Martxan da Yuzz Araba ekitaldiaren aurtengo edizioa 14 ideia berritzailerekin
Hasi da jadanik Yuzz programaren 5. edizioa. Programa horrek prestakuntza eta laguntza ematen du, oinarri teknologikoko ideia berritzaileak dituzten gazteek beren proiektuak garatu ditzaten. Arabako Bic zentroak (CEiA, Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak) koordinatzen du jada abian den Yuzz Araba programa. Datozen 5 hilabeteetan, programan parte hartuko duten 21 ekintzaile gazteek 14 enpresa proiektu garatuko dituzte.
Yuzz 18 eta 31 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa bat da; aholkularitza pertsonalizatua eta prestakuntza-ibilbide bat eskaintzen die parte-hartzaileei, beren negozio-plana garatu dezaten sektore desberdinetan adituak diren 200dik gora profesionalez osatutako sare baten laguntzarekin. Era berean, azpiegitura eta ekipamenduak erabiltzeko aukera ematen die; Yuzz Araba programaren kasuan, UPV/EHUko Campusean.
Amaitutakoan, Yuzz Araba programako hiru proiektu onenen sustatzaileek espazio bat izango dute dohainik Bic Araba zentroan, eta aholkularitza pertsonalizatua 6 hilabetez; irabazleak, bestalde, bidaia bat egingo du Silicon Valleyra. Gainera, aukera izango du Estatuko Yuzz sariketan parte hartzeko, non 30.000, 20.000 eta 10.000 euroko sariak banatuko baitira hiru negozio-ideia onenentzat.
2015ean, Konektik startup-ak irabazi zuen Yuzz Araba ekimena Danok izeneko aplikazio mugikorrarekin. Ikusizko ezgaitasunak dituzten pertsonentzat pentsatutako zerbitzu bat da, inguruari buruzko informazioa ematen duena erabiltzailearen kokalekuaren arabera, eta hala, irisgarri bihurtzen ditu espazio publikoak, saltokiak, garraioak eta eraikinak. 2014an, enpresen kudeaketarako softwarea garatzen duen Jakincode konpainia gaztea izan zen irabazlea, eta 2013ko edizioan Keinoby startup teknologikoak (iaz Comalatech enpresak erosi zuena) irabazi zuen Yuzz Araba saria.
Santanderko Nazioarteko Ekintzailetza Zentroak antolatzen du Yuzz “Jóvenes con Ideas” programa Santander Bankuaren babesletzarekin. Estatu osoko 50 zentrok parte hartzen dute ekimenean, eta Euskadin Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasotzen du SPRIren bitartez.