Lantek-ek salmenta eta bezero-kopuru errekorrarekin itxi du 2020a atzeraldia egon arren

Albisteak, Araba

Negozio-zifra 21,3 milioi eurotan dago eta ekitaldia ixtean 25.747 erabiltzaile aktibo daude

Fakturazioak azken hiruhilekoan izandako gorakadak 2021erako goranzko joera dagoela erakusten du

Nazioarteko merkatuak gero eta pisu gehiago du eta negozioaren % 88 da jada; Korea, Txina, AEB eta Italia dira gehien hazi diren merkatuak

COVID-19aren pandemiak markatutako urtean —haren ondorioz metalaren sektorearen jarduera geldiarazi eta/edo moteldu zuten neurri murriztaile zorrotzak hartu behar izan ziren—, Lantek-ek negozio-bolumen errekorra lortu du. 2020an salmentak 21,3 milioi eurokoak izan dira, aurreko ekitaldian baino pixka bat gehiago. Hala, softwarearen eta Digital Factory irtenbideen garapenean lehena den eta metalaren eta txaparen sektorearen eraldaketa digitalean aintzindaria den Espainiako multinazionalak nazioarteko merkatuan duen lidergoa sendotu du.

Lantek-ek munduan osoan dituen 220 langile baino gehiagok testuinguru berrira egokitzeko egin duten ahaleginari esker eta bezeroen konfiantzari esker, diru-sarrerak handitu egin dira urtearen amaieran, eta 2021erako goranzko joera argia erakutsi dute.

Hala, enpresaren nazioarteko bulego askok konfinamendu-neurriak izan zituzten hiruhileko gogorrenean, konpainiak -% 10,4ko beherakada izan zuen salmentetan; gero, konfinamendua arindu zenean, gora egin zuen eta pandemia aurreko mailara iritsi zen. Azken hiruhilekoan, negozio-zifraren % 6ko gorakada lortu zuen Lantek-ek. 2020ko abenduan, konpainiak 2,1 milioi euro fakturatu zituen, hau da, 2019ko abenduan baino % 9,9 gehiago. Beraz, ekitaldiaren itxiera oso positiboa izan da aurreko urteekin alderatuta.

Erabiltzaile aktiboei dagokienez, nabarmen igo dira eta enpresak markak hautsi ditu. 2020an, enpresak 2.247 bezero berri lortu zituen; guztira 25.747 ditu ehun herrialde baino gehiagotan banatuta. Iberiar penintsulan 2.500 erabiltzaile baino gehiago daude.

Kanpo-merkatuaren pisuak gora egiten jarraitu du fakturazio globalean, eta diru-sarreren % 88 da jada. Eskualdeka, osasun-krisiaren eragina Europan nabaritu da gehiago; izan ere, gobernuek ezarritako mugikortasun-murrizketak beste zona batzuetan baino zorrotzagoak izan ziren. Ondorioz, kontinenteak ezin izan zuen aurreratu. Hala ere, azken hilabeteetan, Mendebaldeko Europak indar apur bat berreskuratu du; azpimarratzekoa da, esaterako, Turkia % 10 baino gehiago igo dela, eta Italiaren kasua ere oso deigarria da: COVID-19a gehien pairatu duen herrialdeetako bat izanik, zifra bikoitzera hurbiltzen den igoera izan du.

Beste kontinente batzuk hazkunde sendoa azaltzen dute. Adibidez, Asian, Hego-Korea % 25 baino gehiago hazi da eta Txina % 20 inguru; eta Amerikan AEBk % 7 egin du aurrera, bezero berriak eskuratu baititu tamaina handiko irtenbide eta proiektuekin.

“Itxi berri dugun urtea oso zaila izan da, baina moldatzeko, erantzuteko eta hura leuntzeko gai izan gara. Jarduera ez da gelditu eta produktibitateak gora egin du, eta, ekitaldiaren azken zatian, eskaera-zorroa handiari eta mantentze-kontratuei esker, galdutako lekua berreskuratu dugu, 2020. urtea 2019koa baino fakturazio handiagoarekin amaitzeko. Zenbakiek agerian jartzen dute ezusteko honetatik berreskuratzeko langileek zein bazkideek ahalegin kolektiboa egin dutela, bai eta ingurune aldakor eta zalantzagarrietara moldatzeko gaitasun handia dugula ere, gure bezeroei eraldaketa digitalerako bidean laguntzen jarraitu nahi dugulako”, adierazi du Alberto López de Biñaspre Lantek-eko goi-karguak.

Jarduera digitala

Urruneko lanera moldatzeko gaitasun horren adierazgarri da Lantek v2020 bertsioaren merkaturatzea, “Never stop Manufacturing” lemapean. Bertsio berria egungo kontingentziari aurre egiteko prest dago: taldeen lana mundu birtualera eraman da, eta, ondorioz, bezeroek Lantek-en irtenbideak edozein lekutik erabiltzen jarraitu ahalko dituzte.

Halaber, Irtenbideen Atalak, zeina Digital Factory-az eta fabrikazio aurreratuaz arduratzen den, txapa eta metalaren fabrikatzaileentzako bi proposamen garrantzitsu landu eta merkaturatu ditu, hots, Lantek Analytics eta Lantek iQuoting, SaaS eredua erabilita hodeian dauden bi zerbitzu. Helburua enpresei erabaki hobeak hartzen laguntzea da, fabrikazioari eta bezeroei buruzko egungo datuen eta datu historikoen analisi abiapuntu hartuta. Lantek Analytics-ekin fabrikatzaileek beren produktibitatea eta eraginkortasuna nabarmen hobetu dezakete 4.0 Industrian lehiatzeko, erantzunak aurreratu eta negozio aukera berriak aztertu baititzakete. Lantek iQuoting-ekin, aldiz, bezeroek aurrekontu zehatzagoak sortu ahalko dituzte.

Berrikuntza konpainiaren DNAren parte da. Iaz 2,4 milioi euroko inbertsioa egin zen I+G+b-n, fabrikazio aurreratuaren alorrean metalaren sektorerako irtenbideak garatzeko; irtenbideok lotura zuzena dute automobilgintzarekin, aeronautikarekin, trenbideekin eta ontzigintzarekin, besteak beste.

2021erako aurreikuspenak

Esan bezala, urteko bigarren erdia inflexio puntu bat izan zen, eta urria eta abendua bitartean Lantek-ek goranzko joera berreskuratu zuen. Hazkunde horrekin batera, profesional gehiago hasi dira MES, CAD/CAM eta Cloud irtenbideen ataletan lanean.

“Urte berria prest eta konfiantzaz hasten dugu. Gure taldeak prest daude erronkei aurre egiteko, hazten jarraitu eta industriak behar dituen irtenbideak martxan jartzeko”, dio Lantek-eko goi-karguak.

 

Partekatu

Beste berri batzuk