Lehendakariak Midatech euskal enpresa bisitatu du, Europan lehena nanomedikuntzan

Bizkaia

  • Enpresak asmo handiko proiektu europarra gauzatuko du (8 M€), minbiziaren aurkako nanopartikulak produzitzeko.
  • Midatechek 1,2 milioi euro inbertitu ditu bere laborategiak berriztatzen, esterilitate-baldintzetan tratamendu onkologikoak produzitzeko.

visita Lehendakari Midatech 068Iñigo Urkullu lehendakariak Midatech Biogune euskal enpresaren instalazioak bisitatu ditu gaur goizean. Midatechek laguntza handia jaso zuen orain dela gutxi bere helburua lortzeko, alegia, lehen mailan kokatzea nazioarteko nanomedikuntzan. Enpresari 8 milioi euroko asmo handiko proiektua esleitu zaio nanopartikulak sortzeko, GMP (Good Manufacturing Practice) edo Produkzio Jardunbide Egokien egiaztapen europarrari jarraiki.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darpónekin batera, lehendakariak zuzenean ezagutu ditu euskal enpresa horren instalazio berriak. Bertan, 1,2 milioi inguruko inbertsioak egin dira, produkzio-laborategiak egokitzeko eta GMPk aipatutako baldintzetan nanopartikulen produkzioari dagokion ziurtapen europarra lortzeko.

Midatech Biogune enpresa Midatech Pharma britainiarraren −aurreko abendutik Londreseko Burtsan kotizatzen du− eskumendekoa da, eta Bizkaiko Teknologia Parkean dago kokatuta 2006tik. 30 langile inguru ditu eta nanosendagaien diseinuan, garapenean, sintesian eta produkzioan dihardu. Nanosendagaien oinarria nanopartikula biobaterragarrien teknologia da.

  • NanoFacturing

Zentzu horretan, Midatech Biogune da NanoFakturing izeneko proiektuaren buru. Europako hainbat lurraldetako enpresak eta institutuk ere proiektuan parte hartuko dute, horien artean: Centre for Process Innovation Limited (Erresuma Batua), Prochimia Surfaces (Polonia), University College Dublin eta National University (Irlanda), Galchimia eta Centro Tecnológico Applus S.A. LGAI (Espainia), IFOM, Fondazione Istituto FIRC di Oncologia Moleculare (Italia), eta École Polytechnique Fédérale de Lausanne (Suitza).

Horizon 2020 programaren barruan, Europako Batzordeak 8 milioi euroko esleipen ekonomikoa eman dio hurrengo 4 urteetan gauzatuko den proiektuari. Horietatik 3,4 milioi euskal enpresarentzat izango dira.

NanoFacturing fabrikazio-plataforma eskalagarria da, eta Europan garatzen ari diren produktu nanofarmazeutiko sorta handiak bermatzea du helburu. Horien artean, Midatech Bioguneren sendagaiak daude, GMP baldintzak betetzen dituztenak.

Helburua, azken finean, fase goiztiarreko entsegu klinikoen eta nitxo-aplikazioen beharrez arduratzea da, eskala txikian zein ertainean. Horretaz gain, klinikoki bateragarriak diren prozesuen garapena eta eskala handiko produkzio iraunkorra bermatzea da xedea. Horrela, produktuak III. fasera helduko lirateke, geroago komertzialki ekoizteko eta merkatu potentzialetan sartzeko.

Midatech Bioguneko zuzendari Justin Barry-ren iritziz, proiektua onesteak “Europako Batzordeak aparteko konfiantzazko botoa eman die bai Midatechen teknologiari bai partzuergoko beste kideen egiten jakiteari”. “Asmo handiko proiektua da, eta ilusio askorekin lan egiten ari gara”, gehitu du.

  • 1,2 milioi euroko inbertsioa

Proiektuaren onespena jakinaraztearekin batera, beste jazoera bat gertatu da: Midatechek azken hilabeteotan egiten ari den apustu handia, baldintza aseptikoetan minbiziaren aurkako nanopartikulak sortzeko gai izango den lehenengo enpresetariko bat bilakatzeko Europan. Konpainiak 1,2 milioi euro inbertitu ditu bere laborategiak nanopartikula horien produkziora egokitzeko, GMP (Good Manufacturing Practice) edo Produkzio Jardunbide Egokien egiaztapen europarrari jarraiki.

Onkologiaren arloan ia tratamendu guztiak injektagarriak direnez, asepsia zorrotzeko baldintzetan produzitu behar dira. Ondorioz, enpresak bere instalazioak guztiz birmoldatu ditu.

Enpresaren jarduerak bi helburu nagusi ditu: gaixotasun metabolikoak eta onkologia. Enpresak 2011n lortu zuen Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren (AEMPS) baimena garapen fase ez-esteriletan sendagaiak produzitzeko. Egokitzapenak egin behar izan ditu laborategietan, haatik, tratamendu onkologikoaren barruan eta modu esterilean erabat, nanopartikulak produzitu ahal izateko.

“Berriztatze honekin Sendagaien Agentziaren baimena lortu nahi dugu; baldintza aseptikoetan, garapen-fasean dauden sendagaien fabrikatzaile ezar gaitezen. Beraz, produktu injektagarriak egin ahal izango ditugu. Horrek esan nahi du Midatech Biogune izango dela GMP baldintzetan nanopartikula aseptikoak sortzeko gai den lehenetariko enpresa Europan”, adierazi du Justin Barry zuzendari nagusiak.

  • Intsulina askatzeko tiritak

Minbiziaren aurkako sendagaiak produzitzeaz gain, Midatech Biogunek gaixotasun metabolikoen esparruan egiten du lan.

Gaixotasun metabolikoen arloan, paziente diabetikoen organismotik intsulina askatzeko irtenbidea produzitzen ari da, xiringen beharrik gabe. Ahoan –hain zuzen ere, masailaren barnealdean– kokatzeko tirita disolbagarriak dira. Tiritek intsulina zuzenean askatzen duten nanopartikulak dauzkate.

Produktu horrek bere lehenengo froga klinikoa gainditu du dagoeneko: segurtasunezko 1. fasea. Orain 2. faserako bidean dago, pazienteekin arlo klinikoko esploraziora bideratuta dagoena.

Urrezko nukleoa eta jatorrizko glukosa-koroa duten glyco-nanopartikulen sintesian dago oinarrituta Midatechen teknologia. Urrezko nukleoak (1,6-1,8 nanometroko diametrokoa), koroarekin batera, 5 nanometro baino gutxiagoko amaierako tamaina dauka. Urrearen toxikotasun ezari eta glukosaren propietateei esker, printzipioz, partikulek ez dute gizakiongan erreakzio kontrakorik edota immunologikorik. Laburbilduz, material oso egokiak dira entitate farmazeutiko edo terapeutiko garraiatzaile gisa.

“Egiten duguna zera da: nanopartikula horren egitura aldatzea, beste entitate batzuk gehitzeko erabiltzen ditugun mekanismo batzuekin. Adibidez, hau da garatzen ari garen lehenengo produktuaren kasua, hots, intsulina”, dio Barryk.

“Proiektu honetan, Estatu Batuetako MonoSol Rx izeneko enpresarekin elkarlanean ari gara. Guk intsulina akoplatzen duen nanopartikula sortzen dugu, eta MonoSol Rx-ek tirita disolbagarri bati eransten dio, ahoan jartzekoa. Azken finean, diabetikoek intsulina askatzeko modu bat da, injekziorik erabili gabe”, bukatu du.

 

Partekatu

Beste berri batzuk