Lineako esperimentu zientifikoa, gaztelaniaren ezagutza neurtzeko
- BCBL neurozientzia-zentroak abiarazitako jolasarekin 5 minututan neur daitezke erabiltzaileak dakizkien gaztelaniazko hitzak; euskarazko bertsioa prestatzen ari dira jada
- Iragan ostiralean aplikazioa atera zenetik, mundu osoko 75.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute jada, eta emaitzak sare sozialetan partekatu dituzte
- Gaztelaniaz idatzitako hitzak irakurleek nola prozesatzen dituzten ulertzeko erabiliko dira emaitzak
Lineako jolasa da, eta hitz jakin bat gaztelaniazkoa den edo ez esatean datza. Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak egindako proposamen xume horrek lortu du, asteburu bakar batean, 75.000 pertsonek parte hartu dezaten bere online aplikazioan.
Helburua: gaztelaniazko hiztunen –jatorrizkoak, gaztelania bigarren hizkuntzatzat dutenak edo ikasleak– hiztegia neurtzea, irakurleek gaztelaniaz idatzitako materiala nola deskodifikatu eta prozesatzen duten ulertzeko.
BCBLk erabiltzen duen gamifikazio-metodoa –hau da, partaidetza estimulatzen duen jolas moduan planteatzea azterketa, eta sare sozialetan partekatzea–, aplikazio biral bihurtu zen sare sozialetan pasa den asteburuan. Esaterako, albisterik nabarmenena izan da Menéame atarian, hots, esteken balorazio kolektiborako aurreneko ataria Espainian, eta 30.000 klik jaso ditu.
Oso erraza da erabiltzen: minutu gutxiren buruan osatzen den jolasa da, eta erabiltzaileak erabaki behar du pantailan agertzen diren hitzak gaztelaniaz dauden edo ez. Behin segida amaituta, aplikazioak erabiltzaileri jakinaraziko dio gutxi gorabehera zein den gaztelaniaz dakizkien hitzen ehunekoa. Gainera, jokalariek aukera dute ezagutu ez dituzten hitzak Espainiako Errege Akademiaren hiztegian kontsultatzeko, baita emaitzak sare sozialetan partekatzeko ere. BCBL lankidetzan aritu da Ganteko Unibertsitatearekin (Belgika), zeinak antzeko ekimenak gauzatu baititu beste hizkuntza batzuekin.
Ostiralean kaleratu zenetik, jolasak portaera birala izan du Espainiako mugetatik haraindi; izan ere, mundu osoko gaztelaniako hiztunei esker, aplikazioa are gehiago zabaldu da Facebook eta Twitter (#palabraOno traolarekin) bidez.
Hitz bakoitzeko erreakzio-denborari dagozkion emaitzak (testu-katea pantailan aurkezten denetik erabiltzaileak erantzuna igortzen duen arte) datu-base handi batean gordetzen dira. Datu-basea etengabe handitzen denez, egun gutxiren buruan kalkulatu ahalko da, batez beste, zenbat denbora behar den gaztelaniazko hitzak irakurtzeko.
Informazio hori balio handikoa izango da, komunitate zientifikoak gaztelaniazko hitzen irakurketarekin loturiko mekanismo psikolinguistikoak azter ditzan. BCBLko zuzendaria eta proiektuko ikertzailerik garrantzitsuenetakoa den Manuel Carreiras doktoreak adierazi duenez, “behin mundu osoko gaztelaniazko jatorrizko hiztun eta jatorrizko hiztun ez diren pertsona kopuru adierazgarriaren datuak jasoz gero, ideia osatuagoa eduki ahalko dugu hitz isolatuak nola irakurtzen diren adierazteko. Horrenbestez, idatzitako materialarekin burmuinak nola funtzionatzen duen ondorioztatu ahalko da”.
Proiektuko beste ikertzaile nagusi Jon Andoni Duñabeitia doktorearen aburuz, aplikazioak “hainbat eskualdetako hainbat hizkuntza-profil dituzten milaka eta milaka pertsonen hiztegiaren estimazio objektiboa egin ahalko du”; eta, ondorioz, “gaztelaniazko irakurketaren gaineko XXI. mendeko lehen corpus internazionala eraiki izango da”.
Ekimenak izan duen hasierako arrakasta ikusita, Carreirasek eta Duñabeitiak osatzen duten taldea elkarlanean ari da jada Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Euskara Institutuarekin. Euren xedea proba horren beste bertsio bat aurkeztea da, euskarazko jatorrizko hiztunen eta jatorrizkoak ez diren hiztunen antzeko datuak lortze aldera.
Plataforma Internet bidez heda daitekeenez, ikertzaileek espero dute laster euskarazko milaka hiztunen datuak jaso ahal izatea, Amerikako kontinentean bizi diren euskaldunenak barne.