Mikel Jauregik ZIVen laborategi digital berriak bisitatu ditu. Guztira 36 milioi euroko inbertsio-plana du, eta Euskaditik etorkizuneko sare elektrikoetarako teknologia berria sustatzea du helburu
Mikel Jauregi sailburuak eta Irantzu Allende sailburuordeak ZIVen laborategi digital berriak bisitatu dituzte. ZIV inbertsio-planeko jarduera nagusietako bat da, eta haren bidez, konpainiak bere berrikuntza-gaitasuna indartzen du
Inbertsio-plan honek lotura zuzena du Euskadi 2030 Industria Planeko “Grid 4 Industry” proiektu eraldatzailearekin, industriarako sare elektrikoen belaunaldi digital berria “made in Euskadi” izan dadin.
Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregi eta Trantsizio Energetikoko sailburuorde Irantzu Allende Euskadiko Parke Teknologikoko Zamudio/Derio Campusean dagoen ZIVen egoitzan izan dira. Han ezagutu dute 36 milioi euroko inbertsio-plana, konpainiak I+Gko eta industrializazioko gaitasunak indartzeko erabiltzen duena. Azpiestazioen laborategian, sare elektrikoaren funtzionamenduaren denbora errealeko simulazio bat ikusi dute. Proba hori funtsezkoa da babes-sistemek sarearen egonkortasunean eta hornidura elektrikoaren bermean betetzen duten zeregina ezagutzeko.
ZIVen inbertsio-plan honek lotura zuzena du “Grid4Industry” Proiektu Transformatzailearekin, Euskadi 2030 Industria Planaren barruan, industriarako sare elektrikoen belaunaldi digital berria “made in Euskadi” izan dadin. Proiektu horrek indartu egingo du euskal industriak sare elektrikoen sektorean duen balio-katea. Horren adibide ona da ZIV, zeinak 30.000 milioi euroko fakturazio globala baitu eta zuzeneko 6.000 lanpostu baino gehiago sortzen baititu.
Elektrifikazioa eta araudi berriak sistema elektrikoaren eraldaketa eta gero eta irtenbide digital, automatizatu eta seguruagoen eskaera bultzatzen ari dira. Duela 30 urte baino gehiagotik, ZIVek babes-, automatizazio-, komunikazio- eta neurketa-ekipo eta -sistema digitalak garatzen ditu goi-, erdi- eta behe-tentsioko sare elektrikoetarako. Bere soluzioei esker, konpainia elektrikoek energia berriztagarriak integratu, azpiegiturak modernizatu eta sarearen kudeaketa hobetu dezakete.
“Sistema elektrikoa goitik behera aldatzen ari den une honetan, ZIVek funtsezko zeregina du, sarearen egonkortasuna, segurtasuna eta malgutasuna ziurtatzeko behar diren irtenbideak eta ekipoak diseinatzen eta hornitzen baititu. Inbertsio horri esker, berrikuntza bizkortuko dugu, eta konpainia elektrikoentzat erreferentziazko bazkide teknologiko gisa dugun posizioa indartuko dugu”, esan du Borja Negro ZIVeko zuzendari nagusiak.
Bestalde, Mikel Jauregik nabarmendu duenez, “industria karbonogabetzen ari da elektrifikazioaren bidez, eta horrek garapen teknologiko berriak eskatzen ditu sareetan. Euskadik gaitasun teknologikoak eta industrialak ditu sare elektrikoen belaunaldi digital berriaren buru izateko. ZIV lagin ona da eta inbertsio hau norabide honetan doa: mundu mailan industria elektrifikatzen laguntzea. Industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago konbinatzen jakitea da hori”.
500 profesional baino gehiago ditu —horietatik 110 I+Gn ari dira—, eta ZIVek 80 herrialdetan garatzen ditu proiektuak, Europan, Ekialde Ertainean, Indian eta Latinoamerikan presentzia industriala eta teknologikoa duen nazioarteko sare batetik. ZIVek martxan jarritako inbertsio-plan anbiziotsuak Euskaditik nazioarteko merkatuetan hazten jarraitzeko gaitasuna indartuko du.