Lau hilabetean, 31.000tik gora ekintzailek parte hartu dute Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuan
– www.euskadiemprende.net atariak 31.276 bisitari esklusibo jaso ditu, 196.086 orri ikusi dira, 1.061 jarraitzaile ditu Twitterren eta 4000 lagun baino gehiagok eskatu dute hileroko buletin informatiboa jasotzea.
– Eragileak homologatzeko atalean (eragileak Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuan sar daitezen sortua) jada badaude 140 eragile eta ekintzaileei arreta emateko 215 bulego.
Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren tresna batek, hots, maiatzetik martxan dagoen www.euskadiemprende.net webguneak, bere helburu eta erronka zailenetako bat lortu du hilabete gutxiren buruan: ekintzaile komunitate bat sortzea eta lankidetzarako egokia den ingurunea sustatzea. Eta hori hala dela frogatzeko, aski da ikustea irailaren 30erako 31.276 bisitari esklusibo jaso zituela atariak eta 196.086 orri ikusi zirela guztira (SPRIk adina bisitari eta ikusitako hogeita hamar mila orri gehiago), eta, batez ere, aipatzekoa da 1.061 jarraitzaile dituela Twitterren eta 4000 lagun baino gehiagok eskatu dutela hileroko buletin informatiboa jasotzea.
Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzua Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren ekimen bat da, zeinaren helburua baita Euskadin dauden baliabide guztiak koordinatzea eta berrordenatzea eta, aldi berean, eragile guztiak batuko dituen sare trinko bat ehuntzea, gai izango dena enpresa gazteen premiei konponbideak eskaintzeko. SPRI Taldearen -euskal enpresa sareari laguntzeko Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate multzoaren- bitartez kudeatzen da.
Bestalde, eragileak homologatzeko atalean (eragileak Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuan sar daitezen sortua) badaude jada 140 eragile eta ekintzaileei arreta emateko 215 bulego. Datorren hilean, informazio guztia irauliko da atariko ekintzailetzaren euskal sistemako mapan. Datu hori garrantzitsua da, eragileek ez dutelako inolako laguntza ekonomikorik jasotzen horren truke, izan ere beren helburu bakarra da komunitatean parte hartzea eta ekintzaileei laguntzea.
Zentzu horretan, argi dago zein den ekintzaileen komunitate horren eta Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuaren hurrengo helburua: gaur egungo partaide guztiek eta etorkizunean batuko direnek beren onerako elkarreragitea.
Hala, Euskadi Emprende baliozko espazio bihurtu da, Euskadiko aktualitatea ezagutzeko, sare horren barruan nor dagoen jakiteko eta nolako laguntzak edo babesak eskaintzen dituzten ezagutzeko. Nabarmentzekoa da, gainera, prestakuntzari buruzko albisteek, informazioek, negozio aukerei buruzko fitxek eta hilero elkarrizketatzen dituzten ekintzaileen lekukotzek balio erantsia ematen diotela atariari. Gainera, aste honetatik aurrera, 49 ekintzaileren kasuak azalduko dituzten bideoak argitaratuko dira astean behin.
Ekintzaile komunitate honen berri izateko, aski duzu web orrira sartzea eta ekintzaileek Twitter, Facebook edo bestelako sare sozialetan dituzten etengabeko elkarrizketak irakurtzea. Elkarrizketa horietan oso positiboki baloratu dituzte Ekintzailetzaren Euskal Zerbitzuan egunero argitaratzen diren negozio aukerei buruzko esperientziak eta baita ere aukera izatea Emprende2012 Foroan (BECen, irailaren 12an) emandako hitzaldi guztiak entzuteko. Oraindik ere bertan izan zirenen zorion eta laudorioak jasotzen ditu topaketak.