Makina-Erremintak bere historiako fakturazio handiena lortu du

Gipuzkoa

2016tik deformazioaren azpisektorean metatutako eskaera-zorroak aurreikusitakoa baino hazkunde handiagoa eragin du

Inflazioaren eragina kenduta, oraindik % 10 falta da 2008ko maila berreskuratzeko

30. BIEMH feria enpresa-konfiantzazko giroan egingo da, eta horrek fabrikazio-teknologien arloko inbertsioaren alde egingo duela aurreikusten da

AFMAFMko lehendakaria, Antxon López Usoz, pozik dago 2017ko behin betiko itxiera aztertzean sektoreak ematen dituen zenbaki onak direla-eta: “10 urtetan izan dugun zenbateko onena da, baina kopuru errealetan oraindik tartea geratzen zaigu 2008ko datu historikora heltzeko”.

Fabrikazio aurreratuaren eta makina-erreminten sektoreko ekoizpena % 12,96 igo da 2017an (behin betiko datuak), iragarritako hazkunde-aurreikuspenaren gainetik, eta sektoreko errekorra lotu du, 1.690,69 milioi euro. Fakturazioaren hazkunde handiaren arrazoia, hein handi batean, deformazioaren azpisektoreak izandako igoera da (+% 47,76), 2017an fakturatu baitu 2016an metatu zuen eskaeraren zati handi bat; hain zuzen ere, urte horretan eskabideek % 56 egin zuten gora (deformazioan, eskaerak lortu eta makina fakturatzearen arteko tartea 18 hilabete ingurukoa da).

Txirbil-harroketa ere hazi egin da, baina modu neurritsuagoan: % 4,71ko hazkuntza izan du 2017an, eta hotz antzean hasi zen arren goraka joan da urtea aurrera joan den heinean. Beste azpisektoreek ere kopuru positiboei eutsi diete; esate baterako, osagaiak % 4,54 hazi dira, eta ebaketa-erremintek % 6,53 gora egin dute.

Une okerrenetan ere enplegua egonkortasun handiko faktorea da sektorean, eta joerari eutsi dio %4,1eko hazkundea lortuz.

ESPORTAZIOAK BERE ERREKORRA ONTZEN JARRAITZEN DU

Aurreko urteetan ere erregistro sendoak izan dituen esportazioa modu apalagoan hazi da, % 4,10, eta errekor berri bat egin du: 1.233,37 milioi euro. Arlo horretan ere, deformazioaren emaitzak (+% 10,28) txirbil-harroketarenak (+% 6,89) baino hobeak dira.

2017an, sektoreak ekoitzi zuenaren % 72,95 esportatu zuen, barne-merkatuko salmentak igo egin baitziren iaz.

Makina-erremintei dagokienez, esportazioa % 8,03 hazi da 2017an, eta hauek izan dira merkatu nagusiak: Alemania (esportatutako guztiaren % 14,4), Txina (% 9,9), Mexiko (% 9,8), AEB (% 8,4) eta Italia (% 6,4). Ondoren datoz Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Polonia eta India.

López Usozek zera baieztatu du: “Europako merkatuak portaera bikaina izan du 2017an, bai Alemaniak, gure merkatu nagusiak, 2016arekin alderatuta % 20 hazi baita, eta baita ere Italiak, Frantziak, Portugalek, Erresuma Batuak eta Poloniak. Txinak bigarren tokiari eutsi dio munduko rankingean, baina % 7,7 jaitsi da 2016koarekin konparatuta. Halaber, Mexikoren, AEBen eta Kanadaren jardun ona nabarmentzekoa da, % 15 inguru hazi dira-eta. Era berean, India, urte on baten ostean, gorako bidean da gure esportazio rangkinean. Bestalde, Brasilen eta Errusiaren zenbatekoak hobetu egin dira, baina 2013an edo 2014an erdietsi zituzten mailak berreskuratzetik urrun daude oraindik”.

BARNE-MERKATUAREN BILAKAERA

2017ko behin betiko datuek barne-kontsumoa % 24,43 hazi dela baieztatzen dute; 726,36 milioi eurora heldu da, 2015. eta 2014. urteetako joerari jarraituz, eta 2016ko geldialdia gainditu du. Zalantzarik gabe, datu baikorra da, baina 2007. urtean lortutako kopuru altuena baino askoz ere baxuagoa da oraindik. Balio errealetan oraindik % 20-30eko ibilbidea dagoela esan daiteke.

Kezkagarria da 2017ko eskaera-datu onek 2018rako goranzko aurreikuspen sendoagoak ez eragitea; beraz, merkatua eta sektorea indartzeko neurri azkar eta eraginkorrak hartzea aldarrikatu nahiko genuke, gure sektoreak industria osoaren lehiakortasunean daukan eragin garbiarengatik. AFMko lehendakariak zera baieztatu du: “Une egokia dela pentsatzen dugu Espainiako merkatuan ekoizpen-ekipamendu aurreratuetako inbertsiorako pizgarri-politika sendoak aplikatzeko. Renove Planaren moduko ekimenak, zuzeneko laguntzak emateaz gain zergapizgarriei ere heltzen dietenak, adibidez, “hiperamortizazioak”, Italian hain arrakasta handiaz egin denaren erara. Zerbitzuen industria digitalizatu bateranzko trantsizioa egiteko unean gaude, eta testuinguru honetan oso garrantzitsua da konektatu ezin diren makina zaharrak, zerbitzu eta balio erantsi bihurtzeko, daturik biltzen, prozesatzen edo bidaltzen ez dutenak, modernizatzea. Ez dugu abagune hori galdu behar”.

ESKAEREN ERAKARPENA

2016an, eskaeren erakarpenak ohiz kanpoko hazkundea izan zuen, % 22koa, deformazioaren azpisektorean eskaera asko eta asko sartu zirelako (+% 56, baina txirbil-harroketa % 4 jaitsi zen). 2017ak ezin izan dio 2017 urteko erritmo handiari eutsi, aurreikusitako %10eko beherakadarekin.   Dena den, azpimarratu behar da txirbil-harroketaren azpisektorea suspertzen ari dela, 2017an % 10,7 gehiago erakarri du-eta.

Merkatuka, erakarritako kopuruak ia testuinguru guztietan nabarmen hobetu dira, bereziki Europan, goranzko joera garbiarekin, eta pixka bat gutxiago NAFTA merkatuetan (AEB, Mexiko eta Kanada). Asiak emaitza desberdinak izan ditu, txirbil-harroketarako deformaziorako baino hobeak.

2018RAKO AURREIKUSPENA

2018rako egonkortasuna aurreikusten da; sektoreko fakturazio-zenbatekoa 2017ko ia maila berean geratzea espero dugu. 2016an erakarritako eskaeren 2017ko fakturazio altuak eskaerazorro arinagoak utzi ditu, eta horrek, eskaeren sarrera urtearen hasieran apur bat moteltzearekin batera, 2018an 2017koaren antzeko kopuruari eustea emaitza ona litzatekeela pentsarazten du. Nolanahi ere, egoera egonkorrean gaude eta inbertsiorako aukera mesedegarriak daude.

Erakartzeari dagokionez, urtearen hasieran aurreratu genuenez, oraindik goiz da horretaz espekulatzeko, baina ez da aldaketa handirik espero munduko hazkunde-panoraman, batez ere Europako kontinentea ziklo positibo baten gailurrean dagoela kontuan izanik.

Xabier Ortueta, AFM Clusterreko zuzendari nagusia: “Urtea espero baino pixka bat lasaiago hasi da, baina egoera orokorra ona da, bai etxean bai nazioartean, eta hori aprobetxatu behar dugu. Industriarako punta-puntako irtenbideetan oso lehiakorrak garela frogatzen jarraitzeko baliabideak dauzkagu, horri buruz ez dago zalantzarik. Urtea munduan fabrikazio aurreraturako urte positiboa izango da berriro, eta makina-erremintak funtsezko zeregina betetzen du haren abialdian”. 

30. BIEMH, PRODUKTIBITATEAN INBERTITZEKO AUKERA BIKAINA

Makina-erremintaren hurrengo bienalak baikortasunez egiten dio aurre azken urteotako edizio handienari eta onenari, eta Bilbao Exhibition Centreko sei pabiloiak erabat beteko ditu. Espainiako industria-ekitaldi nagusiak baieztatutako 1.700 erakusketari baino gehiago, 2.700 produktu baino gehiago eta 1.100 makina baino gehiago izango ditu. Dena prest dago Bilbon maiatzaren 28tik ekainaren 1era arte milaka bisitari jasotzeko, BIEMHn industria-sektore guztietarako irtenbide produktiboen multzo handia aurkituko baitute.

Aurten, BIEMHrekin batera egingo den azoka berri bat aurkeztuko da, BeDIGITAL, teknologia digitalen aplikazio industriala xede duen lehen ekitaldia; ADDIT3D-rekin bat egingo du, fabrikazio gehigarriari eta 3D fabrikazioari buruzko azoka profesional nagusiarekin, WORKinn-ekin, industriasektoreko lan-orientabiderako foroarekin, eta IMIC-ekin, industria-mantentzeko berrikuntzari buruzko konferentziarekin.

Gainera, BIEMHek Fabrikazio Aurreratuko eta Digitaleko Teknologietako Berrikuntzarako 13. Sari Nazionala hartuko du; bertan, makina-erremintan, fabrikazio gehigarrian eta industriari aplikatutako 4.0 kontzeptuetan egindako berrikuntzak sarituko dira.

2018KO GARRANTZIZKO EKITALDIAK

  • AFMren Batzar Nagusia: 2018ko maiatzaren 11n, Donostian, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean.
  • BIEMH-ADDIT3D-BEDIGITAL: maiatzaren 28tik ekainaren 1era arte, BECen, Bilbon.
  • WORKINN: maiatzaren 30etik 31ra arte, BECen, Bilbon.
  • Fabrikazio Aurreratuko eta Digitaleko Teknologietako Berrikuntzarako 13. Sari Nazionalaren emanaldia: maiatzaren 31n, BECeko prentsa-aretoan, Bilbon.
  • 59. CEO BILTZARRA: irailaren 20tik 22ra arte, Budapesten (Hungarian).
  • CECIMO-REN BILTZAR NAGUSIA: azaroaren 23tik 24ra arte, Bartzelonan.

Partekatu

Beste berri batzuk