Lantek % 15 gehiago hazi da 2017ko lehen seihilekoan
Lantekek, kudeaketa-softwareko irtenbideen garapen, merkaturatze eta integrazioan (CAD/CAM, MES, ERP, Advanced Manufacturing) eta Advanced Manufacturingen metalaren industriarako mundu mailako liderra denak, 2017ko lehen seihilekoan izandako emaitzak aurkeztu ditu. Bezeroen zorroa eta negozio-zifra handitu egin zaizkio, eta hala, nazioartean erreferentzi gisa duen kokapena sendotu du.
Gaur egun, bost kontinenteetako 100 herrialdetan baino gehiagotan dauden 19.000 enpresak jartzen dute konfiantza Arabako Parke Teknologian egoitza duen konpainiak garatutako teknologian. Herrialde aurreratuenetako bezeroen oinarri horrekin, Lantekek urteko lehen seihilekoan 2016ko aldi berarekiko % 15eko hazkundea izan du. Bereziki nabarmentzekoa da Txinako, AEBko, Koreako edo Turkiako merkatuetan erregistratu den hazkundea, % 20 baino gehiagoko balioekin, Espainia, Britainia Handia, Frantzia eta antzeko beste herrialde batzuk ahaztu gabe, horietan ere aurreko urteko lehen seihileko emaitzak hobetu egin baitira.
“Lantekentzat estrategikoa da gure mundu mailako presentzia, baita askotariko merkatuetan mundu osoan lan egiten duten korporazio handien bidez metatzen joan garen esperientzia ere. Gure helburua, orain, gure fidelizazio-politikak sendotzea da; horretarako, ekintza komertzial handia eta kanpaina espezifikoak egingo ditugu herrialde ugaritan, gure bezeroen asebetetze maila hobea izateko”. Hala nabarmendu du Alberto Martínezek, Lantekeko zuzendari nagusiak.
Makina industrialak, ontziolak, automobilgintza, galdaragintza, eraikuntza metalikoak, siderurgia, altxatzea, klimatizazioa, altzairu metalikoak eta banaketa dira, besteak beste, Lantekek mundu mailako presentzia areagotu duen sektore nagusietako batzuk.
Aitzindaria txapa eta metaleko sektorearen eraldaketa digitalean
Enpresako negozio-ildoekin lotuta, Lanteken hazkundea Industria 4.0-ko irtenbideetako produktuen arloan izan da, aurreko urteko seihileko berarekiko % 34ko aurrerapena izan baitu. CAD/CAM arloan, enpresak % 13ko hazkundea izan du 2016arekiko. Helburua bezeroen produktibitatea hobetzea da, kostuak eta denborak murriztuz, berrikuntza garrantzitsuak sartuta.
Horrekin lotuta, konpainiak azken urteetan fabrikazio aurreratura bideratutako irtenbideak garatzearen alde egin du, lantegiak eta prozesuak konektatuta, bezeroei eraldaketa digitala ahalbidetzeko asmoz, eta bide horretan laguntzeko, heldutasun digitaleko egoera ugarietara egokituz, Smart Factories bihurtu arte. Industria 4.0ri lotutako teknologiaren aldeko apustu irmo horri esker, Lantek aitzindaria bihurtu da txapa eta metaleko sektoreko enpresen eraldaketa digitalean.
“Gure bezeroen eraldaketa digitala datozen urteotan izango dugun erronka da. Laugarren Industria Iraultzaren hasieran gaude, eta ekoizteko moduan aldaketa ekarriko du. Hazkundearen eta digitalizazio-prozesuan bezeroei laguntzearen alde egindako apustua dela eta, 1,6 milioi euro gehiago inbertituko ditugu 2017an I+G arloan, gure ezarpen-ekipamenduetan eta proiektuen garapenean”, Lantekeko zuzendari nagusiak esan duenez.
Hazkunde-aurreikuspena
Lehen seihileko honetan lortutako emaitza onek multinazionalen kokapena sendotzen dute plan estrategikoan markatutako hazkunde-helburua lortzeko. Horretan laguntzen du martxoan Lantekek Arabiar Emirerrietan bulego berria ireki izanak. Dagoeneko hasi da fruituak ematen, eta horri irailean Bilbon irekiko den beste bulegoa gehitu behar zaio.
Era berean, konpainiak aurrez ikusi duenez, 2017an 40 lagun sartuko dira mundu mailan, eta beraz, plantilla 200 lagun baino gehiagokoa izango da.