LEHENDAKARIA IZAN DA ARABAKO TEKNOLOGIA PARKEAREN 30. URTEURRENEKO EKITALDIAREN BURU

Albisteak, Araba

Ahaldun nagusia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua eta Batzar Nagusietako presidentea, beste agintari batzuen artean, Parkean dauden enpresen eta bertan lan egiten duten pertsonen ordezkaritza batekin batera izan dira bertan

Duela gutxi sortutako proiektuek, hala nola Basquevolt edo Pepsico, agerian uzten dute Arabako ekonomiaren orainaldirako eta etorkizunerako berebiziko garrantzia duen azpiegitura dela

Iñigo Urkullu lehendakaria izan da gaur goizean Arabako Teknologia Parkearen inaugurazioaren 30. urteurrena dela eta eguerdiko 12:00etatik aurrera Auditorioan egin diren ekitaldien buru. “30 urte etorkizuna sortzen” lelopean, ekitaldien programak erreferentziazko enpresa-kokalekuaren hiru hamarkadako jarduera ospatu du.

Ramiro González Arabako ahaldun nagusia, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua, Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea eta Aitor Urzelai SPRIko zuzendari nagusia Iñigo Urkullu lehendakariarekin izan dira ekitaldian, eta Estibaliz Hernáez Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidentea, Itziar Epalza zuzendari nagusia eta Miren Bilbao Arabako Teknologia Parkeko gerentea ere bertan izan dira.

Ehun gonbidatu baino gehiagoren artean, ospakizunaren benetako protagonisten ordezkaritza zabala ere egon da. Horrela, alde batetik, Arabako Teknologia Parkea egoitza gisa aukeratzearen aldeko apustua egin duten 170 enpresen, eta, bestetik, egunero bertan lan egiten duten 3.500 pertsona baino gehiagoren ordezkariak egon dira. Izan ere, Arabako Lurralde Historikoko ezagutza- eta talentu-kontzentraziorik handienekotzat jotzen da. 935 milioi euroko baterako negozio-bolumena eta urtean 90 milioi euroko inbertsioa I+Gn. 2021ean 264 patente erregistratu dira guztira bertan.

Izan ere, hiru hamarkadatan zehar, enpresen lehiakortasuna hobetzeko Parkeak industriaren dibertsifikazioa eta teknologiaren eta berrikuntzaren transferentzia bultzatzeko helburuari eutsi dio. Aldi berean, ezagutzaren transmisioa eta enpresen, zentro teknologikoen eta unibertsitateen arteko lankidetza bultzatu ditu.

Etorkizuneko proiektua

Parkea abian jartzeko ekimena sektore aeronautikoaren inguruan sortu zen, baina gerora etorkizuneko beste sektore batzuetarantz eboluzionatzen jakin du: energia, industria aeroespaziala, biozientziak, zibersegurtasuna… Arabako industriaren profila eraldatzen, dibertsifikatzen, hobetzen eta, azken batean, etorkizunerako prestatzen laguntzen ari diren jarduerak.



Azken aldiko proiektuek agerian uzten dute Arabako eta Euskal Herriko ekonomiaren orainaldirako eta etorkizunerako berebiziko garrantzia duen azpiegitura dela: Eusko Jaurlaritzak bultzatutako inbertsiogileen partzuergo batetik sortu den eta egoera solidoko baterien ekoizpen-linea abian jarriko duen Basquevolt, 700 milioi euroko inbertsioarekin eta 800 lanpostu zuzen baino gehiagorekin; edo Pepsico multinazionalaren ezarpena, lan-eredu berrira egokitutako 120 langile baino gehiagorentzako instalazio berriekin. Horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoan duen plantilla handitu ahal izango da, 100 langile berri ingururekin, munduko hub digitalaren etorrerari eta partekatutako zerbitzuen zentro berriari esker.

30 urteko historian, gainera, parkearen jarduera esparru berezi batean gauzatu da. Enpresaren etorkizuneko apustua ingurune naturalean egiten du, jasangarritasuna ardatz hartuta, eta espazioen kalitate urbanistikoa eta arkitektonikoa dira bereizgarriak. Eta gure gizartearen aurrerabiderako funtsezkoak diren sektoreetan lan egiten duten pertsonak estimulatu, motibatu eta zaindu egiten dira.

Horretaz guztiaz gain, Teknologia Parkeak, sortu zenetik, zientzia eta teknologia gizartera hurbiltzeko bokazio argia erakutsi du, hainbat ekimenen bidez aurrera egiteko funtsezkoa den ezagutza partekatuz. Bereziki, bokazio zientifiko-teknologikoak sustatu ditu gazteen artean, eta emakumeak zientzian eta teknologian betetzen duen lekua ikusarazi du.

Arabako Teknologia Parkea Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen parte da. Talentu- eta ezagutza-ekosistema horrek berrikuntzari eta nazioartekotzeari euskal industria-politikan protagonista izateko apustua biltzen du. Enpresa-sarera I+G transferitzeko eragile egituratzaile gisa jada finkatuta dauden Parke teknologikoek, 618 enpresa hartzen dituzte hiru lurraldeetan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa). Enpresa horiek 20.305 profesional dituzte lanean, 5.779 milioi euro fakturatzen dituzte eta Euskadiko I+Gko gastu osoaren % 37a osatzen dute.

Omenaldia Parkea egin dutenei eta egiten ari direnei

Ekitaldia proiektu honetan parte hartu duten eta parte hartzen ari diren pertsona guztiei egindako omenaldia izan da. Izan ere, beraiek dira Arabako Teknologia Parkeak gaur egun duen erreferentziazko lekuaren benetako egileak, talentua, ezagutza eta berrikuntza 30 urtez partekatuz.

Parkeko Eraikin Nagusiko Auditorioan egindako argazki ofizialen eta ohorezko aurreskuaren ostean, gonbidatuek Peru Abarrategi eta Maddi Agirre bertsolarien emanaldiaz gozatu dute.

Hasierako ekitaldia Estibaliz Hernáez Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko presidenteak egin du, eta, jarraian, Parkearen urteurrenaren ospakizunari eta hiru hamarkadei buruzko bideo bat proiektatu da, ekitaldiari Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldiarekin amaiera emanez.

[modula id=”283991″]

Partekatu

Beste berri batzuk