Miramongo Matinéeek Europatik Estatu Batuetarako bidaia proposatuko dute larunbat honetan

Gipuzkoa

Hemiola Laukoteak Haydnen eta Dvoraken hari-laukote bana eskainiko digu Hegaldi transatlantikoa izeneko kontzertuan

miramongomatineeak1920_0Miramongo Matinéeak larunbat honetan itzuliko dira, maiatzak 26, 11:00etan, denboraldiko azken-aurreko hitzorduan, Hemiola Laukotearen Hegaldi transatlantikoa izeneko kontzertuarekin. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren honako musikariek osatzen dute laukotea: Larraitz Oiartzabal (biolina), Ricardo Ruiz (biolina), Pawel Krymer (biola) eta Gabriel Mesado (biolontxeloa).

Kontzertua Joseph Haydnek 1790ean Vienan idatzi zuen 5. hari-laukotearekin, “Hegatxabala” izenez ere ezagutzen denarekin, hasiko da. Laukotearen hasieran agertzen den lehen biolinaren sarrerako melodiak ematen dio izena obrari, hegatxabalaren txioa imitatzen baitu. Garai hartako Jean Tost biolinjole hungariarrari eskaini zion obra Haydnek. Laukote biribila da bere mugimendu guztietan eta klasikoa da egiturari dagokionez: sonata-formako lehen mugimendu batekin hasten da, Lied formako bigarren mugimenduarekin jarraitzen du, hirugarren mugimendua Menuettoa da eta laugarren eta azkena mugimendu bizkor iraunkorra da.

Kontzertuko bigarren eta azken obra Antonin Dvoraken 12. hari-laukotea izango da. Txekiar jatorriko musikagilea Europan bizi izan zen harik eta 1892an Estatu Batuetara joan zen arte New Yorkeko Musika Kontserbatorioaren zuzendari izateko. Hari-laukote hau 1893an konposatu zuen Dvorakek Spillvillen (Iowa, Estatu Batuak), eta denbora errekorrean egin zuen gainera: hamasei egunetan baino ez. “Amerikarra” izena ere jaso izan du obrak, herrialde iparramerikarrean egindako egonaldian Dvorakek ezagutu zuen musikari egindako hainbat keinu jasotzen baitira bertan. Haydnen laukoteak bezala, Dvoraken laukote melodiko honek lau mugimendu ditu eta egitura tradizional klasikoa du.

Sarrera solteak (7€) salgai daude euskadikoorkestra.eus webgunean eta Kursaal Auditoriumeko leihatilan. Gainera, leku librerik geratuko balitz, Orkestraren egoitzako leihatilan bertan eros ahal izango lirateke kontzertuaren egunean.

Miramongo Matinéetara eroso joateko, Euskadiko Orkestrak doako autobus-zerbitzua eskainiko dio bertaratu nahi duen orori. 10:25ean abiatzen da autobusa Gipuzkoa Plaza 4tik eta geldialdiak egiten ditu Antso Jakituna 18an eta Madril Hiribidea 34an.

EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOKO GANBERA-ORKESTRAK ITXIKO DU MATINÉEEN ZIKLOA

Astebete geroago, ekainaren 2an, larunbata, 2017/18 Denboraldiko Matinéeak amaierara iritsiko dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Ganbera-Orkestrak eskainiko duen kontzertu batekin. Hemezortzi musikari igoko dira eszenatokira Mozarten hainbat pieza eskaintzera Estilo galantetik klasizismora izeneko kontzertu honetan.

Partekatu

Beste berri batzuk