Makina-Erremintak fakturazioaren % 2,4ko hazkundearekin itxi du 2018. Urte konplexua

Albisteak, Gipuzkoa

2018ak ekoizpen-jarduera ona izan du bereizgarri, hasierako eskaera-zorro sendoaren ondorioz

Eskaeren erakarpena, urtean zehar gorabeherak eduki dituen arren, 2017koa baino % 3,5 handiagoa izan da

 2019. urtea ziurgabetasunez beteta egongo da eta erakarpena motelduko dela argi ikusten da, baina fakturazio-zenbatekoa 2018koaren antzekoa izango da

BIEMH 2018. Bec. 28 Mayo al 1 de Junio de 2018. Bilbao. Bizcaia. Euskadi. Spain. Photo © Sara Santos

Zenbatekoak oraindik behin-behinekoak diren arren, fabrikazio aurreratu eta digitalaren eta makina-erremintaren sektoreak fakturazioaren % 2,4ko gehikuntzarekin itxi du 2018. urtea, 2017ko ekitaldiarekin erkatuta, 1.731 milioi eurora heldu baita.

Urtea oso irregularra izan da bere eboluzioan, erakarpenari dagokionez dinamismo handiagoko eta txikiagoko hiruhilekoak txandakatu dira eta. Fakturazio-balantzea positiboa izan da txirbil-harroketarako (+% 6) baina ez hainbeste deformaziorako (-% 4,7), zenbait urtez hazkunde aparta izan ostean jaitsi egin baita. Beste azpisektoreak ere modu beretsuan hazi dira: osagaiak, % 5; erremintak, % 3,2; osagarriak, 2,3; beste makina batzuk, % 1; eta mekanizazioak, % 13.

AFMko lehendakariaren, César Garbalenaren, hitzetan: «Ekoizpenari dagokionez, urtearen hasieran genuen eskaera-zorro onari esker, 2018a jarduera oneko urtea izan da. Eskabide berriak irregularragoak izan dira azpisektore guztientzako (urte hobea izan da harroketarako deformaziorako baino), hiruhileko onuragarriak eta hiruhileko motelagoak txandakatu baitira, baina azkenean erakarpen onarekin amaitu dugu.

Harroketaren barruan, fresaketaren azpisektoreak urte ona izan du; automobilgintzaren sektoreak, aldiz, ziurgabetasuna eragin die gure deformazio-ekipamenduen fabrikatzaileei».

ESPORTAZIOAK

Esportazioek errekorrezko zenbatekoak lortu dituzte; hain zuzen % 3,6 hazi dira 2017ko datuekin alderatuta eta 1.277 milioi eurora heldu dira. Kasu honetan ere, harroketaren zenbatekoak positiboak dira, +% 7, eta deformazioarenek beherakada txikia, % 3,8koa, izan dute.

Makina-erremintei dagokienez, helmugako herrialdeak aztertzen baditugu (urrira arteko datuekin), hauek dira Espainiako fabrikatzaileen hamar merkatu nagusiak: lehenik, Alemania (esportatutako guztiaren % 12,3), bigarrenik, Txina (% 10,1) eta, hirugarrenik, Mexiko (% 9,8); haien ostean, AEB (% 8,2), Portugal (% 7,3) eta, ondoren, Frantzia, Italia, Txekia, Polonia eta Erresuma Batua.

Garbalenak zera dio kanpoko merkatuei buruz: «Interesgarria da krisialdian kanpoan egin dugun posizionamendu-lan gogorra emankorra izan dela egiaztatzea. Berriro ere errekorrezko zenbatekoa lortu dugu esportazioetan, eta merkatuei dagokienez ez da aldaketa esanguratsurik izan azken ekitaldiarekin erkatuta. Erakarpenari begira, horrek baldintzatuko baitu etorkizuneko esportazioa, Europak ondo eutsi dio, Amerikak portaera sendoa izan du eta Asiak indarra galdu du».

Alderdi horretan, muga-zergen aldaketen ondorioak, Estatu Batuetako administrazioak irekitako liskar komertzialak eta balizko Brexit baten ondorioak kezkagarriak dira, Europako enpresa-konfiantzari eragin liezaieketen neurrian.

BARNE-MERKATUA

Espainian, makina-erreminten kontsumoaren hazkundea argi eta garbi moteldu da 2018an (+% 1,8) 2017ko datuekin erkatuta (+% 24,4). Nolanahi ere, hamarkadako zenbateko altuenean geratu da, nahiz eta oraindik Espainiaren moduko herrialde batek eduki behar duen potentzialaren azpian egon, iraganean sobera gainditu baitziren oraingo zenbatekoak.

AFMko lehendakariak zera baieztatu du: «Makina erreminta bezala, eragin biderkatzaile handia duten ekipamendu produktiboetan egindako inbertsioa sustatu behar dela azpimarratzen jarraitzen dugu. Beste herrialde batzuk, Italia eta Frantzia kasu, zerga-politika oldarkorrak aplikatzen ari dira industria ekipamendu moderno, produktibo eta adimentsuez horni dadin. Ez dugu atzean geratu behar».

ESKAERAK

Eskaerak % 3,5 ugaritu dira 2018an. Harroketak zenbateko hobeak izan ditu, fresaketaren azpisektoreak bultzatuta; % 7,8ko hazkundea izan du, hain zuzen, baina deformazioak, aldiz, pixka bat behera egin du (–% 1,6).

2019RAKO AURREIKUSPENA

Bai nazioko bai nazioarteko eremuan dagoen ziurgabetasun itzelak baldintzatuta, baina azken bi ekitaldietan eskabideen erakarpenean izandako zenbateko onen ondorioz, urte honetan jarduera onargarria izatea eta 2019an ere 2018an fakturazioan eta esportazioan lortutako emaitzak errepikatzetik oso hurbil egotea aurreikusten dugu.

Elkarteko zuzendari nagusiak, Xabier Ortuetak, honako hau esan du: «Metatutako eskaera-zorroari esker 2019an jarduera-maila onak izaten jarraituko dugula dakigun arren, etorkizunari buruzko pertzepzioa aldatu egin da azken hilabeteetan, eta oso adi egon beharko dugu konfiantzari eta inbertsioari eragiten dieten faktoreek nola eboluzionatzen duten ikusteko.

Gure ustez, zalantzazko etorkizunean nabigatzeko gakoak argiak dira. Alde batetik, ezagutza-sektorea gara eta, beraz, profesional onenak eduki behar ditugu maila guztietan: gure talentua erakarri, zaindu eta indartu. Bigarrenik, gure produktu, prozesu eta zerbitzuen digitalizazioa irmoki aplikatzen jarraitu behar dugu. Saltzen ditugun ekipamenduen alderdi digitala modu esponentzialean hazten ari da, eta ulertu behar dugu nola geuregana dezakegun gure bezeroei sortzen lagunduko diegun balio erantsi ikaragarriaren zati bat.

Erronka horiei klasikoagoak diren beste batzuk gehitzen badizkiegu, adibidez, nazioartekotzea edo I+G+b, are garrantzitsuagoa egiten da enpresen arteko lankidetza bultzatzea. AFM CLUSTERek, makina-erremintaren, fabrikazio gehigarriaren, esku-erreminten, mekanizazioaren eta eraldaketa metalmekanikoaren sektoreko 400 enpresa baino gehiago biltzen dituenez, toki bikaina da lankidetza sustatzeko, eta, horri dagokionez, 2019an gure historiako proiektu handinahiena abiaraziko dugu».

2019KO EKITALDIAK

• AFM CLUSTERREN BILTZAR NAGUSIA: maiatzaren 17an, Orona Fundazioan, Hernanin
• +INDUSTRY 2019: ADDIT3D-SUBCONTRATACIÓN-INDUSTRY TOOLS-BEDIGITAL-WORKINN: ekainaren 4tik 6ra, BECen (Bilbo)
• EMO HANNOVER 2019: irailaren 16tik 21era, Hannoverren
• FABRIKAZIO AURRERATU ETA DIGITALAREN ETA MAKINA-ERREMINTEN 22. KONGRESUA: urriaren 23tik 25era, Donostian, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean

Partekatu

Beste berri batzuk