SPRI Taldeak bat egin du Euskararen Nazioarteko Egunarekin

Albisteak, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Konpromisoa

Talde osatzen duten Spri, Sprilur, Arrisku Kapitala, BT&I, Euskadiko Parke Teknologikoak eta BIC Araba erakunde publikoek Euskararen aldarrikapena egin dute Euskaraldia amaitu den egunean.

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan, Euskaraldiari amaiera ematearekin batera, SPRI Taldea osatzen duten erakunde publikoek Euskararen eguneko adierazpenarekin bat egin dute. Adostasuna, etorkizunaren giltzarri izenburupean eta orain dela 40 urte onartu eta indarrean jarri zen Euskararen Legea gogoratuz, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiek eta hiru hiriburuetako Udaletxeek egin duten adierazpenak hau dio:

“Autogobernuaren eskutik egin du euskarak milaka urteko bere historian ezagutu duen aurrerabiderik sendoena, euskal herritarron ezinbesteko kontzientzia eta ekimena oinarri hartuta. Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean hain zuzen ere, datu soziolinguistiko zehatzetan oinarritzen den baieztapen hori lau haizetara zabaltzeko egokieran baldin bagaude, zintzotasunez aitortu behar dugu euskararen eta euskaldunon historian ohorezko tokia duen ekimen bat dagoela aurrerabide horren iturburuan. Izan ere, aurten berrogei urte bete ditu Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak, 1982an onartu zenez geroztik Euskararen Legetzat ezagutzen dugunak.”

“Euskararen Legeak erakusten digunez, hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen aldeko atxikimendua bilatzen duten ekimenetan frogatu da zein garrantzitsua den adostasunez jokatzea. Euskaraldiak, adibidez, denon begien bistan agerian jartzen duenez, adostasuna du euskarak aurrerabiderako lema, erabileraren aldeko gizartearen eta norbanakoaren konpromiso tinkoarekin batera, ekimen publiko eta pribatuaren arteko lankidetzarekin batera, elkarren onespen zintzoarekin batera.”

Spri, Sprilur, Arrisku Kapitala, BT&I, Euskadiko Parke Teknologikoak eta BIC Araba erakudeak urteak daramatzate, elkarlanean, euskeraren erabilera sustatu eta bultzatzen, bai erakunde barruan baita kanpo harremanetan ere. Datorren urtean erakundeok partekatzen duten Spri Taldeko Euskararen Plan Estrategiko berria garatzeari ekingo diote, hurrengo lau urteetan egin beharrekoak zehazteko.

Euskarak batzen gaituelako, ez inola ere banatzen.

Partekatu

Beste berri batzuk