Kultura Zientifikoa eta Berrikuntza Programaren 2012ko laguntzen deialdia argitaratuta
Jaurlaritzak 32 beka eskaini zituen 2009. urtean eta aurten 500 izango dira, 7,5 milioi euro sustapen horretara bideratuta. Kutxabankek 100 beka hartuko ditu bere gain eta 1,5 milioi euroko ekarpena egingo du BBK, Kutxa eta Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzen baterako ekimen batean. Bekak bi motatakoak izango dira: Nazioartekotzeko 100 beka unibertsitateko lizentziadunentzat soilik (eskaerak aurkezteko epea gaur amaitzen da) eta ‘Global Training’ 400 beka, LHko goi-mailako titulua duten gazteentzat ere irekita (eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 30ean hasiko da). Jaurlaritzak nazioartekotzea —alderdi guztietan— bultzatzeko asmo sendoa du eta beka horiek ildo horretan kokatu behar dira.
Eusko Jaurlaritza, 16/04/2012
Eusko Jaurlaritzak eta Kutxabankek akordio bat sinatu dute gaur nazioartekotzea bultzatzeko eta Euskadin bizi diren 500 gazteren lan-etorkizuna bideratzea du xede; BBK, Kutxa y Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzek batera sustatzen duten lehen gizarte-ekimena da hau.
500 beka horiek 2010-2013ko Enpresa Lehiakortasuneko Planean Ekonomia Irekia lortzeko ekimenen barruan txertatzen dira, lehentasunezko ardatzetako bat horixe baita eta nazioartekotzeak garrantzi oso handia du. Ildo beretik, Jaurlaritzak nazioartekotzeko 32 beka eskaini zituen 2009an eta aurten 500 eskainiko ditu.
Horretarako, esfortzu ekonomikoa biderkatu egingo du. Eusko Jaurlaritzak berak 7,5 milioi euro bideratuko ditu 500 beka horietarako —hiru urtekotan banatuta— eta, horretaz gain, Kutxabank osatzen duten euskal kutxek eskainiko dituzten 1,5 milioi euro gehiago izango dira orain.
Hiru Gizarte Ekintzek batera sustatzen dute ekimen hori eta euren lehentasunetako bat gazteen langabeziari aurre egitea da, dela ekintzailetzari lagunduta, dela kalitatezko prestakuntzarako sarbide unibertsala sustatzen duten mekanismoen bitartez.
Bestalde, Jaurlaritzak ‘Global Training’ izeneko 400 beka eskaintzen ditu; beka berriak dira. Ehun bat beka hiru aurrezki-kutxen bitartez finantzatuko dira, gaur sinatu duten hitzarmenaren arabera. Gainerako 300 bekak Jaurlaritzak berak ordainduko ditu.
Berrikuntza moduan zera aipatu behar dugu, beka horiek goi-mailako unibertsitateko tituludunei ez ezik, erdi-mailako tituludunei eta goi-mailako Lanbide Heziketako (LH) titulua dutenei ere zuzenduta daudela. Adin-muga 30 urtean finkatu da baina gainerako baldintzak bete behar dira, hau da, ingelesez edo beste zenbait hizkuntzatan ongi moldatzea eta administrazio-egoitza Euskadin izatea gutxienez azken urtean. Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 30ean hasiko da.
Global Training, berrikuntza
2012. urte honetan, programan 100 bekadun izango dira eta, lehen aldiz, ‘Global Training’ izeneko beste 400 beka ere banatuko dira. Praktikaldi horretan, hasieran, 40-60 orduko prestakuntza teoriko espezializatua jasoko da eta, jarraian, 6-12 hilabeteko praktikaldia egingo da atzerrian dauden enpresa eta erakundeetan.
SPRIren Enpresa Bulegoen Kanpo Sarearen bitartez, Industria Sailak lankidetza-hitzarmenak sinatuko ditu atzerriko erakundeekin, programa horretako praktiketako bekadunak jasotzeko interesa duten enpresak identifikatzen laguntzeko.
Bekak jasotzeko eskaerak aurkeztu nahi dituzten gazteek 945 01 99 96 telefono-zenbakira dei dezakete edo, bestela, honako helbide elektroniko honetara mezu bat idatzi: comercio-ext@ej-gv.es.