzearekin lotutako muga batzuk gainditu behar dira. Helburu horrekin sortu da ZE-KOMP (2022-2023) proiektua. Bertan, fabrikazio-prozesu optimizatu eta fidagarriak garatuko dira, prozesu horien iraunkortasuna hobetuko da ingurumenaren eta kostuen ikuspegitik eta fabrikazio-kadentzien ikuspegitik.
Ikerketa honetan aztertuko dira materialen konposizioa, prozesuan dauden sentsoreen inplementazioa, produktuen optimizazio topologikoa, prozesuen modelizazioa eta simulazioa, egitura hibridoak lortzea fabrikazio-teknologien konbinazioaren bidez, hala nola tape-laying, 3D inprimaketa eta konpresio edo injekzio bidezko gainmoldekatzea. Eta, gainera, produktuen eta prozesuen bizi-amaierako analisiarekin lotutako jarduerak egingo dira.
Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du, ELKARTEK programaren barruan, eta ZE-KONP proiektuaren partzuergoa ZTBESko (Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea) zortzi eragilek osatzen dute. Eragile horiek guztiek esperientzia handia dute material termoplastikoen eta horien konpositeen arloan, eta adituak dira dagozkien lan-ildoetan.