Lehendakariak ITP Aerok Bizkaian duen instalazio berria inauguratu du

Albisteak, Bizkaia

Inaugurazio-ekitaldia ITP Aeroren 30. urteurrenean sartzen da

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Josep Piqué ITP Aeroko presidentea eta Carlos Alzola ITP Aeroko zuzendari nagusia buru izan dira ITP Aeroko Externals-ek Bizkaian duen instalazio berriaren inaugurazio-ekitaldian. Instalazio berriek 14 milioi eurotik gorako inbertsioa izan dute, eta, haien bidez, merkatu aeronautikoan dagoen Externals-en eskari handiari erantzuten diote; osagai horiek motor aeronautikoen estalduran erabiltzen dira, besteak beste, fluidoen sistemak, egiturak eta beste elementu batzuk.

Instalazio berria Derion dago, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen barruan; erabat martxan dago, eta, gaur egun, 115 langile baino gehiago ditu, eta 160 lanpostura arte sortzeko aurreikuspenak ditu. Eraikinean konpainiako Externals-en negozio-arloa dago, zenbait osagairen ingeniaritzako, garapeneko eta ekoizpeneko bulegoak barne.

Aurreikuspenen arabera, Externals-en eskariak gora egingo du datozen urteotan, aeronautikako motor berriek baldintza zorrotzagoak bete behar izango dituztelako teknologiari eta ingurumenari dagokienez. Horrenbestez, balioa eta erantzukizuna erantsiko zaizkie bigarren mailako sistemei, Externals delakoei ere bai. ITP Aerok bere produktu-zorroa handitu du, eta elementu konplexuagoak eta balio erantsi gehiagokoak sartu ditu, besteak beste, instalazio berri horretan diseinatzen eta fabrikatzen diren special fabrications-ak. Horretarako, instalazioetan teknologia berriak txertatu dira, hala nola superaleazioak elkartzeko eta konformatzeko prozesu aurreratuetarako ahalmenak.

Espainian, Mexikon eta Indian fabrikazio-zentroak dituzten aeronautikako motor-enpresa nagusienentzako (Rolls-Royce, Pratt & Whitney, Honeywell) External osagaiak diseinatu eta fabrikatzen ditu IPT Aero-k. Nabarmendu behar da aurtengo ekainean ITP Aerok Querétaron dituen instalazioak handitu zituela. Bertako instalazioetan bi External mota diseinatzen eta ekoizten dituzte: tutuak eta end-fittingak (tutuen konektoreak). Externals produktu-zorroaren baitan, munduko lehen hiru konpainien artean kokatzen da ITP Aero, aeronautikako hoditeriaren segmentuan (Externals filialak merkaturatzen duen produktuetako bat).

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak honako hau baieztatu du: “Harrotasunez partekatzen dugu zuokin euskal multinazional honen urteurrena; 30 urteotan, 900 milioi euro inguruko fakturazioa izan du, bost herrialdetan dago presente, eta 4.000 enplegatu ditu. Etengabe hobetzeko duen jarrerari esker, Estatuko motor eta osagai aeronautikoen lider da, eta, munduan, bere sektoreko bederatzigarren konpainia”.

Carlos Alzola ITP Aeroko zuzendari nagusiak honako hau esan du: “ITP Aerok 30 urte betetzen ditu, eta plazer hutsa da orain arte modu jasangarrian hazi garela esan ahal izatea. Externals-en instalazio berri hori etorkizuneko erronkei aurre egiteko teknologiarekin eta industria-ahalmenekin dugun konpromisoaren adibide ona da”.

ITP Aerori buruz

ITP Aero Espainiako motor eta osagai aeronautikoen enpresa da, eta sektoreko mundu osoko bederatzigarren konpainia. 30 urte baino gehiagoko hazkuntza jasangarria izan du. Konpainiak, berrikuntzaren eta berezko teknologiaren garapenaren aldeko apustua egiten du, abantaila lehiakor nagusi gisa.

ITP Aero abiazio-motorraren bizi-ziklo osoan dago presente, bai I+Gan, bai zerbitzuko euskarrian, eta 3.800 enplegatu baino gehiago ditu bost herrialdetan, eta, 2018an, 880 milioi euroko fakturazioa. ITP Aero Rolls-Royce taldearen corporate entity-a da.

 

Partekatu

Beste berri batzuk