MAKINA-ERREMINTA: Orain tinko eutsi, 2021a indarrez
Sektorea ekoizpenari eusteko lanean ari da, urte hasieran zuen itxurazko eskaerazorroa kontsumituz
Azken hilabeteetan industria-jarduera izozteak eskaerak amildu ditu, eta presiopean jarri du sektorea
Makina-erremintarentzat erabakigarria izango da bere bezero diren sektoreak (automobilgintza, aeronautika, trengintza, ekipoko ondasunak, energia, eta abar) arian-arian berroneratzen joatea. Bitartean, sektorea finantzaketaz hornitu da oraindik etortzeko dauden hilabete zailenei aurre egiteko
Urrun geratu da 2019. urtea. Orduan jadanik, ekoizpenaren eta esportazioaren beherakadak aditzera ematen zuen sektorean joera aldatzear zegoela. Azkenean, itxierako behin betiko datuak otsailean zenbatetsitakoak baino apur bat okerragoak izan dira, deformazioaren azpisektorean jaitsiera uste baino handiagoa izan delako, gainerakoetan hazkunde txikiak izan arren.
Azken bost urteetan % 30etik gorako hazkunde metatua izan ondoren, sektoreak, oro har, % 9,46 egin zuen atzera 2019an. Makina-erreminta % 11,95 beheratu zen, txirbil harroketa % 8,77 eta deformazioa % 17,17. Azken horri, 2019an jadanik eragin zion automobilgintzak herrestan zekarren egoerak.
Gainerako sektoreek ere galdu zuten bolumena: osagaienak –% 7,29, erremintenak –% 5,52 eta osagarrienak –% 7,37.
Esportazioak % 5,08 jaitsi ziren, oro har. Azpisektoreka, beherakadak hauek izan ziren: txirbil harroketan –% 8,02, deformazioan –% 8,41, erremintetan –% 4,26, eta osagarrietan –% 1,99. Salbuespen bakarra osagaien sektorea izan zen, % 2,9 haziz.
Esportazioen helmuga nagusiei dagokienez, Alemania dago buruan, eta AEB, Italia, Frantzia eta Portugal ditu atzetik. Seigarren lekuan Txina dago, eta jarraian Mexiko, India, Erresuma Batua eta Kanada. Italia eta Frantzia zerrendan aurreratu dira, eta Mexikok eta Txinak, aldiz, zenbait postu galdu dituzte 2018 urtearekin alderatuz.
EGUNGO EGOERA
AFM Clusterreko presidenteak, César Garbalenak, sektorearen egungo egoera aztertu du: “Pandemiaren fase larrienari aurre egin ondoren, azken hiru hilabeteak etengabeko borrokan eman ditugu, errealitate gupidagabe baten aurka. Funtsean, hiru arlotan aritu gara lanean:
Lehenik eta behin, langileek seguru jarduteko tokia zutela bermatu behar genuen, eta oinarri horren gainean, beste behar guztiak eraiki. Gure langileak babesteko protokoloak diseinatzeko eta ezartzeko garaian, bizkor, arduraz eta modu eredugarrian jokatzen jakin dugu. Horri esker, alarma-egoeran ere jardunean jarraitu ahal izan dute gure enpresek.
Bigarrenik, bezeroei hitzemandako ekipoak eraikitzen amaitu eta bidali behar genituen, eta lortu dugu horiek muntatzea eta puntuan jartzea, mugikortasun oso murriztuko uneetan. Halaber, apurkaapurka martxan jarri ditugu saldu osteko zerbitzua eta makinen mantentze-lanak.
Hirugarrenik, guretzat merkataritzako jarduera ari da izaten alderdirik konplexuena, eta baita garrantzitsuena ere. Momentu hauetan zaila den aurrez-aurreko kontaktua ordezkatzeko estrategia berriak ezartzen ari gara gure bezeroengandik gertu jarraitzeko, ezinbestekoa baita inbertsio handiak egiteko garaian.
Hala ere, gure bezero diren sektore nagusiak, hala nola automobilgintza, aeronautika, trengintza, ekipo-ondasunak, energia, eta abar, geldi egon dira eta oso jarduera-maila baxuetan jarraitzen dute, haien inbertsio-premiak bigarren mailan utziz”.
Ondorioz, urtearen lehen bost hilabeteetan % 35 baino gehiago amildu dira eskariak; bereziki, azken hiruetan. Beherakada hori apur bat nabarmenagoa izan da deformazioaren azpisektorean. Merkatuen arabera, jaitsiera handiagoa izan da atzerrian, 2019. urtea jadanik barnemerkatuarentzako txarra izan zelako soilik. Ezein kontinentetan ez da ikusi eboluzio mesedegarririk oraindik, eta Europako (Alemania, Espainia, Italia, Frantzia) nahiz Amerikako (AEB, Mexiko eta Brasil) merkatu nagusietan izan ditugu murrizketak. Salbuespen bakarra Asia izan da, apiriletik aurrera Txinak indarra hartu duelako eta, oro har, 2019an baino hasiera hobea izan du.
- URTEKO ITXIERAREN AURREIKUSPENA
2020an, sektorearen bi errealitateak inoiz baino nabariagoak izango dira. Batetik, ekoizpenjarduerarena: metatutako zorroa ahalik eta gehien luzatuta, enpresa askok urte amaierara arte nabigatzeko aukera izango dute, baina fakturazioa % 20 murriztuko da. Bestalde, eskaeren kaptazioari buruzko datua okerragoa izango da, eta pixkanaka bezeroen egoera hobetzearen baitakoa. Nolanahi ere, kaptazioa % 40 murriztea espero dugu.
Ildo horretan, honako hau adierazi du Xabier Ortuetak, AFM Clusterreko zuzendari nagusiak: “Urtea jarduerari dagokionez zaila eta kaptaziorako konplexua izango dela aurreikusten dugu; 2021ean, gure bezero diren sektoreen jarduera goititzen hasiko dela espero dugu, eta hori funtsezkoa izango da gu ere aurrera ateratzeko.
Gure prospekzio-azterketek urtearen azken hiruhilekoan pixkanaka berroneratzen hasiko garela ematen dute aditzera, eta 2021eko lehen seihilekoan bultzada hartuko dugula”.
SEKTOREAREN PREMIAK
Ikuspegi orokor batetik, fabrikazio aurreratuaren sektorearentzat oso garrantzitsua izango da beste sektore batzuekin partekatutako lau alor hauek kontuan hartzea:
- Enpresen finantzaketa mantentzeko neurriak. Sektorearen abiapuntuko egoera 2008. urteko krisialdikoa baino askoz egonkorragoa da. Gainera, hilabete zailei aurre egiteko finantzaketaz hornitu da. Hala ere, egungo egoerak ez du aurrekaririk eta sektorearen zailtasunak hemendik hilabete batzuetara geratuko dira agerian; horregatik, ezinbestekoa da finantzaketa izatea, makina-erremintaren erabiltzaileak berriz inbertitzen hasi arte.
- Enpleguaren ikuspegitik, 2019an % 0,8 hazi zen, pertsonak aktibo ordezkaezinak diren sektore batean. Teknologiaren aldetik, industria-produktu oso aurreratuak eta konplexuak dira makina-erremintak, eta aplikazio bakoitzera egokitzeko diseinatzen dira. AFM Clusterreko enpresek giza baliabideak zaintzen dituzte, eta mantendu egin behar dituzte; horregatik, enplegua malgutzeko neurriei esker, indarrez atera ahal izango dira unea heltzean.
- Ekonomiaren industria-sektore garrantzitsuenei azken ekoizpen-teknologia ekartzen dien sektorean, berrikuntza da beste erronka nagusietako bat. Jarduera urriagoko une hauetan, funtsezkoa da ikertzen eta aplikazio berritzaileak garatzen jarraitzeko nahikoa baliabide izatea. Ezinbestekoa da, administrazioekin batera, I+Garen zubia eraikitzea, martxan jartzean merkatura proposamen berriak ekarri ahal izateko.
- Nazioarteko jarduera (azokak, bidaiak, misio komertzialak, eta abar) bertan behera geratu da zenbait hilabetez, baina 2021ean berriz hartuko du indarra, eta garrantzitsua izango da baliabide guztiak eskura izatea (norberarenak nahiz laguntza instituzionalarekin lortutakoak) bezeroak lortzeko lehian masiboki sartzeko. Ildo horretan, enpresei bultzada emateko programa ugariak eta malguak izan beharko dituzte ICEXek eta tokiko administrazioek. Horren haritik, atseginez hartu ditugu euskal administrazioak duela gutxi iragarritako makineriako eta 4.0 industriako Renove planak, eta haren ereduari jarraitzera eta industriaren aldeko apustu irmoa egitera animatzen ditugu administrazio zentrala eta Europakoa”.
- Sektorearen behar nagusien inguruan, honako hau gaineratu du César Garbalenak: “Etorkizun industrialaren eraikuntza bizkortzeko asmoz, industriaren traktore diren sektoreei (adibidez, automobilgintza eta aeronautika) bultzada berria emateko planen alde gaude, eta ekoizpen-ekipoak ere sustatu beharko dira, eragin biderkatzailea dutelako. Industriak bere makineria eguneratu behar du lehiakor izaten jarraitzeko, baina administrazioek inbertsio hori lagundu eta bultzatu behar dute, etekinen berrinbertsioa sustatzeko neurri fiskalekin eta ekoizpen-bitartekoak berritzeko eta digitalizatzeko planekin. Geraldi honen ostean, industria berriz kapitalizatzeko prozesu itzelari ekin behar diogu.