Leonor Espinosa sukaldari colonbiarra da Basque Culinary World Prize 2017 sariaren irabazlea
- Bittor Oroz Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak, BCWP sariaren irabazlea nor izango den jakinarazteko ekitaldiko buru izateaz gain, hainbat topaketa instituzional eta bisita egingo ditu Mexikoko nekazaritzako eta elikadurako enpresetan
- Sari hau Euskadi Basque Country estrategiaren barruan antolatuta dago, bikaintasunean erreferente eta bizitza-kalitatean zein gizarte-kohesioan eredu den herrialde baten marka gisa
Basque Culinary World Prize 2017 sariaren irabazlea Mexiko Hiriko Sor Juana klaustroan egindako ekitaldi batean jakinarazi dute. Ekitaldiaren buru izan dira: Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordea; Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia; Joan Roca, epaimahaiburu gisa, eta Dominique Crenn, epaimahaikidea
Leonor Espinosa izan da Basque Culinary World Prize 2017 sariaren irabazlea, bere herrialdeko sukaldaritza popularra erakusten du konplexurik gabe, harro egoteko modukoa baiteritzo; hala, euren sukaldaritza sustatzen ari da, berrikuntzan indarrak jarrita, biodibertsitatearen erabilera ugaritzeko eta norberarena denari balioa emateko tresna delakoan. Funleo fundazioaren bitartez, herrialde batik bat indigenen eta afro-kolonbiarren egitea eta jakitea errebindikatzen du, elikadura subiranotasunaren esparruetan landa-hazkundeko prozesuak bultzatzen ditu, eta ekoizle txikientzako merkaturatze-kanalak bilatzen, bai eta hezkuntza, nutrizioa, ekintzailetza eta turismorako tokiak ere herri etnikoetan. Chocó eskualdean Sukaldaritza Zentro Integral bat zabaltzeko laguntzak biltzen ari da, narkotrafikoari alternatiba bat bilatzeko. Era berean, nabarmentzen du Kolonbiak bere sukaldaritzaren aberastasunaz jabetu behar duela, hango komunitateek euren ondare biologikoa, kulturala eta immateriala beregainki garapen sozial eta ekonomikoetan eralda dezaten proiektuarekin.
Basque Culinary World Prize Eusko Jaurlaritzak ematen duen nazioarteko saria da, Euskadi Basque Country estrategiaren esparruan eta gastronomiako erakunde akademikoetan lider den Basque Culinary Center (BCC) erakundearen bidez. Leonor Espinosak 100.000 euro jasoko ditu berak hautatutako proiektu batera bideratzeko, sukaldaritzaren ahalmen eraldatzailea islatzen duen proiektu batera, alegia. Aurreko ekitaldian, 2016an, María Fernanda Di Giacobbe venezuelarrak irabazi zuen saria, Venezuelan egindako «Cacao de Origen» proiektuarekin.
Leonor Espinosaren aukeratu dute irabazle hamar proiektu finalistaren artetik. Epaimahaian mundu zabaleko sukaldari sonatuenetako batzuk izan dira, hala nolaJoan Roca entzutetsua (Espainia), Gastón Acurio (Peru), Michel Bras (Frantzia), Dominique Crenn (AEB), Yoshihiro Narisawa (Japonia) eta Enrique Olvera (Mexiko). Baita hainbat diziplinatan nazioarteko ospea duten adituak ere: Laura Esquivel, Como agua para chocolate best-sellerraren idazlea; Kirmen Uribe, euskal idazle irakurrienetako eta itzulienetako bat; Cristina Franchini, nazioarteko zuzenbideko aditua; Matthew Goldfarb nekazari organikoa, landa-soziologoa eta ekoizpen jasangarriko aditua; edota María Fernanda di Giacobbe, Basque Culinary World Prize 2016 sariaren irabazlea.
Honako hauek izan dira Basque Culinary World Prize saria eskuratzeko finalistak: José Andrés (AEB), Ebru Baybara Demir (Turkia); Leonor Espinosa (Kolonbia); Dan Giusti (AEB), David Hertz (AEB), Anthony Myint (AEB), Daniel Patterson & Roy Choi (AEB); Melinda McRostie (Australia / Grezia); Niko Romito (Italia); Ricardo Muñoz Zurita (Mexiko).
Guztiak ere nazioarteko sukaldari entzutetsuak dira, gizartean euren lana zabaldu dutenak eta beren ogibidea berriro definitu dutenak, abilezia, sormena, berrikuntza eta gizarte-egonezinak bat eginda. Mugimendu hori sukaldari aitzindariz osatutako talde batek hasi zuen; horien artean zeuden, konparazio batera, Ferrán Adrià, Gastón Acurio, Dan Barber, Heston Blumenthal, Massimo Bottura, Claus Mayer, Jamie Oliver, Rene Redzepi edota Alice Waters.
Euskadi-Basque Country estrategia
Aurtengo edizioko irabazlea jakinarazteko ekitaldian, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak nabarmendu du saria estrategia baten barruan ulertu behar dela, bikaintasunaren, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu den herrialde-estrategia baten barruan, alegia. Lurralde berritzaile eta lehiakorra, Orozen hitzetan, «gastronomia da mundu zabalera irekitzea nortasun-zeinu duena».
«Gero eta nabarmenago da –gaineratu du– elikaduraren eta gastronomiaren sektorean alderdi tradizionalak eta teknologia berriak bat egiten ari direla, eta baldintza hori aprobetxatu beharra dago garatzen den inguruaren baldintza sozialak eta ekonomikoak hobetzeko, haren nortasun-osagaia sustatuta, baita konpromiso soziala ere.»
Orozek gidatutako ekitaldi honetan, era berean, Basque Culinary Centerren nazioarteko kontseiluaren bilera ere egingo da, baita biodibertsitateari buruzko sinposium bat ere Xochimilcon. Hala, Oroz sailburuordeak lan-agenda betea izango du Mexiko aldean: nekazaritzako eta elikadurako industriarekin lotutako gobernu-erakundeekin bilerak egiteaz gain, sektore horretako enpresak ere bisitatuko ditu Jaurlaritzako ordezkariak.
Hain zuzen, Mexiko aukeratu dute ekitaldi hauek egiteko, Latinoamerikako gastronomiaren aberastasunaren eta potentzialaren adierazpide eredugarria den aldetik, eta sukaldaritza garaikideak aurrez aurre dituen erronkak bikain irudikatzen dituen neurrian.
Leonor Espinosak, Basque Culinary World Prize 2017 sariaren irabazleak, hauxe aldarrikatu du:
Sariak ilusio handia ematen due hainbat urtetan euren arbasoen identitate kulturalaren eta balioa aldarrikatzen aritu diren komunitateei. Gatazka armatuak eragindako isiltasunari, injustiziari eta bazterketari aurre egiteko modu bat da. Eta herrialdeari aitortzen dio, errekonziliazio prozesu honetan, gastronomia prozesuen alde egitearen garrantzia, herraminta ekonomiko moduan, ongizatea sortzeko gaitasuna duten herrialdeen garapenerako.
Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendariak, hauxe gaineratu du:
«Sari honen bidez, lekukotza inspiratzaileak eskaini nahi ditugu, erakusteko gastronomiak nola lagun dezakeen gizartea hobetzen. Leonor horren adibide argi eta garbia da, eta ederki erakusten ditu gaur egun sukaldari izateak bere-berekin dituen ardurak. Leonor Espinosak kontakizun inspiratzailea egiten dio industriari, eta gu bereziki hunkiturik gaude zuekin partekatu ahal izateagatik».
BCWP AUKERATZEKO PROZESUA
Basque Culinary World Prize saria irabazteko 30 herrialdetako hautagaitzak izan dira, eta guztira 110 sukaldari izendatu ziren. Saria eskuratzeko parte hartu ahal izateko, sukaldariek beste profesional baten izendapena behar zuten, gaur egun gastronomiaren alorrean diharduen beste profesional batena, alegia.
Bi hilabetean, industriako profesionalek eta erakundeek mundu zabaleko sukaldariak izendatu zituzten, betiere erakusten dutenak gastronomia motor eraldatzaile izan daitekeela hainbat alorretan, hala nola berrikuntzan, hezkuntzan, ingurumenean, garapen sozial eta ekonomikoan, osasunean edota, oro har, elikagaien industrian inpaktu positiboa eragiten badute.
Ekainaren 12an, batzorde tekniko bat elkartu zen Basque Culinary Centerren, hamar finalistak aukeratu ahal izateko. Batzorde teknikoaren buru Elena Arzak sukaldaria izan zen, eta honako hauek osatu zuten: Xavier Medina, Kataluniako Unibertsitate Irekiko egilea eta antropologoa (Espainia); Melina Shanon Dipietro, Mad Institute (Danimarka) erakundeko zuzendari exekutiboa; Jorge Ruiz Carrascal, Kopenhageko Unibertsitateko Elikadura Zientzien Saileko akademialaria (Danimarka); Marta Miguel Castro, Gastronomia Zientzietako Ikerketa Institutuko zientzialari titularra (Espainia) eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria.