Mondragon Unibertsitateak eta Innobasquek Estatuan bakarra den Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritzan Masterra martxan jarriko dute
Masterraren helburua da antolakunde eta enpresetako etorkizuneko zuzendariei prestakuntza eskaintzea berrikuntzan eta proiektuen kudeaketan, hau da, etorkizuna eta lan-merkatu zabala duen esparruan.
Masterrari esker, bukatu egingo da kudeaketa behar bezala egiten duten profesionalen gabezia. Izan ere, azterlanek diotenez hori da bost proiektuetatik batek soilik aurreikusitako helburua betetzearen arrazoi nagusia.
Prestakuntza honen bidez, Euskadi Europako erreferente bilakatuko da proiektu zuzendaritzarako goi mailako hezkuntzan, hau da, berrikuntzarako funtsezkoa den eremuan. Gogoan izan behar dugu berrikuntza antolakunde eta enpresetan gero eta garrantzitsuagoa dela.
Masterra Zamudioko Parke Teknologikoan emango da, Innobasqueren instalazioetan hain zuzen ere.
Irailaren bukaeran hasiko da, urtebete iraungo du eta bi modalitate izango ditu: Bat titulazioa lortu berri dutenei zuzendua eta bestea, lanean dauden profesionalei zuzendua.
Bost proiektutatik batek soilik lortzen du aurreikusitako helburua. Azterlanek diotenez, portzentaje baxu horren arrazoi nagusia hau da: proiektuak zuzentzen dituzten profesionalek eskarmentu tekniko handia izan ohi dute baina ez dira oso trebeak kudeaketako zereginetan (adibidez, helburuak adostu, langileak motibatu, aukera berriak antzeman, antolatu, planifikatu, erabaki, kontrolatu eta informatu, etab.).
Bestetik, azterlan berberek diotenez proiektu zuzendaritza arrakastatsua lortzeko ezinbestekoa da denboraren % 80 kudeaketako zereginetan ematea. Hain zuzen ere, horrelako profesionalen gabezia izan da Mondragon Unibertsitateak eta Innobasquek- Berrikuntzaren Euskal Agentzia- Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritzan Masterra martxan jartzeko arrazoietako bat. Estatuan bakarra izango den master hau irailean hasiko da Innobasquek Zamudioko Parke Teknologikoan dituen instalazioetan. Masterrean 20 ikaslek izena eman ahal izango dute.
Prestakuntza honen bidez, Euskadi Europako erreferente bilakatu nahi da proiektu zuzendaritzarako goi mailako hezkuntzan, hau da, enpresa eta antolakundeetan gero eta garrantzitsuagoa den berrikuntzarako gako den kudeaketaren esparruan. Izan ere, gaur egun inoiz baino proiektu gehiago egiten dira eta horietako askok aurretik eginda dagoenari aurre egiten diete, konplexuagoak direlako eta arrisku eta zalantza handiagoak eragiten dituztelako.
Horrela, Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritzan Masterraren helburua hau da: ikasleei (batez ere Zientzia eta Ingeniaritzako unibertsitateko ikasleei) aurkezten zaizkien negozio-aukerak identifikatzeko eta lehenesteko eta enpresetan balio erantsia sortzera bideratuta dauden proiektu estrategikoak zuzentzeko beharrezkoak diren gaitasunak eskaintzea. Puntako, etorkizun handiko eta lan-merkatu zabaleko esparru batean espezializatzeko aukera paregabea da.
Horrela, Master honetan landuko diren gaitasunen artean honako hauek azpimarra daitezke: taldeak eta pertsonak gidatu, ideia eta irtenbide berriak sortzeko teknikak aplikatu eta susatu, antolaketarako egokiena den estrategia aplikatu garatu behar diren proiektuak hautatuz, elkar lotuta dauden proiektuak elkarrekin kudeatu edo negozio-aukera berriak hautatu eta balioetsi.
Masterrak askotariko irtenbide profesionalak ditu. Titulazioa berriki lortu dutenek I+G+b-ko, ekoizpeneko, marketineko eta horrelako departamentuetan lan egiteko aukera izango dute eta epe ertainean eta luzean, proiektu-buru bilakatu, edota enpresaren diseinuaren arduradun, berrikuntzako, marketineko edo ekoizpeneko zuzendari, etab.
Masterra bi zatitan banatuko da. Lehen zatia irailetik apirilera izango da, 8:00tatik 13:00etara, astelehenetik ostegunera. Apiriletik urrira, ikasleek Master bukaerako proiektua prestatuko dute enpresa batean. Bestetik, lanean ari diren profesionalek haiei egokitutako modalitate bat aurkituko dute. Bigarren kasu horretan, masterra ostiral eta larunbatetan eskainiko da, otsailetik aurrera.
Ziurtatutako proiektuak
Master hau aurrerapauso handia da aipatutako bi erakundeek berrikuntza eta proiektuen kudeaketa sustatzeko egiten dituzten ahaleginetan eta duela bi urte sinatu zuten lankidetza hitzarmen baten ondorio da. Izan ere, Mondragon Unibertsitatea eta Innobasque orain dela bi urte hasi ziren proiektu zuzendaritzan prestatzeko PMP® programa garatzen. Programa proiektuen kudeaketan eskarmentua duten eta goi edo erdi mailako unibertsitateko titulazioa duten profesionalei zuzenduta dago.
Master berri honekin osatuko den eta Euskadin bakarra den programa honek PMP® ziurtagiria lortzeko azterketa gainditzeko beharrezkoa den prestakuntza eskaintzen du. Munduko antolakunde nagusienak ziurtagiri hori eskatzen diete haientzako proiektuak zuzentzen dituztenei. PMP® programa honen bitartez, Innobasquek eta Mondragon Unibertsitateak gaur egun Euskadin ziurtagiri hori duten proiektu zuzendarien gabezia murrizten lagunduko dute. Izan ere, aipatutako gabezia arazo larri bilakatzen ari da euskal enpresentzat zeintzuen nazioarteko proiektuetan edota erakundeen, antolakundeen edota lider diren enpresen proiektuetan duten parte-hartzea mugatua den.