María de Maeztu” bikaintasun-bereizgarria jaso du biomaGUNE IKZ zentroak

Gipuzkoa

Bikaintasun-unitate gisa izan dezakeen aitortzarik gorena da Estatuan

imagesZientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak “María de Maeztu” bikaintasun-unitate gisa aitortu du BIC biomaGUNE. Hala, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean egoitza nagusia duen zentroak bikaintasun-unitate gisa izan dezakeen bereizgarririk onena jaso du. Nazioartean eragin eta lidergo zientifikoa erakusten duten eta haien gizarte- eta enpresa-inguruan aktiboki diharduten ikerketa-unitateak finantzatzea eta aitortzea da bereizgarriaren helburua.

Hauek dira, besteak beste, María de Maeztu bikaintasun-unitateak dituzten ezaugarriak: ikerketa-programa guztiz lehiakorrak dituzten zentro edo antolamendu-erakundeak dira, eta munduko onenen artean daude dagozkien alor zientifikoetan.

Prestigio handiko ikertzaileez osatutako nazioarteko batzorde zientifiko independente batek gauzatzen du ebaluazio- eta hautaketa prozesua.

Lau urterako balio duen egiaztagiriari esker –berritu daiteke–, bi milioi euroko diru-laguntza jasoko du zentroak epealdi horretan. Ikerketa aplikatua sendotzera bideratuko du biomaGUNE IKZk inbertsio hori, baina baita biomaterialetan oinarritzen den funtsezko ezagutza sortzeko, talentua prestatzeko eta zentroaren ikusgaitasun publikoa eta soziala hobetzeko ere.

Bereizgarri hori jaso ahal izateko, beraz, biomaGUNE IKZk bikaintasun-baldintzak bete dituela frogatu du, bere jarduera-eremuak eragin eta lehiakortasun maila handia baitu nazioarteko agertoki zientifikoan. Era berean, kanpoko batzorde zientifiko independente batek ebaluazio zientifikoko prozesuak gauzatzen ditu zentroaren ikerketa-jarduerei dagokienez; mugako ezagutza sortzera bideratutako programa estrategikoarekin bat etorriz gauzatzen dira zentroaren ikerketa-jarduerak; prestakuntzako ekintzak eta nazioarteko giza baliabideak hautatzeko eta erakartzeko ekintzak egiten dira; lankidetza-hitzarmen aktiboak ez ezik, instituzio mailako hartu-emana ere badu zentroak maila altuko beste ikerketa-zentro batzuekin; eta gizarteari ezagutza eskualdatzeko eta ezagutza hori hedatzeko ekintzak sustatzen ditu.

Estandar zorrotzenen arabera, zientziaren munduan entzute handia eta lidergorako gaitasuna duten zuzendari zientifikoak izateagatik gailentzen dira “María de Maeztu” bikaintasun-unitateak. Kasu honetan, Luis Liz Marzán da biomaGUNE IKZko buru.

biomaGUNE IKZri buruz

biomaGUNE IKZ (Biomaterialen Ikerketarako Zentroa) Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean dago eta abangoardiako ikerketa gauzatzen du, kimikaren, biologiaren eta fisikaren arteko interfazean. Arreta berezia eskaintzen dio eskala molekularreko nanoegitura biologikoen propietateen eta haien aplikazio biomedikoen azterketari.

Partekatu

Beste berri batzuk